Teknologia albisteak
2

Stallman eta Lessig: ideia libertario labainkorrak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-17 : 10:15

Richard Stallmanek utzi egin ditu bart FSF-en zuen lehendakaritza, eta MIT-en zeukan lanpostua. Software librearen asmatzaile intelektuala da Stallman, eta Jeffrey Epsteinen eskandaluaren harira esandakoengatik posizio zail batean jarri du bere burua. Berdintsu dabil, koloka intelektualean, Lawrence Lessig Creative Commons lizentzien sortzailea. Ideia libertarioak dituzten pertsonak dira, eta IKT alorrean sormena sustatzeko balioa izan digute askori, baina Epstein kasuan labainkorregiak diren posizioetara ere iritsi dira.

Azken asteetan (eta bart gauean) gertatutakoa eskematikoki azaltzen saiatuko gara.

Nor da nor

Richard Stallman software librearen kontzeptuaren sortzaile intelektuala da. Linux sistema librearen oinarrian dagoen GNU sistema kodetu zuen, eta gainera software librearen zabalkundea, askatasuna eta irekitasuna ziurtatzen duen GPL lizentzia sortu zuen. Atzo arte, FSF edo Free Software Foundation erakundeko presidentea zen, eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) delakoan lan egiten zuen, Informatika eta Adimen Artifizaleko laborategian (CSAIL). Zenbait aldiz egon da Euskal Herrian bisitan, hona kronika bat 2004koa Sustatun argitaratu genuena.

Lawrence Lessig abokatua da eta GPL lizentzia librearen kontzeptua jabego intelektualaren mailara eramateagatik da ezaguna: Creative Commons lizentzien sortzailea da. Horien artean ez dira denak libreak, baina bai Sustatuk darabilena, edo Wikipediarena berarena. 2008an Euskal Herrian izan zen hitzaldi bat ematen, eta hantxe izan zen Sustatu.

Jeffrey Epstein AEBetako finantzari aberats bat izan da, sexu-delitu inplikatuagatik ezaguna: abuztuan suizidatu egin zen espetxean. Emakume gazteen "gorte" batekin inguratuta bizi zen, non sexu zerbitzuak, behartuak edo/eta ordainduak, ohikoak ziren. Abusatuen artean adin txikiko neskak zeudela konprobatu da, eta abusatzaileen artean Epsteinen presentzia argi dago, baina beste pertsona boteretsu asko ere tartean egon daitezkeela susmatzen da. Epstein kasua jarraitzen ari diren hedabideen artean, Miami Herald-ekoa da azpimarratzekoa.

Zein konexio dago batzuen eta bestearen artean

Epsteinek beti botere eta diru konexioak erabili ditu, bere irudia garbitzen saiatzeko. 2005etik 2008ra salaketa ofizialen pean egon zen, baina oso kondena arinarekin irten zen, konexio horiei esker akaso. 2009tik aurrera, jada sexu abusatzaile gisa ofizialki sailkatua zegoela, jarraitu zuen konexioak egiten, batez ere mundu akademikoarekin: MIT-en, Harvard-eko unibertsitatean eta beste erakunde batzuetan milioika dolar inbertituz, zientzia, enpresa-gizon eta IKT alorreko guruen babesa lortu zuen (babes maskulinoa, jakina). 2019an, eskandalua berpiztu denean, eta Epstein uztailean atxilotu zutenean, lotura horiek agerira etorri dira, eta dimisio eta estuasun andanak ari dira gertatzen MIT eta beste erakunde batzuetan.

Epsteinen eraginaren irismena era askotakoa izan da inguru tekno-akademiko horietan:

  • Pertsona batzuek zuzenean Epsteinen abusuen partaide izan zirela dirudi, hala nola Marvin Minsky informatikaren pioneroa (MIT-ekoa, 2012an hila).
  • Epsteinen jaietan eta etxe pribatuetan egon izan dira hainbat guru: Joi Ito, Steven Pinker, John Brockman (honi buruzko Evgeni Morozoven kontakizun hau da kasuari buruzko laburpen bikain bat), Bill Clinton, Bill Richardson euskal jatorriko politikaria...
  • Epsteinen diruak konferentzia eta ekimen zehatzak babestu ditu MIT eta halakoetan, askotan Epstein presente zela, baina ohikoan emakumezkoak baztertuak ziren inguruneetan. Teknokultura maskulino matxista bat sustatu da praktikan, tartean zen ardi beltzaren (Epstein) jardunaren gaineko isiltasun taktiko jakitun batekin.
  • Epsteinen diruaren trazak ezkutatzeko ahalegin kontzienteak egin izan dira.

Kontestu horretan, Richard Stallmanek egin duena zera da: MIT-eko foro elektroniko batean Minskyren posizioa defenditu zuen. Egia balitz ere adin txikiko batekin sexua izan zuela, neskak nahi izan zuelako izango zela. Inoiz haurren pornografia baimendu beharko zela ere esan omen du Stallmanek, eta bata lotu bestearekin eta... Presioak dimisioetara eraman dute.

Lawrence Lessig ez da sexu kontuetan nahastu, baina defenditu du publikoki Epsteinen dirua hartu beharra zegoela, zientziarako ekarpenak oso urriak direlako eta ezin delako beti diruaren jatorri garbia ziurtatu. Era berean, uste du Lessigek Epsteinen diruaren sekretua gordetzea ondo zegoela, ze bestela aurpegia zuritzeko balioko zion.

Ez dirudi oraingoz Lessigek inongo posturik utzi duenik, baina bereak suizidio intelektualaren traza du.

Adi, Epstein kasuak askoz jende gehiago zipriztintzen jarraituko du.

Erantzunak

2019-09-17 : 13:15

Honekin lotuta, aurreko egunetan aspalditik Stallman eta FSF-eko zuzendaritza taldeko hainbat kideen pedofilia, diskriminazioa eta misoginia salatzen zituen Sarah Mei-ren hari osagarri hau jarraitu dut, wow! https://twitter.com/sarahmei/status/1172283772428906496

2019-09-17 : 16:19

Ni beste hari batzuk jarraitzen iritsi naiz kontu honen sakontasunarekin flipatzera. Xeni Jardin BoingBoing-eko ko-editorea ari da matraka ematen, eta nola ematen gainera. Hemen adibide bat: https://twitter.com/xeni/status/1165266579560521728

Erantzun

Sartu