Teknologia albisteak
5

Googleren mapa berriak eta toponimo ofizialak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-11-03 : 08:38

Azken hilabeteotan euskaldunoi arrotzak egiten zaizkigun toponimoak hasi dira azaltzen Google Maps aplikazioan. Horrela, Lequeitio, Zumaya, Echalar edo Cizúrquil irakurriko ditugu Googleren erreminta hori erdaraz erabiltzen badugu (orain arte euskarazko ofizialak azaltzen ziren). Aldaketa horren atzean, Googlek hartutako erabaki batzuk eta egindako moldaketa tekniko batzuk daude. Onerako ala txarrerako? Bietatik dauka gaiak, eta eztabaida sortu da erabiltzaileen artean. 

Jakina da goian aipatutako herri guzti horien izen ofizialak euskarazko grafiaz idazten direla, hots, Lekeitio, Zumaia, Etxalar edo Zizurkil. Euskarazko izenetara ohituta geundenok gaztelerazko bertsio horiek asaldatzen gaituzte, mingarri egiten zaizkigu sarritan. Baina esan dugun horretan badago tranpa txiki bat: toponimoak grafia espainolez ikusiko ditugu, baldin eta Google Maps gaztelaniaz erabiltzen badugu. Hau da, Google Maps-en gaztelaniazko bertsioan toki izenak gaztelaniazko grafiaz azalduko dira, BAINA euskaraz erabiltzen badugu, euskaraz. Kontua da, erabiltzaile askok gaztelaniaz konfiguratuta darabiltela Google Maps (eta Googleren edozein zerbitzu), eta mugikorretan hori konfiguratzeko aukerarik ere ez dagoela sarri askotan.

Zer eta nola gertatu da aldaketa? Zer ondorio ditu? Zer alde on eta txar ditu aldaketak? Laburbiltzen saiatuko gara.

Google Maps: hizkuntza bakarretik, eredu eleanitzera

Azkenaldian Google Maps-en hizkuntza kopurua asko handitu da, horixe izan da aldaketa nabariena. Hasiera batean Googleren mapak hizkuntza bakarrean zeuden, normalean izen ofizialekin; mundu osoko erabiltzaile guzti-guztiok toponimo berberak ikusten genituen. Aldiz, orain mapak hainbat hizkuntzatan ikus daitezke (tartean euskaraz). Erabiltzaileak aukeratu dezake zein hizkuntzatan kontsultatu nahi dituen mapak eta mapetako toponimoak. Horren ondorioz, mapak gaztelaniaz konfiguratuta dituzten erabiltzaileek, euskal toponimoak gaztelaniazko grafiarekin ikusiko dituzte (goian aipatutako Cizúrquil eta abar).

Baina, aldi berean, aldaketa horri esker, lehen erdaraz zeuden munduko beste toki-izen batzuk euskaraz hasi dira agertzen Google Maps euskaraz badarabilgu. Batetik, exonimo edo kanpoko tokien kasuan euskarazko izenak ikusten dira mapetan (Herbehereak, Txekiar Errepublika edo Txad bezalako herrialde izenak, zein Palentzia, Bordele, Tolosa (Frantziako Toulouse), Kordoba eta Bartzelona. Bestetik, Ipar Euskal Herriko herrien izenak ere euskaratzeko aukera izango da aurrerantzean (dagoeneko hiri nagusien izenak euskaraz agertzen dira). Orain arte frantsesezko izendegi ofiziala erabiltzen zen.

...eta Euskal Herria korearrez ere bai

Aldaketa horren ondorioz, kanpotarrek ere Euskal Herriko izenak beraien hizkuntzan ikusteko aukera dute, norbere hizkuntzan. Hauxe da adibidez Arrasateko enpresa batera datozen korearrek Google Maps-en ikusiko dutena:

Hizkuntza horietan Googlek ez badu gure toponimo bat adierazteko izenik, izen lokala edo agian ofiziala erabiliko du. Korearra badago, biak erakusten ditu (korearra eta ofiziala). Hor ikusten duzuenez Korearrek Arrasate ikusten dute mapan, beraien karaktereen ondoren.

Google Map Maker tresnari esker (Espainiako mapetarako ez)

Munduko hainbat herrialdetan, Googlek erabiltzaileen esku jartzen du maparen edizioa. Google Map Maker tresnari esker edozein erabiltzaile sisteman sartu daiteke eta Googlerekin kolaboratu dezake, izenak zuzenduz edo aberastuz, tokiak zehatzago kokatuz eta ia edozein lan eginez. Beti ere gainbegiraketa egoten da ondoren Googleren aldetik. Aukera hau ez dago eskuragarri Espainiako mapetan, baina bai Frantziakoetan, adibidez. Horri esker ikusten ditugu euskarazko toponimoak Frantziako mapetan, GMaps euskaraz erabiltzen dugunean, hala nola, Paue, Bordele edo Tolosa. Mapa eleanitzak aktibatu direnetik lortu da hori; lehen ez genuen aukera hori. Ondorioz, Donibane Garazi, Baiona, Hendaia, eta abar ere hasi dira azaltzen euskarazko mapetan, orain arte ezinezko zena.

Hemen ikusten da adibidez, nola kudeatzen diren kanpoko izenak MapMaker tresnan:


Paue hiriaren hizkuntza bertsio desberdinak MapMakerren kudeatzeko tresna.

Gaztelaniarekin datoz arazoak

Orain arte aipatu ditugun konturik gehienak positiboak dira, beraz. Arazoa da Google gaztelaniaz erabiltzean ez dela euskarazko izenik azaltzen, baizik eta gaztelaniazko grafia duena. Eta Hegoaldeko euskal erabiltzaile gehienok, gaztelaniazko konfigurazioarekin nabigatzen dugunez,... hortxe piztu da erabiltzaile askoren haserrea edo kexa. Lehen Lekeitio ikusten zen tokian, nolatan orain Lequeitio? Ez da al da atzerapausua?

Eztabaida hau betidanik egon da Wikipedian eta aspaldi erabaki zen gaztelaniazko Wikipedian gaztelaniazko izenak jartzea, ofizialen (gure kasuan euskarazkoen) ordez. Googlek berdina egitea erabaki du orain. Hizkuntza bakoitzean hizkuntza horretakoa lehenetsi eta, ez badago, orduan ofiziala erabili.

Guzti honen ondorioz, Google Maps euskaraz badarabilzu, euskarazko izendegia ikusten jarraituko duzu, baina gaztelaniaz badaukazu, izenak gaztelaniaz ikusiko dituzu, Fuenterrabiatik Salinas de Añanaraino, eta Guechotik Urzainquiraino.

Euskal erabiltzaileontzat konponbidea erraza da: Google Maps-en konfigurazioa aldatu eta euskara lehenetsi lehenengo hizkuntza moduan. Euskal Herriko izenak ez ezik, munduko beste hainbat herrialdetako toponimoak ere euskaraz ikusiko ditugu.

Arazo handiena, baina, mugikorretan izango dugu. Sareko kontsumoa gero eta gehiago egiten dugu mugikorretik, eta mugikorrik gehienetan, zoritxarrez, ez dago aukerarik aplikazioak euskaraz erabiltzeko. Hortaz? Bai, arazo txiki bat daukagu: euskal erabiltzaile gehienok, gaztelaniazko izendegia ikusiko dugu mugikorrean Google Maps erabiltzen dugun bakoitzean.

Erabiltzaile batzuk izen ofizialen eske

Ahots batzuk altxatu dira (Gananzian atera da gaia), esanez hau eskandalu bat dela eta izen ofizialak jartzera behartu beharko genukeela Google, horretarako gure erakundeen indarra erabiliz. Hau da, gaztelaniazko erabiltzaileek ere (izan donostiarrak, murtziarrak edo argentinarrak) Euskal Herriko izen ofizialak ikusi beharko lituztekela beraien mapetan; hots, euskarazko izendegia. Azken batean Lequeitio moduko formak ez ditugula ikusi nahi, ez inoiz eta ez inon.

Kontrako arrazoiak? Gutxienez 4 hauek:

  1. Ofizialtasunaren aldeko irizpide hori, argi dago, EAEko ikuspegitik eginda dago, Iparraldeko (eta Nafarroako eremu batzuetako) herrien izen ofizialak ez baitira euskaraz.
  2. Estaturik eta ofizialtasunik gabeko beste hizkuntza batzuk ere galtzen irtengo lirateke. Sekula mapetan azaltzeko aukerarik gabe.
  3. Ofizialtasunaren alde egiten badugu Euskal Herrian, berdina aplikatu beharko litzateke munduko leku guztietan. Alegia, orain euskarazko mapetan Paue, Bordele, Murtzia eta Txile ikusten ditugun tokietan, berriro ere ofizialak (frantsesez eta gaztelaniaz) nagusituko lirateke: Pau, Bordeaux, Murcia eta Chile.
  4. Ofizialtasunaren irizpidea ere ez da beti irtenbiderik egokiena munduko zenbait herrialdetako mapetan. Zer gertatzen da, adibidez Saharako edo Palestinako mapetan? 

Ikusten denez, gai zaila da, hari eta ertz asko dituena, eta nekeza izango da guztiok gustura uzteko moduko konponbiderik aurkitzea. Zer iruditzen zaizue zuei auzia? Izen ofizialen eske borrokatu beharko lukete gure erakundeek? 

Beharbada, indarra ez genuke hainbeste bideratu beharko Googleren mapa guztietan Euskal Herriko izenak euskaraz ager daitezen. Horren ordez, euskaldunok aldarrikatu beharko genuke, tresnak euskaraz erabiltzeko eskubidea dugula, horretarako bi lerrotan lan eginez: 

  1. erabiltzaileei jakinarazi zein garrantzitsua den euskaraz nabigatzea, eta erremintak euskaraz konfiguratuta izatea.
  2. eta administrazioari eskatu, benetan lan egin behar duela enpresa handiekin mugikorrak euskaraz izateko eskubidea izan dezagun.

Agian, euskaldunon begien aurrean Cizúrquil eta Lequeitio azaltzeak, benetako arazoa bistaratzen lagunduko digu, eta hurrago egon gaitezke goiko 2 arazo horiei aurre egitetik: erabiltzaileak kontzientziatu erremintak euskaraz konfiguratu ditzaten, eta erakundeei inplikazioa eskatu mugikorrak euskaraz izateko gure eskubidea gauzatu dadin.

Aukera librea: OpenStreetMap

Bestalde, ezin dugu ahaztu, mapa libreen aukera ere badugula, OpenStreetMap. Mapen Wikipedia deitzen zaion honetan mapa bakarra dago, eta izen ofizialak erabiltzen dira, hemen eta Andaluzian, nahiz eta barneko datubasean nahi beste hizkuntzatako bertsio onartzen dituen. Hain zuzen aukera hau erabiliz eraiki zen duela urte batzuk Euskalmapa izeneko zerbitzua.

Proiektu kolaboratiboa da eta edozein herritarrek lagundu dezake mapak osatzen eta editatzen. 

Erantzunak

2016-11-03 : 08:48

Ingelesez edo magiarrrez edukiz gero, nola agertzen dira idatzita Zizurkil, Lekeitiko eta gainerakoak?

2016-11-03 : 09:11

Ba, emaitza ez da oso konsistentea, Bilbao eta San Sebastian irakurtzen bait da, baina Zizurkil eta Lekeitio ere bai. Ziurrenez datuak falta direlako izango da. Hau da, izen ofizialak, lokalak eta denetakoak egotea zaila da. Zuk zeuk frogatu dezakezu nabigazio hizkuntza aldatuta. Adibidez, magiarrez https://www.google.es/maps/@43.2635194,-2.3474575,10.5z?hl=hu

2016-11-07 : 11:55

Asteburuan albiste izan da Azkainen ETAren kontrako operazioa izan dela, Lapurdin. Albistegi espainiar batzuk ikusita, konturatu nintzen denek 'Ascain' esaten ziotela herriari, nahiz eta gero, ustez espainolentzat, euskara "hizkuntza espainola" den. Gero gauza okerragoa jakin nuen Fermin Etxegoienek kontatuta: ETB2ren Teleberri albistegian ere, "operación en Ascain, Francia" esan zutela. Enfin, bide batez ikusi nahi izan nuen nola agertzen zen herri hau Google Maps-en eta, hara: Katalanez Azkaine, baina gainerako hizkuntzetan, Ascain.

Beraz, goiko aholkuari jarraituz, Mapmaker erabili nuen, eta gehitu nuen aukera berria Azkaine. euskaraz. Topnimoari etiketak jartzean, Local eta Primary aukeratu nituen. Local, bertako hizkuntza ere badelako, eta Primary, esan nahi baita hizkuntza honetan (kasu honetan euskaraz) toponimoak duen forma nagusia hau dela (alegia, hizkuntza batean izen bat baino gehiago badago toki batentzat, bat Primary markatzea komeni). Aldiz, markatuko banu Korsika Mapmaker erabiliz, ez nuke Local markatu behar. Espero dut ulertuko dela.

Oraingoz, gaur, Ascain jarraitzen du agertzen euskaraz herriak. Lagun batek beste elementu batzuk ere euskaratu ditu, baina horiek ere ez dira euskaratua agertzen oraindik. Ez dakit prozesuak nola egingo duen aurrera...

2016-11-17 : 09:33

Sustatun argitaratu genuen albiste honen harira, beste 2 albiste edo iritzi argitaratu dira azken egunetan. Xabier Azkuek Googleren irizpidearen aurka egin du Baleiken: http://baleike.eus/komunitatea/xabierazkue/1479366978334. Iparraldean, ostera, aukera ederra ikusi dute euren toponimia behingoz euskaratzeko (orain arte frantsesez bakarrik baitzegoen): http://euskalirratiak.eus/gure-herriak-euskaraz-googlemapen-gure-esku.html.

2016-11-19 : 09:35

Ez dut, zehazki, Googleren irizpidearen aurka egin artikulu horretan. Irizpidea aldatzeak paisaia linguistikoan izan duen eragina azpimarratzen saiatu naiz. Hori bai, gaztelaniaz erabiltzeko ZUMAYA bezalakoak aukeratu izanaren aurka nago. Azalpenak eta arrazoiak bigarren artikulu honetan: http://baleike.eus/komunitatea/xabierazkue/1479471090158

Erantzun

Sartu