Gutako askoren eguneroko jokaera izaten da: egun guztian zehar mugikorra erabat xurgatu, ia-ia bateriarik gabe laga arte, eta, ondoren, gau osoan entxufatuta kargatzen utzi. Bada, horixe omen da gure gailuen bateriak kaltetzeko modurik onena. Izan ere, nahiz eta ezinezkoa den gailu eta bateria guztientzat errezeta bakarra ematea, oro har, onena da bateriak sarri kargatzea eta denbora laburrez. Horrela eginez gero, askoz hobeto funtzionatuko dute eta gehiago iraungo dizuete.
Bateriak eta gailu elektronikoak kargatzearen inguruan hainbat adierazpen (eta kondaira) entzuten da sarri. Zelan kargatu behar diren, zelan ez, zenbat denboraz,... Hala ere, orain dela 15 urte balio zuenak, beharbada gaur egun ez du balio, eta ziurrenik gutako gehienok ez ditugu bateriak behar bezala zaintzen. Eta, ondoren, hor ibiltzen gara kexuka, zein gutxi irauntzen diguten eta iluntzerako deskargatuta ditugula.
Azken batean, beste edozein konturekin bezala bateriekin ere, zenbat eta gehiago zaindu, hobeto funtzionatuko dute. Esan bezala, ezin da eman errezeta bakarra gailu guztientzat; are gutxiago bateria guztientzat (hainbat motatakoak baitaude). Baina, oro har, esan daiteke, gaur egun merkatuan dauden bateriarik gehienak euren kargaren %30-%80 inguruan daudela "erosoen". Hortxe sufritzen dutela gutxien. Aldiz, karga oso baxua dutenean sufritzen hasten dira; eta topera kargatzea ere ez da onegia baterien bizi-iraupenerako. "Estresatu" egiten direla esan ohi da.
Hortaz, gailu eta bateria fabrikatzaileek gomendatzen dute, bateriak sarri kargatzeko, baina denbora laburrez. Ahal bada, egunean bizpahiru aldiz. Hau da, kargaren %80 ingururaino kargatu, eta ez utzi kargaren %15-20tik behera jaisten. Horrela, bateriaren funtzionamendua hobea izango da (astiroago deskargatuko zaizu) eta luzeago iraungo dizu hondatu gabe.
Egunen batean erabat deskargatzen bada ere ez zaio ezer berezirik gertatuko, baina ez da komeni egunero muga-mugan ibiltzea. Topera kargatzea ere, ez da berez kaltegarria, baina luzera eragina izango du. Gauza bera gertatuko zaizu bateria gau guztian kargatzen uzten baduzu. Gaur egungo gailu askok konexioa eteten duten behin bateria %100era iritsita, baina hala ere, epe luzera ez dio onik egingo zure bateriari denbora luzez entxufatuta egoteak. Azken batean, karga ia erabatekoa denean (%90-100 inguru), bateriak estresatu egiten dira eta sufritzen hasten dira.
Karga-abiadura ere jaitsi egiten da bateria %80-90 ingurura iristean, horrela bateriaren bizi-iraupena luzatzeko.
Laburbilduz, komenigarriena da gure gailuak sarri kargatzea eta baterien karga %40-80 inguruan mantentzea. Izan ere, konturatuko zineten gaur egun gailu berri bat erosten dugunean, kargaren %40-50 ingururekin jasoko dugula, horixe delako bateriaren karga optimoa eta luzeen irauten duena.
Argazkia: Wikipedia.
Gailuak kargatzeko nire truko praktikoena da honako hau: Mini-USB sarreran tipex zuriarekin marrazten dut marka bat jakiteko ze posiziotan lotu behar dudan kargagailua telefonora. Bizitza errazten dit, benetan.
Sustatu.eus | Telefonoa behar bezala kargatzen © cc-by-sa: luistxo
Mini-USB haria zuria bada, azazkaletarako esmalte koloretsu batek balioko dizu :-)
Kaixo pat_garrett, bada, beharbada bai. Egia da hitz arrunta dela zenbait eskualdetan, ez bereziki markatua, baina hiztegietan "arrunkeria" edo "behe mailakoa" dela aipatzen denez, artikuluan ere kendu egin dugu, zuk iradoki bezala. Bere ordez "hondatu" eta "kaltetu" neutroagoak erabili ditugu. Eskerrik asko zure iritzia ematearren.
Ez al da latxo "izorratu" erabiltzea honelako artikulu batean?