Teknologia albisteak
1

Besorik gabeko haize-errotak. Etorkizuna?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-04-25 : 08:47

Energia-iturri berdeetan emango den hurrengo urratsa izan daiteke: besorik gabeko haize-errotak ('errota' deitu ahal izango diegu?). Espainiako enpresa batek patentatu ditu besorik gabeko gailu horiek. Gaur egun ezagutzen ditugunak baino merkeagoak dira, eta naturan eragin txikiagoa daukate. Eraginkorragoak ere izango omen dira. Espainiako enpresa batek patentatu ditu eta oraindik prototipoa besterik ez da, baina hauxe izango ote etorkizun hurbila?

Erregai fosilen aurrean, azken 20-30 urteotan gero eta arruntagoak ari dira bihurtzen energia-iturri "berde" deitzen ditugun horiek, besteak beste, haize-errotak edo eguzki-energia biltzen duten plakak. Garbiagoak, merkeagoak, iraunkorragoak. Hala ere, gero eta ohikoago bihurtu arren, esan daiteke arlo honetan oraindik ere lehenengo urratsak ematen ari garela, eta datozen belaunaldietan sekulako jauziak emango direla sistema berriak lortzeko, gero eta garbiagoak, gero eta merkeagoak, gero eta errentagarriagoak. 

Espainiako enpresa batek ideia berritzailea garatu eta aurkeztu du: besorik ez duten haize-errotak, Vortex Bladeless Wind Generator. Dena abantaila izan daiteke: ekoizten merkeagoak dira, ez dute mantentze-gasturik izango, askoz toki gutxiago behar dute instalatzeko, ez dute zaratarik ateratzen, eta ez dute hegaztirik hiltzen. Sekulako iraultza izan daiteke. Etxean bertan instalatzeko moduko gailuak ere aurreikusten dituzte, oso erraz eta merke instalatzeko modukoak. Itsasoan jartzeko, edo garatu gabeko herrialdeetarako ere, primerako alternatiba izan daitezke. Irratiko elkarrizketa honetan azaltzen du proiektua arduradunetako batek (gaztelaniaz).

Oraindik ere lehenengo urratsak besterik ez dituzte eman. Gainera, komunitate zientifikoaren erantzuna eszeptiko samarra izan da kasu batzuetan. Ezinezkoa omen da horrelako gailu batek gaur egungo haize-erroten ekoizpena izatea. Vortex enpresakoen erantzuna izan da, generadore berriak askoz merkeagoak izango direla. Bai fabrikatzeko orduan zein mantentzeko orduan %50 aurreztuko omen da. Ondorioz, energia-ekoizpena merkeagoa izango da; energia gutxiago sortu arren, etekin netoa askoz handiagoa izango da (garbiagoa izateaz gain). Eta txikiagoak izanik, askoz errazago eta leku gehiagotan erabili ahal izango dira (etxean bertan, adibidez).

Momentuz, Vortex enpresakoek urratsak ematen jarraitzen dute. Proiektua abiarazteko dirua lortu dute, eta dagoeneko lehenengo prototipoak sortzen dabiltza. Bideo honetan azaltzen dute nola sortu zitzaien ideia, eta nola funtzionatzen duten besorik gabeko "errota" hauek.

Erantzunak

2016-04-25 : 12:44

Ea egia den! Ikaragarria izango litzateke.

Erantzun

Sartu