Gero eta kontu gehiagotarako darabiltzagu telefonoak eta aplikazioak. Azkenaldian, adibidez, gero eta ugari eta ezagunagoak dira hizkuntzak ikasteko sortutakoak: Rosetta, Busuu, Babbel, Voxy... eta guztien artean ezagunena, ziurrenik, Duolingo. Azken horrek ia 20 hizkuntza ikasteko aukera emango dizu, modu errazean; eta duela egun batzuetatik, katalana ikasteko aukera ere ematen du.
Teknologiaren eta aplikazioaren itsaso zabal horretan, bada azkenaldian indarra hartzen ari den alor bat: hizkuntza ikasketarena. Duela urte batzuk agertu ziren lehenengoak, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Teknologiak aurrera egin ahala, gero eta hobeak eta eraginkorragoak dira.
Erabiltzaileak makina bat aukera ditu aplikazioen "merkatuan". Bussu, Babbel, Rosetta, Voxy, Wibbu, Memrise,... sekulako eskaintza dago aplikazioen artean. Batzuk nagusientzat pentsatutakoak; beste batzuk haur eta gazteentzat. Batzuetan gramatika nagusi; beste batzuentzat ahozko erabilera. Hizkuntzei dagokienez, badira ingelesa bakarrik ikastekoak; edo ingelesetik abiatuta. Baina badira, era berean, hainbat hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen dizutenak, jatorrizko hizkuntza ere ezberdina izan daitekeelarik.
Guztien artean ezagun eta hedatuena, ziurrenik, Duolingo da. Duolingorekin ia 20 hizkuntza ikasteko aukera izango duzu, gaztelaniatik, frantsesetik edo ingelesetik abiatuta, besteak beste. Dena oso modu errazean eta doan.
Ingelesa, frantsesa, gaztelania edo aleman bezalako hizkuntza hedatuenak ikasteko aukera eskaintzen du Duolingok, baina baita gure artean hain arruntak ez diren ukrainiera, turkiera, nederlandera, esperantoa edo daniera, adibidez.
Duolingoren enfokea garbia da: hizkuntzak ikasteko modu ludikoa garatu nahi izan dute. Aplikazioak joko itxura dauka, erronkak eta mailak gainditu behar dituzu, lagunekin lehia zaitezke,... Azken batean, gaming teknikak erabiltzen ditu (rankingak, puntuazioak, "bizitzak" irabazi eta galtzea, eta abar...).
Dena oso modu errazean, galdera-erantzun xinpleekin, egunean 5-10 minutuko tarte laburretan, erabiltzaileak joko bezala har dezan. 2013ko abenduan aurkeztu zuten, eta harrezkero merkatuaren zati handi bat hartu du. Dagoeneko 100.000.000 erabiltzaile baino gehiago omen ditu.
Esan bezala, dozena bat hizkuntza baino gehiago ikas daitezke Duolingorekin (eta beta fasean beste horrenbeste era badituzte, Incubator deritzen plataforman; Swahilia edo Klingona, besteak beste).
Joan den astetik katalana ere gehitu da argitaratu diren eta erabat funtzionalak diren ikastaroetara. Gaztelaniatik abiatuta, katalana ikasteko aukera eskaintzen du Duolingok.
Katalanezko bertsioa bolondresen artean garatu dute, Duolingok horretarako eskaintzen duen plataforma erabilita. Aste betean 10.000 erabiltzaile baino gehiago apuntatu dira katalana ikasteko aukera berri honetara.
Euskara ere helduko ote da Duolingora? Tira, dakigunez, ba omen dabil lagun talde bat ideia horren atzetik. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu ea horretarako lantaldea osatzen den euskaldunen artean.
bai&by-n euskara ordenagailu pertsonalekin eta eramangarriekin ikasteko aukera ematen dugu. Proiektu aitzindaria izan da eta izaten jarraitzen du adimen artifiziala hizkuntzen irakaskuntzara ekarriz. Adibidez, euskararen lehen online ikastaroa garatu genuen. Milaka ikasle daude euskara eta ingelesa egunero horrela ikasten bai&by-ren sistema adituarekin. Iazko irailetik euskara tablet eta phablet-ekin ikasteko aukera ere ematen dugu (pantailak gutxieneko azalera izan behar du eroso ikasi ahal izateko). Gainera, euskaldunoi ingelesa euskaratik ikasteko aukera ere ematen diegu.
Gu ez gara doakoak Duolingo bezala, besteak beste, klaseak ematen dituzten irakasleak ditugulako, ikasleen jarraipena egiten dugulako eta tutoretzak ematen dizkiegulako beraien ikasketa ahalik eraginkorrena izan dadin eta I+Gn inbertsio handiak egiten ditugulako (azken hamar urteotan 6 milioi euro baino gehiago). Nolanahi ere, bai&by helburu sozialak dituen proiektu bat da eta horregatik, bai&by Fundazioa aurkeztu berri dugu.
Kaixo, duolingon euskara txertatu nahian gabiltza, inork interesa badu idatzi nire twitterrera, edo bestela nire helbide elektronikora: joanes.plazaola@alumni.mondragon.edu