Atzotik prest dago Firefox nabigatzailearen bertsio berria, Firefox42. Bertsio berri honen ezaugarri nagusia da erabiltzaileen babeserako eta pribatutasunerako eman dituzten urratsak, zure nabigazioaren trakeoa eragotziz. Nahi duenak prest dauka jaisteko, eta betiko moduan, hasiera-hasieratik euskeraz, Librezaleko lagunei esker.
Probarako denboraldi labur baten ostean, atzo kaleratu zuen Mozilla Fundazioak bere nabigatzailearen azken bertsioa, Tracking babesa ematen duen Firefox 42.
Berrikuntza nagusia trakeoaren aurkako babesa da, erabiltzaileari pribatutasun eta babes maila handiagoa emango diotenak. Izan ere, orain arte, nabigazio pribatuan ari zarenean (Private Browsing Firefoxen edo Incognito mode Chromen), nabigatzaileek ziurtatzen dute zure nabigazio-historia eta cookieak ez direla gordeko, baina hala ere zure informazioaren zati bat iritsi daiteke beste batzuen eskuetara (sare sozialak, analitika konpainiak...). Trakeoaren aurkako sistema berriarekin, aldiz, babes maila askoz handiagoa izango da, eta zure nabigazio-saioa erabat pribatua izango da.
Azpimarratu behar da, gainera, trakeorako babes horri esker, erabiltzaileak jasoko duen publizitatea ere gutxiago izango dela, publizitate-sistemek ere trakeatu egiten zaituztelako (remarketing-a), eta hori eragozten duelako Firefoxen Nabigazio Pribatu berriak.
Mozillako arduradunek adierazi dutenez, oso garrantzitsua da Interneteko experientzia erabiltzaileen kontrolpean egotea, hasieratik bukaerara. Erabiltzaileak erabaki beharko luke une oro, zer ikusi nahi duen, eta zer informazio partekatu nahi duen. Etekin komertzialaren eta onura publikoaren arteko oreka ezinbestekoa da, sare osasuntsua eraiki nahi badugu.
Oraingoz, badirudi trakeorako babes berria bakarrik Nabigazio Pribatuan erabili ahal izango dela, baina ez litzateke harrigarri hurrengo urrats batean nabigazio estandarrean ere aukerako bilakatzea.
Firefoxek beste berrikuntza txiki batzuk ere gehitu ditu bertsio berrian. Esate baterako, irekita dituzun fitxen artean soinudunen bat baduzu, adierazi egiten dizu (Chromek dagoeneko egiten du hori). Firefoxen kasuan, nahikoa da bozgorailuaren ikonoan klikatzea soinua ixilarazteko.
Horrekin batera, beste berrikuntza batzuk ere baditu Firefox 42 bertsioak, Mozillak bere webgunean azaldu dituenak.
Eguneraketa edonoren esku dago atzotik, desktop guztientzat (Windows, Mac, Linux) eta hemen jaitsi dezakezu. Aldaketarik gehienak Android bertsioan ere inplementatu dira.
#Firefox42, atzoko artikuluaren inguruko adibide ona aurkitu dugu Twitterren (https://twitter.com/vladikoff/status/661569876226678784), The Verge aldizkariko datu konparatuekin.
Firefox berriarekin, nabigazioa ez da bakarrik seguruagoa, baita askoz azkarragoa ere. Requestak asko jaisten dira, jaitsitako informazioa ere gutxiago da eta, batez ere, orrialdea deskargatzea askoz bizkorragoa da (7,2 segundutik 2,5 segundura).
Aliritzira hartutako adibide bat besterik ez da (webgune guztietan ez da berdina izango), baina iruditu zaigu grafika aski esanguratsua dela.
https://pbs.twimg.com/media/CS5dMzYWcAARze0.png