Teknologia albisteak
1

Arlanpeko Dama: 17.000 urteko venus paleolitikoak Bizkaiko leize batean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2015-10-20 : 08:47

Paleolitoan bereiziriko euskal arkeologo taldeak beste aurkikuntza eder bat iragarri du: Arlanpeko Dama. Venus paleolitikoen marrazkiak topatu dituzte Bizkaiko kobazulo batean.

Kasu honetan, ikerketaren zuzendaria da Joseba Rios arkeologoa, eta The Oxford Journal of Archeology-n (ale osoa, ordainpekoa) berarekin batera sinatzen dute artikulua Diego Garatek,  Asier Gómezek, Raphaëlle Bourrillon-ek etaTheodoros Karampaglidis-ek. Arkeologo euskaldun hauen izenak (Rios, Garate, Gomez) azken urteetako beste aurkikuntza inportanteenetan ere topatu izan ditugu, adibidez, Lumentxako bisonteen kasuan, eta Altxerriko antzinatasun harrigarriko margoenean.

Arlanpeko leizea Lemoan dago, eta 2011. urteko indusketa lanetan aurkitu zuten marrazkiak dituen harria.

Blokea, etzanda, lurrean hondakinez estalia agertu zen, Arlanpeko leizezuloko sarreratik 15 bat metrora. 8 x 35 x 19 cm neurriak dituen bloke bat da, pisuz 60–70 kilo artekoa.



Harrezkero, arkeologoek harria aztertu dute, gizakiak apropos egindako lerroak identifikatuz. Leizearen okupazioaren eta harriko marrazkien adina ere datatzen jardun dute. Eta irudiak identifikaturik, Europako beste arte adierazpideekin konparatu dituzte.

Hemen goian, harriaren A aldea. Behean, B aldea, non Damaren irudi interesgarrienak dauden.


Emakume siluetak harriaren bi aldetan ageri dira. Euskaraz, "Arlanpeko Dama", singularrean, erabili dute arkeologoek, Anbotoko Damari erreferentzia argia eginez. Baina nazioarteko aldizkarira bidali duten deskripzioan, Venuses from Arlanpe erabili dute, pluralean, eta jainkosaren izenarekin, arte paleolitikoan forma hori erabiltzen baita emakumezko irudientzat.


Arlanpeko irudiak Madalen aroan kokatu dituzte ikerlariek, duela 17.000 urte inguru. Garai bertsuko beste giza irudi batzuk badaude Euskal Herriko leizeetan: Altxerri, Torre eta Isturitzen. Hortaz, ez dago esaterik Euskal Herrian aurkituriko irudi zaharrena denik; bai zaharrenetekoa (bestalde, Landetan, Euskal Herritik oso gertu, Gravette aldiko dama bat ere identifikatu izan da, askoz zaharragoa, Brassempouy-ko dama).

Europako paleolito zaharreko irudi femenino edo Venus hauetan bi tradizio identifikatu izan dira, eta bigarrenekoak dira Arlanpeko irudia. Lehena, Gravette eran zabaldutako Venus figurak dira, ez marrazkiak baizik eta eskultura txikiak, duela 30.000 / 24.000 urte artekoak dira gehienak, baina badaude zaharragoak, eta baita ere Madalen arora iristen diren batzuk.

(Venus gravettiarrak, Arlanpekoak baino zaharragoak)

Bigarren tradizioari Gönnerdorf-Lalinde estiloa esaten zaio, eta grabatu eskematikoak dira bere oinarri fisikoa. Irudi aldetik, oso eskematikoak dira, baina batasun kultural argi bat ikusten da Europan zehar hainbat tokitan aurkitu direlako, eta oso antzekoak direlako batetik bestera. Arlanpekoa hauekin konparatu, eta argi dago tradizio horren parte dela.


Izatez, berezitasun bat izatekotan, badirudi Arlanpeko Dama tradizio horretako beste venus batzuk 1.000 urte lehenago datatzen dela. Nolabait, kultura hau inguru franko-kantabriarretan Europako erdi-iparraldera zabaldu zela ematen du, Alemania aldeko aleak berriagoak baitira.

Arlanpe, 44. puntua da, gorriz.

Erantzunak

2015-10-20 : 23:03

Arlanpeko Dama 1.000 urte lehenago datatua inguru franko-kantabriarretan Europako erdi-iparraldera zabaldu ei zen

Erantzun

Sartu