Teknologia albisteak

Egiaren heroiak

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2012-04-23 : 12:04

Jakin-min eta espektatiba handiz iritsi da Los ojos de la guerra, Roberto Lozano Bruna zuzendari espainiarrak gerrako erreportarien lanaz egindako dokumentala. Seguru asko, ikusi duten gehienen itxarobideak aseta geratuko dira; nik, berriz, ez dakit aurretik susmorik nuen edo ez, baina filmari buruzko zalantza askorekin atera naiz bertatik.

Erromantizismo eta epikazko aura batez bildurik ageri zaigu gerrako erreportarien lana (Robert Capa: "argazkia ona ez bada, aski hurbildu ez zaren seinale"; "The Year of Living Dangerously" filma, "Territorio Comanche" liburua...): gazte bizizaleak abentura bila, historiaren martxa erabakitzen den borrokalekuaren muinean, zinismo puntu batez baina gizatasun sakonez jokatuz, dominarik eskatu gabe injustizia salatuz eta munduari jakinaraziz… Eskema sinplista dela ohartu eta horretan sinesten ez badugu ere, estereotipoak funtzionatzen jarraitzen du askoren (gehienon?) buru barruan.

Film honetan munduko lau bazter gatazkatsu erakusten zaizkigu, berorietan dabiltzan (edo ibili diren) beste horrenbeste erreportariren bitartez, horietako bi euskal herritarrak: David Beriain artaxoarra Afganistanen eta Mikel Aiestaran beasaindarra Iraken; horiez gain, Gervasio Sanchez espainiarrak Bosniako gerraren haritik tiraka egiten ditu bere gogoetak, eta Hernan Zin argentinarrak Kongo aldeko gerraren berri ematen digu. Horiez gain, Espainiako beste zenbait erreportari ohi ospetsu ere ageri dira beren oroitzapen eta hausnarketak eskainiz lanbideari buruz: Rosa Maria Calaf, Enrique Meneses, Alfonso Rojo, Arturo Pérez-Reverte...

Elkarrizketen irudiak eta erreportarien eguneroko lana erakusten dutenak tartekatuz, kazetaritzak gaur egun gatazkaguneetan betetzen duen rola aztertzen dute, erreportariak nola lan egiten duen azaldu, gerrak zer suposatzen duen eta beste hainbat kontu. Guztia ere oso txukuna, aurrerakoia, solidarioa, edonork sinatzeko moduakoa. Baina...

Bainafora omen da (Beñat Sarasolari hartu diot hitza) kritika batean beti agertzen omen den prozedura, eta nik ere neure aitzakia azalduko dut hemen. Akats objektibo bat da filma luzetxo eta erripikakorra gertatzen dela, denbora guztian antzeko argumentuak eta irudiak ikusten baititugu, progresio edo egitura jakinik gabe. Hurrengo eragozpena, berriz, ez da horren erraza, beharbada hanka sartuko dut, baina botatzera noa.

Progresismo eta autokritikazko jantziaren azpian, irudipena dut autokonplazentziazko ariketa bat dela pelikula. Batetik, gerra zein bidegabea eta biktimak ze gaixoak diren errepikatzearen errepikatzeaz, gatazka horietako bakoitzaren sorburuak eta erantzuleak lausotuta geratzen dira. Bestetik, kazetariaren zereginean zentratzen da begirada (metakazetaritzazko jardun batean edo); baina narzisismo horrek baino gehiago kezkatzen naue ez direla ia aipatzen hedabideak: enpresa gero eta handiagoak, botere politikoari gero eta lotuagoak, zer eta nola kontatu erabakitzen dutenak. Kazetari freelancer hauek oso ausartak izanda ere, zertan geratzen da beren independentzia, beste batek erabakitzen badu zein erreportaje erosi eta zein ez, ikusleok zer ikusi eta irakurriko dugun eta zer ez?

Erantzun

Sartu