Interneteko albistegia

Durangoko bonbardaketaren 75. urteurrena

Sustatu | Historia | 2012-03-31 : 11:03

Gaur 75 urte bete dira Durango bonbardatu zutenetik. Francoren aginduz Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek 281 bonba jaurti zituzten biztanleria metrailatzeaz gain; 336 pertsona hil ziren. Populazio zibilaren aurka Europan inoiz egindako lehen aire-bonbardaketa handia izan zen. Durangokoaren ostean Elgetakoa (apirilaren 22-24 bitartean) Eibarkoa (apirilaren 25ean) eta Gernikakoa (apirilaren 26an) ere etorri ziren, besteak beste; ondoren, Bilbo inguruan izandako guztiak. Aurtengoan, 75 urte borobil betetzen direla-eta, ekitaldi ugari antolatu dira herriotan, garai hartan gertatutakoa gogora ekartzeko. Hona hemen datozen egunotako batzuk.


Durangoko bonbardaketaren unea, 1937ko martxoaren 31 goizean. Wikipedia, cc-by-sa

Durangoko bonbardaketa oroimenean

Durangoko bonbardaketa oroimenean

Azken urteotako egitarau eta ekitaldiei jarraipena emanez, Gerediaga elkarteak Zilar astea antolatu du. Martxoaren 24tik apirilaren 1era bitartean kultur eskaintza oparoa izan da Durangon. Ekitaldi nagusienetakoak gaur eta bihar izango dira:

  • Martxoak 31, 18.15: Ibilaldi kulturala Durangon Kurutziagatik hasita. Musika, antzerkia, dantza, ikusentzunezkoak...
  • Martxoak 31, 20.00: oroimen-ekitaldia.
  • Apirilak 1, 19.00. "Lurra astinduz" antzezlana San Agustin Kulturgunean.
  • Apirilak 1era arte, M31, in memorian instalazio artistikoa ikusgai.

Iaz ere luze aipatu genuen Durangoko bonbardaketa Sustatun, Gerediagak argitara ekarritako hainbat argazki zahar zirela eta.

Ahotsak.com webgunean ere hainbat lekukotasun eta albiste argitaratu dituzte egunotan, eta Luistxo Fernandezek ere lekukotasuna utzi zuen bere blogean.

ETBen ere Durangoko bonbardaketaren inguruko erreportajea berriz ikusteko aukera dugu (telebistan eman dute eta Nahieran ere badago ikusgai):

Eibarren ere ekitaldi ugari apirilean

Eibarko bonbardaketa ez da horren ezaguna, askoz hildako gutxiago izan baitzen (ordurako erdi-hustuta zegoen herria, nazionalak ber-bertan zeudelako). Hala ere, Durangokoa eta Gernikakoa bezain gogorra izan zen eta herria txiki-txiki eginda utzi zuen. Erdiguneko 2-3 kale txiki eta eliza bakarrik geratu ziren zutik, gainontzeko guztia erabat txikitu zelarik.

Hori dela eta, Eibarko udalak ere egitarau zabala antolatu du apirilerako (apirilaren 21ean hasi eta maiatzaren 8a bitartean). Besteak beste, hitzaldiak (Jesus Gutierrez), liburu-aurkezpenak (Bernardo Atxaga), bertso eta poesia (Maialen Lujanbio eta Juan Pinilla), dantza, musika, eta beste hainbat ikuskizun. Programa osoa PDF honetan eta beste honetan.

Bestalde, Eibarko EAJk bideo txiki bat kaleratu du garaiko argazki eta pelikula batzuk erabilita: hegazkinak Soriatik irtetzen, Eibar sutan, tropa nazionalak Eibarrera sartzen...:

Elgeta: lubakiak ezagutzeko mendi-irteera Intxortara

Gerrako frontea Elgeta-Intxorta inguruan izan zen 7 hilabetez, 1936ko irailetik 1937ko apirilera arte. Elgeta ere bonbardatu zuten, apirilaren 22an.

Intxortako frontea dela eta hainbat jarduera egiten dituzte urtean zehar Elgetan. Asteburu honetan ere bada zer egin eta ikusi:

  • Gaur, martxoak 31a, lubakiak ezagutzeko eta garbitzeko irteera antolatu dute.
  • Bihar, apirilak 1, irteera gidatua dago Intxorta inguruan gertaturikoa ezagutzeko. Hileko lehenengo eta azkenengo igandeetan izaten da, heldu eta gaztetxoentzat. Hiru ordu t'erdiko ibilbide tematikoa da. Izen-emateak eta informazioa Elgeta.org webgunean.

Elgetan bereziki gogorra izan zen gerratea. Bonbardaketak, fusilatuak, bortxaketak, erreketak,... Ahotsak.com webgunean hainbat lekukotasun jaso dituzte, eta Sustatun ere behin baino gehiagotan izan dugu hizpide Elgetan gertatutakoa. Esate baterako, bi albiste hauetan (bat eta bi), tartean Anttoni Telleriaren lekukotasun latza (nola bortxatu zuten eta nola hil zioten aita, bera aurrean zelarik).

Gernika gogoratuz

Nola ez, Gernikak ere zeresan handia izango du datozen asteotan. Izan ere, sinbolismo berezia du Gernikan gertatuak. Hainbat erakunde eta elkarte ari dira han ere egitarau zabala antolatzen.

Gernika 1937-2012 elkartea, adibidez. Herritarrek euren etorkizunaren inguruan duten erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egingo dute Gernika-Lumon apirilaren 19an hasi eta hilaren 26ra arte egingo dituzten hainbat ekitalditan. Orain dela 75 urte Bizkaiko herriaren gainetik hegan egin zuten hegazkinek "Euskal Herriaren ukazioa bermatzea zuten helburu", eta gatazka politikoaren muinak oraindik irtenbide gabe jarraitzen duela gogorarazi du kolektiboak. Urteurren ekitaldiek ideia hori izango dute gogoan, eta Askatasuna, bakea... Autodeterminazioa lelopean egingo dituzte.

Gernika gogoratuz elkartea ere lanean ari da. Gernikako Bakearen Museoarekin batera, bonbardaketaren 75. urteurrenaren inguruko egitaraua aurkeztu du (PDFan, hemen). Eta beste hainbat elkarteren artean, Euskal PEN klubak ere bere deialdia egin du, Poemak Gernikarako.

Ez dira bakarrak izango, noski. EITBek ere, esate baterako, jarraipen eta programazio berezia egingo omen du apirilaren 26an, egunotan jakinarazi duenez.

Erantzunak

Luistxo | 2012-03-31 : 12:30 | #1

Duela urtebete Sustaturako editatu genuen artikulu hartan, Gerediaga elkarteak Erroman aurkitutako "ehun inguru" argazkietako gutxi batzuk erabili genituen.

Bide batez neure aitak bonbardaketa non igaro zuen dokumentatu ahal izan nuen, Ezkurdi plazan bonbapean bizirik irten baitzen hartatik.

Pentsatzen nuen argazki aurkikuntza hartatik Gerediagak publiko egingo zituela argazki gehiago. Baina bakanen batzuk besterik ez dituzte zabaldu, batzuk hemen, besteak han, eta erresoluzio ez handiegian, ganoraz dokumentatu barik, ordena barik, informatu barik...

Zergatik? Zergatik ez daude abiazio italiarraren 1937ko argazki horiek guztiak erresoluzio handienarekin sarean? Goiz bateko lana da denak Argazkiak.org-era igotzea, ez gehiago. Huts egitea da? ala nahita ez da publiko egiten informazio grafiko historiko hori?

Haritz Rodriguez | 2012-04-02 : 11:52 | #2

Durangoko bonbardaketaren 70. urteurrenean, amonaren testigantza bildu nuen GAUR8 aldizkarian. Bertatik bertara bizi izan zuen gertakari tamalgarri hura, bere urtemuga egunean...

gernika | 2012-04-03 : 01:31 | #3

eta bitartean:
Ba al dakizue Jaurlaritzak inork ezagutzen ez duen fundazio fantasma bat sortu zuela 2012ko urtarrilean korrika eta presaka Gernikaren bonbardaketaren urteurrena dela eta? (fundacion 2012 fundazioa)
Saiatu interneten bilatzen eta ikusiko duzue web gunerik ere ez duela...
Ba al dakizue martxoaren hasieran 500.000€ko diru laguntzak jarri dituztela euskal sortzaileentzat eskura?
Ba al dakizue Apirilaren 1ean bukatzen zela proiektuak aurkezteko epea?
Ba al dakizue zeintzuk diren baldintzak?
Hemen irakurgai:
http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_41?c&201201133
Gure jaurlaritzaren planteamendu politikoekin ados dauden planteamendu artistikoak saritu nahi dituzte berriz ere beraien ideologiaren propaganda merkea egiteko.
Hau da: Laguntzak nahi dituzue? Ba nik esango dizuet nolako ikuskizunak prestatu behar dituzuen dio Blanca Urgell-en ekipoak:
Koktelera ireki, tartean Gernikaren izena sartu (oso demokratiko eta kosmopolita gertatzen baita izen hau munduan zehar), demokrazia, bakea, biolentziaren amaiera, herrien arteko adiskidetasuna bezalako balio "konkretuak" gehitu, jaurlaritzaren galbahetik pasa hau guztia, eta ateratzen dena izango da aurtengo diru laguntza potoloena jasoko duena Euskal erkidegoan.
Dirurik ez omen dago eta bapatean 500.000€ hankapetik propaganda politikoa egiteko. Lotsa gutxi behar da gero. Eskutik jaten nahi gaituzte!

Zuek atera ondorioak.

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu