Teknologia albisteak
3

Elgetan 1936-37koen omenezko memorial bat egiteko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-04-21 : 11:04

Joan den igandean hemen iragarritako ibilaldi informatibora joan nintzen, lagun batzuekin. Oso interesgarria suertatu zen. Kontatu zizkiguten ez bakarrik Intxorta eta Elgeta inguruan 1936-37an izandako gerrako pasadizoak, baizik eta oroitzapenerako duten egitasmo inportantea. Bideo ziztrin honetan, Anttoni Telleriaren familiaren kontrako krimena deskribatzen du Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik, eta gero Elgetako Udalarekin batera duten egitasmoa azaltzen digu.

Intxorta 1937 elkartearen eta Elgetako Udalaren asmoa da ibilbide tematiko bat egitea, Intxortako frontearen inguruetan, panelekin-eta, bideak apur bat zuzenduta, eta agian lubaki batzuk berriztatu eta egokituta.

Puntu horietako batzuk erakutsi zizkiguten, euri eta lokatza artean, Toldoen lubakia esaten zutena, edo Belgikako miliziano batzuek jarritako La Belga artilleria piezaren kokapena (bueno, ehun bat metrora egon ginen, babesleku baten zuloaren hondakinetan, ze pinudi lokaztu batean sartu beharra zegoen).


Argazkiak.org | Lubakiak Intxortan Intxorta 1937 elkarteak bidalitako argazkia

Memoriala

Ibilbide tematikoaz gain, Oroitzapenerako zentro edo gune bat ere jarri nahi dute, Elgeta herrian bertan, Espaloia Kafe Antzokiaren lokaletan. Juan Ramon Garaik azaldu zigunez, ez bakarrik fronte honetan hilak gogoratu nahi dituzte hemen, Gerra Zibilean desagertarazi eta hildako guztien izenak bertan panel edo horma batean jarri nahi lituzkete, baita haien datuak eta argazkiak biltzen joan datubase batean. Memorial bat, behar bezalakoa.

Egitasmoa zehatz idatzi dute, aurrekontu eta guzti, eta laguntzak espero dituzte orain. Ea ba, nik uste merezi duen kontua dela.

Hurrengo ekitaldiak

Hain zuzen ere, bihar asteazkena egitasmoaren aurkezpena egingo da Elgetan bertan, Espaloian, 19.30etan.

Ondoren, ostiralean, apirilak 24, nazionalak Elgetan sartu ziren egunaren 72. urteurrenean, Elgetan izandako gerra krimenetan hilak gogoratuko dituzte. Lore eskaintzak egingo dira 19.00etan Salbador ermita ondoan dagoen monolitoan (herriaren irteeran bertan), eta aurrerago, Asentzioko gurutzebidean dagoen Intxorta Atea monumentuan.

Krimen horietako bat goiko bideoan agertzen da. Beste bat ere grabatu nion Juan Ramon Garairi, Antzuategi Bastarrekoa baserriaren ondoan, nola hor ere beste zazpi lagun exekutatu zituzten odol hotzean, tartean baserriko nagusia, semearen aurrean.

Eskupeko diruarekin hiltzaileei ordainduta, familiak aitaren gorpua kanposantura eroatea lortu zuen. Besteak ostera, milizianoak, bertan lurperatu zituzten bonbak aurreko asteetan egindako zuloetan, eta hantxe aurkitu zituzten duela 5 urte elkarte honetakoek egindako indusketan.

Juan Ramon Garaiz aparte, Intxorta 1937 elkarteko beste bi lagun ere izan ziren azalpenak ematen, Josuren Murgizu eta Jesus Gutierrez historialaria.

Erantzunak

Galtxagorri
2009-04-21 : 13:36

Erabat hunkituta geratu naiz bideoa ikusita. Ez sinestekoa da ze gauza gogorrak bizi izan dituzten gure aiton-amonek, hementxe bertan, orain dela oso gutxi. Nola liteke guk gauza hauek denak ez jakitea? Eskerrik asko hau guztia argitara ekartzen lanean zabiltzaten guztioi, mila esker, bihotzez.

Gari Araolaza
2009-04-24 : 10:31

Elgetako gerrako kontu hauekin lotuta,


Izango da hilabete bat edo, TVE2-an erreportaje bat ikusten egon nintzela, larunbat edo igande arratsalde batean. Interesgarri iruditu zitzaidan. Francok gerrarako "fitxatutako" marokoarren bertsioa. Nola ibili ziren hara eta hona, bizitza Francorengatik emanez, beti bidea zabalduz, nola beraietako milaka hil ziren "Espainarengatik" eta nola gerra bukatuta ahaztu zituzten. Francorengatik gaizki esaka, orokorrean, engainatu zituztela, uste zutela espainiarrekin ezkontzeko aukera izango zutela eta abar. Batzuek Espainiako DNI-a erakusten zuten. Iruditu zitzaidan haiek ere sufritu zutela beraiena.


Kuriosoa iruditu zitzaidan historietako bat izan zen Covadongakoa. Itxura denez Covadonga marokiar hauen dibisio batek "askatu" zuen, baina frankistek hau segituan ezkutatu omen zuten, beste dibisio batek askatu zutela esanez. Nola izango zen posible bada Covadonga, rekonkista hasi zen tokia, mairuek "askatu" izana Francoren nazional katolizismoarentzat!


Agian han azaldutako batzuk ibiliko ziren Elgetan 36 eta 37an.


Bila ibili naiz eta aurkitu dut dokumental haren erreferentzia:


The Forgotten


Sustatu
2009-04-27 : 09:58

Artikulu honetan agertzen den lehen bideoan aipatzen den lekukotasuna, Anttoni Telleriarena, berreskuratu dugu bideoan eta beste mezu honetan daukazue.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago