Teknologia albisteak

Mostoa naaaaaiz!

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi, xme
2011-09-16 : 18:09

Hasi da zinemaldia, bere parafernalia guztiarekin: jakin-goseak, kazetariak, gonbidatuak, farandulako jendea... eta batez ere ikusleak, pelikulak ikusteko asmoz hurbiltzen direnak. Eta hasteko, goiz honetako estreinaldia, sail ofiziala lehiaz kanpo inauguratzera datorrena: Intruders, Juan Carlos Fresnadillo espainiarrak zuzendu duen terrore psikologizkoa, generoaren barruan konbentzionala izan litekeena, baina hala ere film entretenitua eta ondo egina.


Clive Owen protagonista, gaur Donostian (antolakuntzaren argazkia).

Sarritan izaten dira eztabaidak, pelikula ondorengo kafe edo zerbezaren bueltan, kritikari amateurrak profesionalarena egiten jarrita: "Pelikula ondo dago", "Bai zera, produktu komertzial bat da", "Komertziala bai, baina ona", eta abar.

Honetaz ere antzeko zer edo zer esan liteke. Segun zer eskatzen diogun filmari, erantzun bat edo beste lor liteke: denbora-pasa txukun bat, ondo kontatutako gidoi batekin, kamera ondo jarrita eta errealizazio profesional batekin nahi baldin baduzu, honek ez dizu huts egingo. Esperientzia estetiko desberdin baten edo bizitzaren zentzuari buruzko gogoeta baten bila baldin bazenbiltzan, bada, ez duzu halakorik topatuko.

Konta dezadan filmaz gehiago, hala ere: bi istorio paralelo kontatzen zaizkigu: bata Espainian gertatzen da, eta bertan mutiko bat dago, Juan, bere amarekin bizi dena, eta amesgaiztoetan munstro bat azaltzen zaiona; bigarren istorioa Ingalaterran kokatzen da, hemen ere neskato bat dugu, Mia, gurasoekin bizi dena baina batez ere aitarekin duena harreman estua, eta berak ere halako lokamuts beldurgarriak izango ditu.

Ikusleak hasieratik sumatzen du bi historiak lotuta daudela, edo lotu egingo direla, baina ez du igartzen nola, eta alde horretatik asmotsua da Fresnadillo gaztea (edo bere gidoilari aritu den Casariego idazlea). Planteamendua egiten denetik, crescendo bat dago apurka, munstroaren agerpen gero eta bortizagoekin, amaiera aldera bi hariak lotzen eta askatzen diren arte. Eragozpenen artean, agian moteldu egiten dela erdialdean, eta exorzistaren azpitrama apur bat barregarria dela.

Zinema espainiarrak nazioartekotze ahalegin bat egin du film honetan, Clive Owen bezalako izar bat kontratatuz, eta nonahikoa izan litekeen trama fantastiko bat proposatuz. Honekin loturik dagoen gaia da ez ote goazen, mundu osoan, zinemaren infantilizazio baterantz. Artikuluari eman diodan izenburua Patxi Zubizarretaren haur-liburu batekoa da, eta, egia den arren presentzia sobrenaturalen gaiak baduela leku bat giza ariman, ez da ahaztekoa gaztetxoentzako amu sinpleen bila dabiltzala industria honetako produktoreak.

Erantzun

Sartu