Berrizen, 20. mendearen lehen zatian:
Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. (...) Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau.
Iaz ere atera genuen hau, eta orduan erantzun batean bildutako iruzkinak, berriro ekarriko ditugu, Animen Gaua edo Halloween, Domusantu egunaren bezpera, alegia, datorren asteburu honetan delako.
***
Oier Araolazak berriro atera du gaia bere blogean eta erreferentzia batzuk ere egin ditu, Creative commons aitortu-partekatu lizentziaz baliatuta hona ekarri ditugu Oierrek jasotako testigantzak:
Bai, Arimen eguna azaroaren 2an ospatu izan da normalean hemen inguruan, baina kalabazak hustu eta maindireekin mozorrotu modukoak aurreko gauetako batean egiten ziren maiz. Domu Santu ere ez da egun berean ospatzen toki guztietan. Azaroak 1a izaten da arruntena, baina urriaren 31an edo azaroaren 2an ospatzen dutenak ere badira. Gaur egun gainera, ospakizun gehienak hurbilen dagoen asteburura eramaten dira, beraz, Arimen asteburua geratuko da azkenerako.
Ahotsak.com webgunean ere jaso ditugu antzeko ipuin eta kontakizunak. Baita Domusantu eta sasoi honetako beste hainbat kontu ere.
Hona hemen adibide parea:
Domu Santu eguneko ohitura zaharrak
Domusantu eguneko ohiturak: olatak eta "argi-ogixa" hilarrira
eta norbaitek ba al daki azaroko lehen igandean egiten den faltetako egunaren berri? nik astigarragan ezagutu det famili dena elkartzen da, baita etxetik urruti daudenak ere ta gero meza entzun ondoren hamaiketakoa, salda, txistorra eta odolkiak eta mahitik altsa gabe bazkaria, urtero berdina babarrunak sakramentu guztiekin.
Aitari galdetu diot (Elgetan jaioa, 1922), ea gerra aurretik Domusantu egunean Eusko-Halloween hau egiten ote zuten... Ezetz. Elgetan ez zegoen kalabazarik. Baina Sanpaulo inguruan, urtarril amaieran, arbiak hustu, begi-zuloak egin eta haietan jartzen zituzten kandelak; itxura beldurgarria emateko, Elgetako espaloian jartzen zituzten zintzilik gau beltzean.
Domuru Santuru:
Bizkaiko Ipr mendebaldean be, Sestaortik Busturiara, kalabaza hustu eta jendea beldurtzearen ohitura bizirik egon da. Baina ez soilik Arimen egunaren bezperan, kalabaza sasoi osoan baizik. San Martinetan be egiten zan. Sasoiko erromeria guztietan, eta bidegurutzeetan itxiteko ohiturea egoan, gure hainbat lekukoren esanetan "belu etozanak bildurtuteko". Bestetik, azpian beste jairen bat egon leiken arren.. (herri egutegian aldaketa sasoi nabarmena da azaroaren bata, natura hil egiten da, podak egiten hasteko baimena dago, hazitegiak egin behar dira, antzarren paso sasoiagaz lotzen dabe zaharrek...) Domu Santuru eguna oso barria dala gurean. Ez da helduko berrehun urte izatera, eta hirietatik zabaldu zan herrietara. Arimen eguna, herri guztietan, herriko patroiaren jaiaren hurrengo domeka da, eta EHko luze zabalean egun horretan (gabon gauagaz batera) egin izan dira etxeko defuntuak gogoratzeko errituak. Beraz, kontuz ibili behar dogu, ohiturak oso antxinako elementuak ditu, gurean txertatuak, baina badirudi oinarrizko ospakizuna beste bat zala, lehenago ikusi dogu eta defuntuen oroimen errituak beste era batera egiten izan dirala gurean erlatiboki orain gitxi arte.
Eskerrik asko artikulu hau eta bere erantzunak itzultzeko baimena emateagatik! Hementxe argitaratu dugu itzulpena:
La literatura es un tesoro UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Esperientzia Geletako Lengua y Literatura I irakasgaiko bloga:
http://laliteraturaesuntesoro.blogspot.com.es/2013/11/la-era-en-la-que-la-noche-de-animas.html
Eta O Apostolo filmari lotutako eskola arteko blogean:
http://animasoapostolo.blogspot.com.es/2013/11/tradiciones-vascas-relacionadas-con-la.html
Itzulpenarekin zalantzak izan ditut, inork ezer zuzentzea edo aldatzea nahi badu, jarri nirekin harremanetan edota La Literatura es un Tesoro blogeko sarreran erantsi iruzkina. Eskerrik asko beste behin!
Zuzenketatxoa egin behar diot iaz egin nuen ekarpenari, gurasoekin hitz egin ondoren.
Kontua da kuiak beharrean erremolatxak eta patata handiak erabiltzen zirela "buruhezurrak" fabrikatzeko.
Herrian egiten ziren bihurrikeriak ere azaldu dizkit amak: umeak jende nagusiaren etxeetara joaten ziren (normalean herriko xelebreenetara ) erremolatxa atean ipini eta ohiuka deitzen zioten. Haserre atera irteten zirenean umeek susto handia hartuta zutela interpretatzen zuten eta barrez lehertzen korrika abiatzen ziren.