Teknologia albisteak

Labar pinturak aurkitu dituzte Zestoan

2015-01-12 : 16:13
Duela aste batzuk, 18.000 urte baino gehiago dituzten labar pinturak aurkitu dira Zestoako Danbolinzulo haitzuloan (Ertxiña mendia).
Horren berri emateko, prentsa oharra egin da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregiko Prentsa Aretoan, 12:00etan.
Bertan parte hartu dute: Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak; Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak; Leire Etxeberria Zestoako alkateak; Javier Maiz aurkikuntza egin duen ikertzaileak (Antxieta Elkartea) eta Marcos Garcia labar artean adituak.

Foru Aldundiaren prentsa-oharretik:

Zestoako Danbolinzulo haitzuloan, 18.000 urte baino gehiago dituzten labar-pinturak aurkitu dituzte bertako miaketa lanetan aritu den Antxieta elkarteko kideek. Garrantzi oso  handiko marrazkiak:

1-  Bost animalia irudi ezagutzeko moduan daudelako

2- Oso zaharrak diruditelako estiloarengatik; lehen hipotesien arabera, gutxienez, 18.000 urte dituzte.

Barrunbeko labar-arteaz jakin dena oso azalekoa da oraingoz, bisita bakar batean lortutakoa baino ez baita. Bistakoak diren bost animalia irudi gutxienez antzeman dira (orein eme eta ahuntza), eta horiei gehitu behar zaizkie, seguruenik, beste hiru, baina une honetan egoera kaxkarrean daude ondo antzemateko. Irudi  guztiak gorriz eginak daude (burdin oxidoz), eta horietako batzuetan puntuzko trazatua antzeman daiteke (hatzarekin edo tanpoi batekin egindako puntu txikiak). Gehienak trazatu laburrez egindako irudiak dira, ingerada mugatzeari garrantzia  emanez; alabaina, irudi horietako batean (orein emea) barrualde guztia kolore gorriz beteta agertzen da (tinta laua).

Danbolinzuloko  horma-irudiek  antzekotasunak  dituzte  Kantauri  aldeko  beste  barrunbe batzuetakoekin: Trazatu gorriak, irudien barrualde batzuk beteta  egoteak, klima hotzeko animaliak ez agertzeak, eta anatomiaren trazatu laburrak erabiltzeak, besteak beste.

Bestalde,  azterketa zehatzagorik egin gabe, egiazta daiteke margo horiek duela 18.000 urte baino lehenagokoak direla, agian duela 33.000 urtekoak. Marcos Garcia labar-artean adituak esan du: "inolako zalantzarik ez dugu benetako labar-irudiak direnik. Oinarri zientifiko guztiak betetzen dituzte egin ditugun azterketak"

Seigarren aurkikuntza Gipuzkoan

Hau da seigarren labar-pintura aurkikuntza Gipuzkoan, eta garrantzi handikoa, gainera. Baina kontserbazio egoera ez da beste batzuena bezain ona, eta, horregatik, ezin  dira parekatu Altxerriko eta Ekaingo Santutegi handiekin.

Orain arte babestuta dauden labar-pinturak Gipuzkoan:

1)  Lehen aurkikuntza Altxerrikoa izan zen, Aian, 1962an. Oso  multzo garrantzitsua, batez ere grabatuei dagokionean. Espezie ezberdinen erakustoki ederra. [baina 2013an antzinatasun ikaragarriko irudi gehiago identifikatu dituzte bertan]

2) Gero Ekaingoa aurkitu zen 1969an. Leroi-Gourhan adituaren esanetan, Kuaternarioko artearen zaldi panel perfektuena gordetzen duen  haitzuloa da Ekaingoa.

3) 2006an aurkitu ziren hatzez eginiko Praileaitzeko marratxo gorriak. Aurkikuntza honek kobazuloa salbatu zuen harrobiaren  ustiapenetik.

4) Geroago hatz pareak gorriz margotuta azaldu ziren Astigarraga izeneko kobazuloan, Deban 2009an.

5) Azkenik, 2012an Aitzbitarte IV kobazuloan mantxa gorri bat estalaktita batek estalia aurkitu zuten, bere antzinatasuna ziurtatzen zuena.

Danbolinzulo haitzuloan labar-irudi berriak aurkitu izanak funtsezko lurralde bilakatzen du Euskal Herria sinbolismoaren eta artearen  jatorria  ikertzeko,  eta  Goi  Paleolitoan  gizakiaren  mugikortasuna  eta interakzioa ulertzeko.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago