Teknologia albisteak

Odolaren usaina

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-19 : 15:10

Garai eta leku jakin batean egiten den artea gizarte horren adierazgarri baldin bada, Donostiako Zinemaldian erakusten ari zaigun zeluloide sorta, zerbaiten sintoma izatekotan, gizarte bortitz batena izango litzateke. Ez bakarrik indarkeria politikoari eskainitako ziklo bat dagoelako, edo thrillerren ugaritasunagatik: azken batean, genero narratibo klasiko bat da hori honezkero. Baina, adibidez, oheko eszenak baino gehiago ikusi ditut kirofanoko ebakuntzak edo morgeko autopsiak, eta sexua bera, gehiagotan agertu zait bortxaketa gisa maitasunaren adierazpide moduan baino. Haur txikien hilketa krudelen pilaketa ez aipatzearren. Ez dakit benetako sintoma den, baina argi dago samurtasuna eta goxotasuna ez direla modan dauden balioak gaurko zineman.

Sail ofizialean ikusitako azken filmetara etorriz, Rodrigo Sorogoyen espainiarrak "Que dios nos perdone" pelikularekin thriller sendo bat eraiki du, 2011ko Madrilgo udan girotua, non bi polizia atsoak bortxatzen eta gero akabatzen dituen norbaiten atzetik doazen (goiko irudia pelikula honetakoa da). Polizia bikote asimetrikoen jokoaz baliatuko dela ematen du hasieran (bata bortxazalea, Roberto Alamo; bestea lanaren maniatikoa, Antonio de la Torre), baina polizia horien nortasun konplexuari zukua atera dio zuzendariak, psikopatak eta haien ehizan dabiltzanak hain urruti ere ez daudela iradokiz. Gomendagarria filma, eta kontuan hartzekoa zuzendariaren izena ere.

William Oldroyd ingelesak "Lady Macbeth" dakarkigu, Shakespearek sorturiko mitoa (Nikolai Leskov errusiarrak feminizaturiko bertsioaren bidez) XIX. mendeko landetxe ingeles batera eramanda. Neska gazte gajo ezkonberri batek senar gozakaitz baten eta aitaginarreba tiraniko baten menpean ikusten du bere burua, baina zirkunstantziek uztarritik askatzera eramango dute, odolezko arrasto nabarmena utziz bere atzetik.

Bartosz M. Kowalski poloniarrak idatzi, zuzendu eta muntatua da "Plac Zabaw" (Jolastokia): gaztetxoen mundua modu naturalista batean erretratatu nahi duela ematen du, bere nora eza, anbiguotasun moral, umiliazio eta krudelkeriekin, baina une batetik aurrera biolentzia guztiz arrazoigabea nagusitzen da, Hanekeren estiloan edo.

(Zerrenda honek luze jarraitu lezake, Bonelloren "Nocturama" edo Verhoeven-en "Elle" komentatzen hasiz gero; beste batean akaso).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago