Zer iritzi duzu Negociador filmaz? Pse...
2014-09-23 11:09
Atzo eman zuten Donostiako Zinemaldian Borja Cobeagaren "Negociador", Jesus Egiguren PSEko lehendakariak ETAko kideekin izandako elkarrizketetan inspiraturiko filma, gaiagatik jakin-mina piztu zuena, emaitza morbo horren mailan ez badago ere, onerako zein txarrerako.
Manu Aranguren da protagonista, benetako politikariaren trasuntoa-edo, fikzioaren eskubideak aldarrikatzeko, eta Ramon Bareak gorpuzturiko pertsonaia horrek du protagonismo osoa: haren txisteak, xelebrekeriak, larritasunak... Joxean Bengoetxeak egiten du Josu Urrutikoetxearena (fikzioan Jokin), eta horiez gain dozena erdi bat aktore. Zer gehiago? Bada, gag sorta bat, onak batzuk, sinpatikoak bestetzuk, eta inguruko publikoari niri baino grazia gehiago egin ziotenak ere bai.
Hautaturiko tonua da nabarmentzekoa: apala, lasaia, melankolikoa ere deitu izan zaio, asko esatea izango da baina. Ez dut uste zinemaren historiara igaroko denik, ezta egileak horretarako pretentsiorik duenik ere. Gaurko gazteek esaten duten moduan, sinmas.
Erantzunak kargatzen...