Teknologia albisteak
1

Arrieta ahizpak: komunikazioa eta gehiago

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-21 : 12:20

Moriarti ekoiztetxea dugu, krisia gorabehera, filmak egiten jarraitzeko zorte eta abilezia dituen bakarrenetakoa gure artean; Jon Garaño eta Joxemari Goenaga Loreak errepidean fikziozkoa errodatzen ari diren bitartean, taldeko beste kide batek, Jorge Gil Munarrizek, El método Arrieta dokumentala estreinatu zuen atzo, mugitzeko eta hitz egiteko arazo handiak dituzten ahizpa biri buruzkoa, ezintasunean ez baizik hura gainditzeko kemenean jartzen duena arreta, baikortasunez.

Lourdes Arrietak burua besterik ezin du mugitu, mugitzeko eta beste edozertarako laguntza behar du, eta bere ahotik eztarri-soinu ulergaitzak besterik ez da ateratzen; Mentxu ere gurpil-aulkian dabil, baina eskuak eta oinak erabil ditzake, makal bada ere ordenagailuan idazteko, adibidez, edo zapata takoiekin flamenko antzeko bat egiteko, eta hitz egiteko gauza da, bere ahoskatzea garbia ez den arren.

Lourdes eta Mentxu Arrieta emakume argiak dira, bizinahiz beteak, beren sentimendu eta pentsamenduak adierazteko gogotsu daudenak, eta bien arteko hizkuntza moduko bat asmatu zuten, edo, hobeto esanda, Lourdesen gogoetak hitz bihurtzeko era: begien mugimenduaren bidez marrazten ditu letrak banan-banan, horiek irakurtzen ditu Mentxuk, eta besteentzat hitz eta esaldi bihurtzen. Arrieta metodoa deitu diote komunikatzeko modu horri, eta beste batzuek ere erabil dezaketelakoan daude.

Arrietatarren komunikazio-era horrek ematen dio bidea Gil Munarrizi bere pelikula abiatzeko, baina horretara mugatu ordez ahizpa bien mundua azaltzeko baliatzen du aukera: haien gurasoak, Esteban eta Conchi, Donostiara joandako goierritarrak; Lourdesen ezkontza; Mentxuren jarduera kulturalak: clown saioak egiten, flamenkoa dantzatzen ikasten, dokumentalen ikastaro bat segitzen; Mentxu eta Lourdes, entzefalitisa daukan neska koxkor bati, Juleneri, beren metodoa irakatsi nahian…
Hari horietako batzuk aski zabal ageri dira, eta beste batzuk aipatu besterik ez, ikusleoi gehiago jakiteko gogoa piztuz: Lourdesen erromantzeak, esate baterako, pelikula oso baterako eman zezakeen; beren bizitzako garai batzuk gogorragoak izan zirela suma daiteke hitz erdika, hala nola mojekin sanatorioan bizi izan zirenean, edo bizimodua ateratzeko Mentxu ONCEko kupoiak saltzen ibili zenean. Komunikazioa izanik gaia, nik faltan sentitu dut aipatzea behinik nola familia euskaldun bat erdarara pasatzen den, umeen zailtasunak ez areagotzearren.

Oso interesgarria iruditu zait, bestalde, filma nola dagoen eraikia, hainbat geruza edo narrazio-modu erabiltzen baititu zuzendariak abilki, batetik bestera igaroz: familia barruko eta zaintzaileekiko eguneroko bizitza litzateke kontamodu nagusia; horrekin tartekatuta zuri-beltzezko argazki zaharrak agertuko dira aldika, offeko ahots batek iraganeko kontuak azaltzeko; era berean, Juanmi Gutierrez zinema-zuzendari beteranoa dokumentalak nola egin ari zaie irakasten gazte batzuei, eta Arrieta familia hartu dute lantzeko gaitzat, metazinema osagai bat ere erantsiz produktuari.

Guztiarekin, dokumental interesgarria, elbarritasunarekiko errukitik harago begiratzeko aukera ematen diguna, eta maiatz hasieran zinema komertzialetan estreinatuko dena.

Erantzunak

2013-05-06 : 10:30

Oso film humanoa eta oso gogorra, kontzesiorik gabea. Internetek jendea isolatzen duela diotenei DVD kutxa batekin buruan kolpea emateko modukoa, bide batez. Aretoetara joan den astean iritsi zen, eta ez dakit oraingotik aurrera jarraituko duen. Horregatik, aprobetxatu aste honetan hiri hauetako batean bazaudete, eta ikusten baduzue, uste dut ez zaretela damutuko:

- Bilbo - MULTICINES
- Donostia - PRINCIPE
- Gasteiz - FLORIDA
- Madril - PEQUEÑO CINE ESTUDIO
- Bartzelona - ALEXANDRA

Euskararen desagerpenaren inguruko kezka horrekin bat egiten dut Xabierrekin, bestalde. Gaztelaniaz ere idatzi dut iruzkintxo bat hemen:

http://azpitituluak.com/es/1367821134

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago