Teknologia albisteak

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Ikerketa Masterra abian da

2013-05-31 : 11:57

Gasteizko EHUko Letren Fakultatean Euskal Hizkuntzalaritza eta  Filologia ikerketa-master ofiziala antolatu dute 2013-14 ikasturterako. Master horrek euskalaritzaren alorreko ikertzaile profesionalak trebatzea eta ikaslearen prestakuntza zientifiko eta teknikoan sakontzea ditu helburu eta, behin osatuta, doktoregoa egiteko aukera ematen du. 

Martxan da dagoeneko EHU-k antolatzen duenEuskal Hizkuntzalaritza eta  Filologia ikerketa-masterra, eta izena emateko epea irekita dago ekainaren 7a arte (http://www.ikasketak.ehu.es/p266-home/eu/).

Masterra osatzeko, ikasleak 60 kreditu egin behar ditu, urtebetean edo bi urtean: 45 ikastaroen bidez eta 15 master ikerlanaren bidez.

Ikastaroen bidezko 45 kredituak bost adarretan daude banatuta:

  • Euskararen (aurre)historia eta filologia
  • Gramatika
  • Dialektologia
  • Literatura
  • Hizkuntzalaritza aplikatua.

Ikasleak bi adar osorik hartu behar ditu (osorik garatzeak 15 kreditu egitea esan nahi du) eta beste 15 kredituak beste adarretatik hautatu behar ditu. Adar bakoitzaren egitura antzekoa da: lehen lauhilabetean (irail amaiera-abendua) oinarrizko ikastaro bi ematen dira, 4,5na kreditukoa; bigarren lauhilabetean (otsail-martxoa), berriz, ikastaro aurreratu bat eta mintegi berezi bat, 3na kreditukoak, egiten dira. Apiriletik aurrera, ikerketa gidatuaren aldia hasten da, master tesia osatzeko helburuarekin.

Irakasleen artean, ospe handiko EHUko ikertzaileak aurki daitezke (Iñaki Aldekoa, Iñaki Camino, Itziar Idiazabal, Joseba Lakarra, Mari Jose Olaziregi, Koldo Zuazo...), baina baita EHUtik kanpokoak ere: Andoni Barreña (Universidad de Salamanca).

Informazio praktikoari dagokionez, esan dezagun aurrematrikulazioa ekainaren 7an amaituko dela, eta matrikulazioa irailean barrena egingo dela. Master honen eskolak goizez (10:30:13:30) eta arratsaldez (15:00-18:00) izaten dira.

Argibide gehiago nahi izanez gero, jo bedi:

Informazio guztia hemen: http://www.euskalhizkuntzalaritzamasterra.ehu.es/p120-1999/eu

Erantzun

Sartu