Teknologia albisteak

Itziar Gonzalez-Dios eta Eneko Bidegain dira #Txiotesia2 lehiaketako irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-26 : 12:56
UEUk kudeatzen duen Unibertsitatea.net atariak bigarren urtez antolatu duten “Txiokatu zure tesia 6 mezutan” lehiaketako irabazleak nortzuk diren jakin dugu gaur. Lehen saria Itziar Gonzalez-Dios-entzat izan da, egiten ari den euskarazko testuen sinplifikazio automatikoari buruzko tesia laburtzeagatik, eta bigarren saria Eneko Bidegain kazetari eta irakaslearentzat izan da “Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian” tesia koplatan azaltzeagatik.

Antolatzaileek jarritako helburuak bete direla adierazi dute, ekimen honekin 46 ikertzaile euskaldun eta beraien lana ezagutzera eman baitira.

LEHEN saria, txiolari ulergarriarena, 500 eurotako sariarekin, Itziar Gonzalez-Dios IXA taldeko ikertzailearentzat izan da, euskarazko testuen sinplifikazio automatikoaren inguruan egiten ari den tesia “bikain laburtu eta azaltzeagatik”. 
Itziar Gonzalez-Dios Pasai San Pedrokoa da eta 26 urte ditu. Aleman filologian lizentziatu zen Gasteizen (Letren Fakultatean, EHUn) eta ondoren Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra egin zuen Donostian EHUko Informatika fakultatean. Masterrean zegoela Ixa taldean sartu zen eta hortik atera zen tesi-proiektua. Tesiaren izenburua oraindik behin behinekoa da: “Egitura sintaktiko konplexuen identifikazioa eta sinplifikazioa euskararen tratamendu automatikoan”. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen beketako hirugarren urtea amaitzen ari da, orain tesian buru belarri sartuta, eta 2015 amaieran edo 2016 hasieran irakurtzeko intentzioarekin.

Irakurri txio irabazleak

 

BIGARREN saria, txiolari originalena, 300 eurotako sariarekin, Eneko Bidegain kazetari eta irakaslearentzat izan da, “Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian” tesia koplatan laburtzeagatik. Eneko Baionako da eta 39 urte ditu. Euskal Ikasketak egin zituen Baionan. Kazetari lanetan Ekaitza aldizkarian hasi zen. 1999an Euskaldunon Egunkarian sartu zen. Berria eta beste zenbait hedabidetan ere aritu da. Doktoretza tesia aurkeztu zuen 2012an, EHU eta Bordele unibertsitateen artean, “Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekaria” gaiaren inguruan. Gaur egun Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, Ikus-entzunezko komunikazio graduan.

Irakurri txio originalenak

 

Erantzun

Sartu