Teknologia albisteak

20 egun Iruñerriko euskarazko telebista pizteko

Erabiltzailearen aurpegia
2014-12-03 : 10:45
20 egun geratzen zaizkio Iruñerrian euskarazko telebista martxan jartzeko diru-bilketa kanpainari. Mantso iristen ari dira ekarpenak, eta galera handia litzateke aukera hau pasatzen uztea.
50.000 euro: horrenbeste behar du 97tik Baztan-Bertizarana-Malerrekan diharduen Xaloa Telebistak, iaz Nafar Gobernuak eman zion lizentzia erabiliz Iruñerrian ere emititzen hasi ahal izateko. Diru horrekin emisorea eta bi errepikagailu ezarriko ditu Xaloak, Elo eta Ezkaba mendietan, Iruñerria osora arazorik gabe iritsi ahal izateko.

Erronka potoloa da, bai, baina trukean irabazi handiak ekarriko dituena:
  • Xaloarentzat alegaltasunetik irteteko aukera aparta da, eta bere jarduera egonkortzekoa, beraz. Iruñerrian hasteak, beraz, bi proiektuak sendotuko lituzke: Iruñerrikoa eta Baztangoa.
  • Iruñerriarentzat, zer esanik ez: bertako euskaldunek –eta ez-euskaldunek ere- euskarazko telebista kontsumitu ahal izango dute, ETB digitalera pasatu zenetik egin ezin dezaketena: albisteak, magazinak, haurrentzako marrazi bizidunak...
  • Euskal komunitatearentzat ere pausu handia da, euskararentzako beste plaza bat irabaztea, lehen euskarazko telebistarik ez zegoen lekuan orain halako bat gutxienez izatea.

Udalbiltza, Topagunea eta TOKIKOM bat gatoz aukera honen garrantzia baloratzean, eta horregatik hirurak jarri gara kanpaina bultzatzen. Euskararen eguna aprobetxatu nahi dugu euskaldun eta euskaltzale guztioi deia luzatzeko, proiektu hau gauzatzen lagun dezazuen, nahi eta ahal duzuen neurriko diru-ekarpena eginez. Hainbat modu dituzue horretarako:
  • Lehentasunez, KARENA crowdfunding plataforma euskaldunaren bidez, hemen klik eginda, kreditu txartela erabiliz.
  • Laguntza bono fisikoa erosiz. Momentuz, Iruñeko KARRIKIRI EUSKAL DENDAN eta KATAKRAK liburudendan aurki daitezke.
  • TOKIKOMen 2095 5522 88 1076411189 (KUTXABANK) kontu korrontean diru-sarrera eginda. Hala eginez gero, mesedez ez ahaztu email bat bidaltzea xaloakanpaina[a bildua]tokikom.eus helbidera, zure izen-abizenak eta zenbatekoa adieraziz, kanpaina amaitzean saritxoak-eta jaso ahal izateko.
  • Diru-ekarpena egin zein ez, kanpainaren berri zabalduz zure lagun eta ezagunen artean!

Esan bezala, Iruñerrian euskarazko telebista martxan jarri ahal izatea aukera praktiko eta sinboliko handia dela iruditzen zaigu, eta ezin dugu alferrik pasatzen utzi. Lagundu, merezi du eta!!!

Erantzun

Sartu