Teknologia albisteak

Nork erredaktatzen ditu albisteak Euskadi Irratian??

2015-08-20 : 11:00

Goizero, lanera bidean, Euskadi Irratiko albistegia entzuten dut autoan. Tira, hitzaldi berbera hirutan entzun beharra egokitzen zait 45 minutu eskasean. Esan behar dut oso esperientzia gogorra ari dela bihurtzen; belarriak planto egiteko zorian ditut. Aspalditxo nauka irrati horrek nazkatzeko bidean, azken aldi honetan erabiltzen duen euskararen maila ezin kaskarragoa eta ezin negargarriagoa dela eta. Hizkuntza-kalitatearen eragile erreferentziala behar lukeen komunikabide hau axolagabekeriaren erreferentzia ari da bihurtzen.

Hainbat urte igaro ditugu Euskadi Irratian euskara ezin txukunagoa entzuten, baina gaur egungo kalitatea eta Anbrosioren karabina...  Uler nezake Madrilgo Entzutegi Nazionalak bidaliko testu itzuliak direnean halakoak gertatzea, baina gehienetan Lakuatik bertatik igorritako informazioak dira, eta bestetan berri-agentziek bidalitakoak. Tamalez, ez dut sumatu alderik etxeko erredaktoreek eta itzultzaile ezjakinek landutako testuen artean. Bost minutuan, aldrebeskeriak, okerrak eta hanka-sartzeak bata bestearen ondoren botatzen dizkigute. Esan behar dut, hala ere, langile batzuen alde, esatariari igarri izan diodala, inoiz, konturatua dela erredaktoreak egindako delituaz. Atsekabean lagun!

Ez al du inork halako triskantzen errudunei kargu hartzeko ardura?

Eragile publikoek horrela jokatzen badute, zer exijitu behar diegu herritarrei eta eragile pribatuei?

Erantzun

Sartu