Teknologia albisteak

HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika Lehiaketaren sari-banaketa, otsailaren 3an

Erabiltzailearen aurpegia
2017-01-24 : 09:36

Datorren otsailaren 3an izango da, Donostiako San Telmo Museoan, HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika Lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia. Soziolinguistika Klusterrak urtero antolatzen duen sariketa da. Ekitaldian, saria jasoko duten ikertzaileen lanen aurkezpenez gain, TRIBUAREN BERBAK – SEKUENTZIA DIDAKTIKOEN aurkezpena ere egingo da. Hona hemen egitarau osoa.

10:00-11:30:           Telebistatik geletara eta euskalgintzara: “Tribuaren berbak” sekuentzia didaktiko bihurtuta. Kike Amonarriz, Iñaki Zapirain eta Josune Zabala
 
ETBko “Tribuaren Berbak” saioa oinarri hartuta, euskarari eta Euskal Herriko eleaniztasunari buruzko oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa lantzeko material didaktikoa sortu da, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren ekimenez. Material hori, une honetan, edonorentzat eskuragarri dago EIMA katalogoan: http://www.eimakatalogoa.eus/20962/tribuarenberbak/
12:00-12:15         SARI BANAKETA EKITALDIA

Saria emateko bertan izango dira:
  • Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria.
  • Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria.
  • Miren Azkarate Donostiako Udaleko Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria.

12:15-12:45 1. SARIA Mario Zapata, "Migratzaileen harrera, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan"

Migratzaileek helmugara iristean, harrera funtzioa egiten duten eragileekin egin ohi dute topo, eta horiengandik jasotako informazioek zein jarrerek migratzaileengan eragina izaten ahal dute. Ikerketa honetan euskararen eremu geolinguistikora etorritako migratzaileek euskarari buruz zein euren hizkuntzen inguruan eragile sozialek transmititzen dizkieten irizpideak eta jarrerak eta informazioa.

12:45-13:15 2. SARIA Txerra Rodriguez, "Mihigintza ehuntzen"

Basaurin Basauriko Euskarabila euskara elkartearen inguruan garatutako aktibismoa eta diskurtsoak aztertu ditu lan honek, hainbat gairi oratuta (komunitategintza, administrazioarekin izandako harremanak, elkartearen barne-bizitza, elkartearen irudia, …). Diskurtsoak aztertzeaz gain, aurrera begirako proposamen eta praktika zehatzak aztertu dira, beste euskara elkarte batzuentzat baliagarriak izan daitezkeelakoan.

13:15-13:45 3. SARIA Irati Lizeaga, "Euskara, galiziera eta Irlanderaren hiztun berrien hizkuntza-identitatea"

Hiztun berriek osatzen duten komunitatearen garrantzia dela eta, lan honetan euskara, galiziera eta irlandera ikasi duten hiztunak alderatu dira euren hizkuntza-identitatea elkarrekin alderatzeko. Horretarako, euskara, irlandera eta galiziera ikasi dituzten hiztunak sailkatzeko hiru profil bereizi dira hizkuntza-identitatearen arabera: ‘ez naiz hiztun zaharra’, ‘hiztun berria naiz’ eta ‘ez hiztun berri, ez zahar, hiztuna besterik gabe’.

Oharra: Ekitaldira bertaratzeko honako izen-emate orria bete behar da otsailaren 1a baino lehen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago