Atzo WhatsApp doakoa izango dela iragarri zuen Jan Koum-ek, mezularitza-zerbitzuaren kudeatzaileak, Munich-eko DLD biltzarrean. Orain arte, lehen urtea doakoa zen, eta hortik aurrera 0,89 euro/urteko kostua zuen. Baina ordaintzeko eskaera hori ez ei zitzaien erabiltzaile guztiei egiten, eta askok ez zuten ordaindu behar izaten. Hemendik aurrera, doakoa izango da erabiltzaileentzat eta WhatsApp-ek beste diru-iturri batzuk landuko ditu.
2010ean sortu zuten WhatsApp Jan Koum eta Brian Acton-ek, biak Yahoo-ko langile ohiak. 2014ko otsailean Facebook-ek erosi zuen 19.000 milioi dolar inguruan. Artean 450 milioi erabiltzaile zituen. 1.000 milioi erabiltzaile dauzka gaur egun.
WhatsApp-ek ziurtatu du ez duela iragarkirik jarriko aplikazioan. Aldiz, negozio eta erakundeekin komunikatzeko zerbitzu moduan probak egiten hasiko direla aurten adierazi du. Hau da, zure banketxera deitu edota epostaz mezua bidali beharrean, WhatsApp bidez komunikatzea nahi dute. Egia da komunikazio korporatiboaren alorrean badaudela lehenagotik badabiltzan enpresa eta zerbitzuak, eta WhatsApp-ek segurtasun-zuloak izateagatik ezaguna dela baita ere, baina besteek ez bezala 1.000 milioi erabiltzaile ditu.
Dena den, produktu bat doakoa bada, zu zara produktua.
Erantzun
Sartu