Teknologia albisteak

Mugarik gabeko itsasoa: Sorosle euskaldunak Lesbosen laguntzen

Erabiltzailearen aurpegia
2016-01-11 : 10:25

Zarauzko eta Orioko sorosle talde bat Lesbosen ibili da abenduan errefuxiatuei laguntzen, eta astelehen honetan berriro itzuliko dira hilabete baterako.

Egeo itsasoa zeharkatzen ari diren errefuxiatuak laguntzen aritu dira Asier Nieto, Jaime Rochas eta Jon Murua zarauztarrak eta Ibai Jauregi oriotarra. Hasiera batean Salvamento Maritimo Humanitario erakundearekin joatekoak ziren, baina azken momentuko zuzendaritzarekin izandako desadostasunak tarteko, taldea uztea erabaki zuten. Hala ere, errefuxiatuei laguntzera joateko gogoa ez zuten galdu, eta euren kabuz joatea erabaki zuten, modu librean, material propioarekin eta kostuak norbere poltsikotik ordainduta.

Abenduaren 3an abiatu ziren Lesbos irlara (Grezia), eta bi aste pasatxo eman zituzten sorosle lanetan. Mytilene herrian finkatu ziren, Lesboseko hego-ekialdean, behar gehiago zegoelako. Azkenaldian, gainera, gero eta gehiago ari dira zeharkatzen toki horretatik. «Turkiak Europarekin akordioa egin zuen mugak ixteko, eta iparraldetik etorri beharrean ekialdetik etortzen hasi ziren ontzi guztiak», azaldu du Jauregik. Mytilenera iritsi bezain pronto, eremuan kokatzeko apenas astirik gabe, neoprenoa jantzi eta uretara sartu ziren, ontziak iristen ari zirelako.

«Kostako lana egin dugu», nabarmendu du Rochasek. «Ontzian doazen bitartean ezin duzu gauza handirik egin. Lanik handiena itsasertzean dago: jendea atera, ontziko motorra itzali, jendea arropaz estali, artatu, lehen sorospenak egin eta abar». Erreskateak egin dituzten arren, prebentzioan oinarritu da batez ere  haien zeregina:  alde batetik, ontziak kontrolatzen, seinalizatzen eta gune egokietara bideratzen aritu dira, eta bestetik, jendeari lasaitasuna transmititzen, hauek larritasunagatik uretara jauzi egin ez zezaten.

Nietok jakinarazi duenez, «desoreka handia» dago itsasertzetik 100-200 metro itsas barrurantz: «Zuloak daude, eta toki batzuetan hondoa ukitzen baduzu ere, beste batzuetan sakonera handiagoa dago. Beste toki batzuetan, berriz, harkaitzak daude ur azpian. Errefuxiatuek eremua ezagutzen ez dutenez, itsasertzera iristen laguntzen genien, baita ondoren ontzitik ateratzen ere».

Sorosleek «hildako asko ikustea» tokatuko zitzaiela pentsatzen zuten. «komunikabideetan hori ikusi genuelako». Haiek egon diren denboran itsasoa bare izan zuten, eta baldintza onetan. Horrez gain, balizko istripuak saihesten saiatu dira, aurretiaz jokatuz. «Gauza txar bat gertatu baino lehen egoera ongi bideratu dugu. Harkaitzetara zihoazen ontziei nondik joan behar zuten seinaleak eginez, esaterako», dio Jauregik.

Sevillako eta Palenciako suhiltzaileekin bat egin zuten gune hartan; haiek ontzi banatan dabiltza laguntzen. Haiekin harreman estua egin dute, eta elkarlanean aritu dira une askotan.

«Bueltatu beharra»

Datorren astelehenean berriz itzuliko dira Mytilenera. Bigarren txanda honetan, Jaimes Rochas, Asier Nieto eta Ibai Jauregi joango dira, beste bi zarauztarrekin batera; Mikel Mujika eta Aitor Hernandez. «Sorosle falta dagoela eta, bueltatu beharra ikusten genuen». Oraingo honetan baliabide hobeagoekin itzuliko dira, eta egonaldi luzeagoa egiteko asmoarekin: hilabete baterako doaz.

Bigarren aldian, baliabide hobeagoekin
Astelehenean abiatuko dira berriro ere, eta hilaren 13an edo 14an iritsiko dira Lesbosera. DYAk utzitako anbulantzi batekin doaz oraingo honetan, eta bidaia bera ere ibilgailu horretan egingo dute. Era berean, uretako motorra erosi dute , eta Zumaiako enpresa batek erreskatetarako anda bat utziko diete, motorrari atxikitzeko. Besteak beste, flotagailu batzuk, surfeko oholen bat, manta termikoak eta errefuxiatuentzat arropa ere eramango dute. Basque Lifeguards izena jarri diote taldetxoari, eta facebook ataria ere sortu dute. Kostuei aurre egiteko, crowfunding kanpaina bat ireki dute (www.ulule.com/basque-lifeguards) jendeak ekarpen ekonomikoa eginez lagun diezaien.

Jatorria: http://urolakosta.hitza.eus/2016/01/08/mugarik-gabeko-itsasoa/

Erantzun

Sartu