Teknologia albisteak

Eduardo Madinaren proposamen federala... edo jakobinoa!

Erabiltzailearen aurpegia
2015-07-13 : 18:55

Joan den astean, Donostiako Miramar jauregian izaten diren EHUko uda ikastaroetan, mintegia interesgarri bat izan zen: Berrikuntza Politikoa: Konstituzio Erreforma, Autogobernua, Erabakitze-Eskubidea eta Independentzia. Handik, hiru kronika idatzi nituen Mugikaria aplikaziorako, eta hona bi ekarriko ditut gaur, bat Eduardo Madina sozialistak esandakoekin, eta bestea Xabier Barandiarenen hitzaldi baten inguruan.

 

Eduardo Madina PSE-EEko diputatua da Madrilgo Kongresuan. "Proposamen federal bat" zekarren izenburuan bere ponentziak, eta bueno, egin du proposamen hori, baina edukietan ez du ezer zehaztu. PSOEk 2013ko udan Granadan egindako adierazpenean (PDF) oinarritzen da proposamen lauso hori, eta uztail honetan bertan Pedro Sanchez-en PSOEko agintaritzak erreforma konstituzionalaren alde egitea agindu du, baina orokortasunak dira oraingoz dakigunak. Lehenago Eduardo Virgala zuzenbide irakasleak esan zuen mintegi honetan, berak ez duela federalismoa bereziki sinesten, eta Espainian, "proposamen federalak, egon, ez daudela". Eta hala jarraitzen dugu Madinak berea bota ondoren. Proposamen federalista sozialista horren peskisan.

Hala ere, Eduardo Madinak diskurtso landua ekarri zuen, eta paperik irakurri beharrik gabe oratoria sendo eta artikulatua daukala erakutsi zuen. Nik lehen aldiz entzun nuen aurrez aurre, eta Pedro Sanchezekin ez dut plazer hori, baina hala ere, esango nuke Sanchezek baino hizketa-molde eta ideia-egitura sendoagoak dituela. Hala ere, iaz egin zituzten PSOEko lidergorako promariak, eta Sanchezek irabazi egin zion Madinari. Akaso baskoegia, diputatu bizkaitarra.

Federalismoaren defentsa bat egin zuen Madinak Espainiak zenbait defizit dituelako gaur egunean, bere aburuz: aniztasuna errekonozitzekoa, bertikalitatea harremanetan estatuarekin, elkartasun falta... Simetria gehiegizkoa ere ona ez dela izan esan du: "Guztientzako kafea" formula ez du aipatu, baina horretaz aritu dela iruditu zaigu. Alegia, Madinaren Espainia federal horretan, asimetria batzuk posible eta on izan daitezkeela iradoki du, betiere lurralde-elkartasunaren bateragarri egiten bada hori.

Asimetria zertan eta non ere izan daitekeen ere esan zuen: "Hezkuntzaren eta hizkuntzaren gaineko arauak blindatzea", eta gaurko lau autonomia erkidego aipatu ditu, "Katalunia, Galizia, Euskal Herria (literalki, País Vasco, uler bedi) eta Nafarroa". Pasadan bezala bota zituen apunte hauek, hizketaldi luze, mamitsu eta berba azkarreko batean, eta hortaz, ez dakit nik ze puntura arte ikusi dezakegun PSOEren federalismoaren promesa zehatz bat horretan: Lau autonomi erkidego historikoren kasuan eskuduntza bereziago batzuk egon daitezkeela. Baina tira, hauxe da Edu Madinak esan zuen gauzarik zehatzena, eta nik apuntatu nuen.

Federalismoaren ardatza, dena den, identitate bereiziak ezin daitezke izan, baizik eta "hiritartasuna". Identitate desberdinak eta anitzak posible izan daitezen, estatu federalaren gakoa, hiritartasuna izan behar dela dio Madinak. Ze gaur egunean bakoitzak bere identitate pertsonala eraikitzen du bere erara, eta bere kasua adierazteagatik, bere naziotasun identitatea, bere ezaugarri pertsonalen "6. edo 7. tokian egongo da", horren aurretik ezkertiartasuna eta beste ezaugarri batzuk omen dauzka.

Puntu horretan dotore geratu zen Madina, baina galderen txandan, pare bat lagunek adierazi zioten nola Katalunian edo Euskal Herrian burujabetza proiektuek hiritartasun eredu anitzak defenditzen dituztela. Eta hor jada asaldatu zen apur bat Madina: ea zergatik zatikatu behar duen bere barnean sentitzen duen euskal identitatea (amaren familia abertzaletik jasoa), espainiar identitatetik (aitaren erro sozialistagoetatik jasoa nonbait). Identitate horiek "disekzionatzea" berarentzat okerra litzatekeela, ez duela inolaz ere nahi.

Kontxo, Madina, harrapatu zaitugu: 7. posizioan zegoen identitatearena zure lehentasun intimoetan, baina inork horretaz hautua egiteko eskatzekotan, "disekzioa" egitea lehen mailako larritasuna bilakatzen zaizu. Aklaratu zaitez, txikito, zure identitatea lehen mailako ala zazpigarren mailako kontua da?

Hizkuntzaren hautu zehatz bat ere egiten du Madinak. Beste talde batek egitura politiko bat osatu nahi badu, hori "disekzioa" da. Berak Espainia federal bat osatu nahi badu, hori "arrazionala" da.

Aro post-nazional batean bizi garela dio, eta hortaz, estatu hiritar bat da geratzen dena. Berea ez da nazioa, hiritartasun arrazional bat. Besteok berdina edo antzekoa defendatzen badugu, "patria" kontzeptu zaharkitua da guri tokatzen zaiguna. "Aniztasuna" bada bere Espainia federalaren defentsa, beste edozein ahalegini beste epiteto hau jarri dio Madinak behin eta berriro: asmo "homogeneizatzailea." Jon Olano BERRIAko kazetariak oso ondo komentatu zuen txio batean: "Askoz erosoagoa da erabakitzeko eskubidea termino sabinianoetara eramatea". Horixe egiten du Madinak, besteontzako terminologia sabindarra, eta berarentzat, Frantziako errepublikaren laizismo hiritarrarena. Federalismoa baino gehiago, jakobinismoa iruditu zitzaidan niri une batzuetan Madinak zioena.

Azkenean, norberaren posizioa halako ideologia "politikoki ateo" batean jartzen du Madinak. Besteok dugu erlijioa, aberri-gogoa, homogeneizazio etnikoaren guraria. Bekatu horietatik libre bizi da sozialista, laikoa baita, hiritartasuna aldarrikatzen baitu, aniztasuna maite baitu. Nabarraldek jasotako artikulu batean duela gutxi zehazten zuten tranpa bera dago hemen, Frantziako laizismo ofizial jakobinoaren tranpa bat azpimarratzen zuenean: erlijiozko ateismoa bada posible, jainkorik gabeko diskurtsoa posible da, baina hizkuntza-ateismorik ez dago, ze frantsesa, hizkuntza bat da, nahitanahiez. Nazionalismoaz ateoa dela sinetsarazi nahi digu Eduardo Madinak, bere estatu proposamenean naziorik ez balego bezala, hiritartasun anitz bat baizik.

Erantzun

Sartu