Teknologia albisteak

Kontseiluaren adierazpena Nafarroako Euskararen Legea dela eta

Erabiltzailearen aurpegia
2015-12-16 : 10:05

Abenduaren 15ean Nafarroako Euskararen Legeak 29 urte bete zituela oinarri hartuta, Kontseiluak, bere bazkideen Nafarroako ordezkariek lagunduta, agerraldia egin zuen Nafarroako Parlamentuan, eta adierazpen hau zabaldu zuten bertan: Euskararen legearen 29. urteurrenaren harira, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Nafarroako bazkideen adierazpena.

1. Nafarroako Euskararen legea

Jakin badakigu oraingo gobernua oso sentikorra dela gai honekiko eta pausoz pauso abiatu beharra dagoela legearen aldaketa. Prestatzen ari den erregelamendu berria bide horretako lehen pausua besterik izanen ez delakoan, nafar guztion eskubidearen aldeko gure jarrera tinkoa eta argia adierazi nahi dugu eta legealdi honetan legearen aldaketa abiaraziko dela uste osoa daukagula. Era berean, Nafarroako herria aldaketaren alde dagoela sinesten dugu, eta gure erronka izanen da gizarteak duen aldaketarako gogoa argi eta garbi azaltzea, Nafarroako Gobernuak konfiantza osoz burutu dezan lan legegilea.

Euskalgintzaren erronka ere badelako erakustea gizartearen gehiengoa euskararen alde dagoela, eta inondik ere ez dela zilegi nahastea nafar guztiek izan behar dituzten hizkuntza-eskubideak balizko inposizioekin. Euskalgintzaren lana izanen da gizartea kontzientziatzea eta mobilizatzea ere, eskubide horien urraketaz ohartarazteko eta lege aldaketaren beharra agerian paratzeko.

Horretarako, Nafarroako euskalgintzak eta Nafarroako Gobernuak eskutik joan behar dute bien lana eraginkorragoa gertatu dadin. Horregatik, gaur, abenduaren 15a honetan lege aldaketaren beharra aldarrikatuko dugu, eta heldu den urteko 30. urteurrenaren harira kanpaina eraginkor eta erabakigarri bat aldarrikatu dugu legearen aldaketa arintzeko eta Nafarroako Gobernuak egin beharreko lana ziurtasun osoz garatzen hasteko. Zer esanik ez, legealdiko 3. eta 4. urteetan, aldaketaren aldeko lana sakonduko dugu, harik eta lege aldaketa gauzatzen den arte.

2. Euskararen Nafar Kontseilua:


Aurreko puntuan Nafarroako Gobernua eta euskalgintza batera aritzeko komenigarritasunaz aritu gara, eta, zalantzarik gabe, Euskararen Nafar Kontseilua izan liteke elkarlan hori garatzeko tokirik aproposena.   

Horregatik, Euskararen Nafar Kontseiluko erabilera eraginkor bat proposatzen dugu, non euskalgintzan aritzen diren kolektibo guztiek parte hartzeko aukera izanen duten, dela osoko bilkuran, dela lan batzordeetan. Orain da unea euskalgintza eta gobernua erabakitzeko ahalmena duen mahai baten inguruan elkarren ondoan eserita egoteko. Foro horretan bertan lan genezake, hasteko, euskararen erregelamendu berria, eta gerora legea aldatzeko eman beharreko urrats guztiak. Hori dela eta,  Euskararen Nafar Kontseiluak berez izaten dituen batzordeez gain, Euskalgintzaren 13 proposamenak landuko dituzten behar adina lan batzorde sortzea proposatzen da.

3. Baliabideak eta aurrekontua

Azkenik, baliabide duinak behar dira euskararen aldeko hizkuntza-politika eraginkorra aurrera eramateko. Euskalgintzak pairatu izan duen azken urteotako mespretxua alde batera utziko dela ez dugu dudarik, baina horretaz haratago benetan aurrekontu duina behar da behar bezalako hizkuntza-politika bat egin ahal izateko. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu osoaren %2 eskatzen dugu; betiere, bestelako behar sozialak ahaztu gabe.

Iruñean, 2015eko abenduaren 15ean

Erantzun

Sartu