Jon Salaberri arrasatearrak hiru arazo zituen erabaki zuenean plazara irtetea bera bezalako hiesdunen alde: drogazalea izan zen, homosexuala eta hiesduna. Eta, gainera, gorria. Ez zen bisita txartelik onena XX. mende bukaerako Euskal Herria komentzitzeko HIESari aurre egin behar zitzaiola inor baztertu barik, are gutxiago gaixoak eurak. Hala ere, urte gutxian lan handia egin zuen, eta lagundu zigun hiesdunei beste modu batez begiratzen. Ordainetan, ahaztu egin dugu ia erabat. 2015eko Maiatzaren 10ean hogei urte beteko dira hil zela.
Berlingo harresia erori zenean, 1989an, Jon Salaberrik 28 urte zituen, eta bere bizitza xixko eginda zegoen: lau urte lehenagotik bazekien seropositiboa zela, baina horregatik ez zuen heroina utzi. Urte hartan baina, oso gaizki hasi zen sentitzen, eta Idoia arrebak, Irlandatik itzuli berria, aurre egin zion: “Bide horretatik segitu nahi duzu? Bada, nik neurea egingo dut”. Arreba nagusiaren hitzek erasanda, behin betiko utzi zuen heroina, baina handik lasterrera jakin zuen HIESa garatu zuela, Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea, gaitz bat garai hartan sekulako triskantzak egiten ari zena mundu osoan, bereziki, toxikomano, odol transfuzioa behar zuten gaixo eta homosexualen artean.
Jon Salaberri, izaeraz, irekia zen, eta erraz egiten zituen harremanak. Jose Manuel Agud Txagorritxun izan zuen medikuak ere gogoan du hiztuna zela, eta oso ekintzailea.
“Hala ere” —dio Aitor Iturriaga sasoi bateko lagunak—, “Jonek bazuen beste alde bat. Errebelde eta exhibizionista ere bazen. Eta gustatu egiten zitzaion jendaurrean horrela agertzea. Jende gutxik aitortzen zuenean bere homosexualitatea, bera gai izan zen hori egiteko. Bere lankide batek esan zidanez, Eusko Jaurlaritzan zebilenean, Nekazaritza sailean, egun batean Jonek erabili zuen bertako iragarki taula bat bere homosexualitatearen defentsa egiteko. Horrelakoa zen, oso ausarta”.
Ordura arte errebelde eta exhibizionista samar jokatu bazuen, HIESa agertu zitzaionean, “uste dut zentratu egin zela”, dio Aitor Iturriagak: “Gaixotasunak orekatu egin zuen mutila”. Geroago Salaberrik berak aitortuko zuenez, gaixotasunak lagundu egin zion bere bizitzari zentzu bat aurkitzen.
Hala ere, Jon Salaberri ez zen Rock Hudson, Magic Johnson edo Freddie Mercury, jende ezin famatuagoa mundu osoan, bere bizitzaren une batean aitortu zutenak HIESa zutela. Aldiz, bere kasuan hiru adjektibok markatzen zuten besteen aurrean: heroina zalea, homosexuala eta hiesduna. Gainera, Salaberri gorria zen. “Ez zen nazionalista izan —dio Idoia arrebak—. Abertzalea igual bai, baina ez nazionalista, munduko hiritartzat zuen bere burua”. Hortaz, famatuen zerutik baino, baztertuen basatzatik zetorren Jon Salaberri garai hartako Euskal Herri kontserbadorera. Berdin zion, ordurako berak misio bat zuen-eta geratzen zitzaion denborarako: bera bezalako gaixoen alde lan egitea.
Lehendabizi bakarrik hasi zen lanean. Sei-zazpi hilabetez, hondartzarako mahai txiki bat hartu, eta Portaloian jartzen zen, Arrasateko erdigunean, informazioa zabaltzen.
Baina gizon pragmatikoa izaki, berehala hasi zen aliantza sare bat josten. Lehendabizi, konpondu egin zituen etxeko harremanak, Idoia arrebarekin nagusiki. Handik aurrera, etengabe partekatuko zituen bere proiektuak harekin, eta bien arteko harremana hobetu egin zen nabarmen. Kalean ere, aliatuak egin zituen bere kausarako: Iñaki Telleria eta Domi Korta mondragoetarrak, besteak beste. Txagorritxuko Ospitalean ere, lagun egin zituen bertako medikuak, tartean Jose Manuel Agud. Eta Gipuzkoatik kanpo ere, bidelagunak bilatu zituen. Debagoienean auto-laguntza talde bat antolatu guran, harremanetan jarri zen Gasteizko talde batekin, Arabako Hiesaren Kontrako Batzorde Hiritarra, eta denboraldi batez haiekin aritu zen lanean, ikasteko zelan kudeatu horrelako talde bat, gero bailarara eramateko han ikasitakoa. Bilbon, bestalde, Bizkaiko taldeekin egin zuen bat, eta hantxe ezagutu zuen Josu Unanue HIESaren kontrako T4 taldeko sortzaile bermeotarra, gerora bere lagunik handienetakoa izango zena.
1991ko irailaren 11tik 15era, Josu Unanuerekin batera, Jon Salaberri Londresen izan zen, GIB-HIESarekin bizi direnen Nazioarteko V. Batzarrean. Bertako leloa berezia izan zen: “Biktima izatetik, irabazle izatera!”. Josu Unanuek kontatzen duenez, “Londrestik gogoberrituta etorri ginen, autolaguntza bultzatzeko prest. Hiesdunak boteretu nahi genituen, euren etorkizuna euren esku har zezaten”. Handik bueltan, Jon Salaberrik ere premisa horiekin ekin zion berriz lanari: “Londresen (aurrez Madrilen ere bai), kontinente guztietako ehundaka lagunen taupada, bizia, sentitu dut: kultura eta sinesmen ezberdinetako jendea, eta oso bide ezberdinetatik kutsatua gertatu dena. Denok genuen zerbait amankomunean: GIB (Giza Immunoeskasiaren Birusa) eta itxaropen berbera: borroka egin eta bizitzea. Asko eskatzea ote?” (Arrasate Press, 123).
Araban zebilen arren, Debagoienean ere mugitu zen Jon Salaberri, eta HIES Ekimena izango zena sortu zuen, HIESaren aurkako Batzorde Hiritarraren auto-laguntza talde bat. HIES Ekimena izan zen Salaberriren proiektu kutuna.
HIES Ekimenak laguntza eta elkartasuna eskaintzen zien seropositibo eta hiesdunei. Baita zerbitzu hauek ere: informazioa HIESari buruz; aholkuak elikaduraz, higieneaz eta ariketaz; aholkularitza eta defentsa diskriminazio kasuetan; informazioa gaixoen eskubideez; laguntza afektibo-emozionala; antisorgailu eta xiringa erabili bakoen banaketa, doan; liburutegi txiki bat eta bestelako ekintzak.
Arrasateko Udalak bulego bat utzi zion elkarteari Arrasate pasealekuan, eta urte haietan HIES Ekimenak sekulako lana egin zuen bailaran. 1992an, esate baterako, HIES Ekimenak jardunaldi batzuk antolatu zituen, HIESaren mundu eguna Arrasaten, 20 hitzaldi baino gehiago, mahai informatibo bat jarri Sebero plazan, eta Quiérete, quiéreme aldizkaria argitaratu. Saldu ere, ugari: 11.000 antisorgailu, 1.600 kartel, 6.500 aldizkaritxo baino gehiago, 1.500 pegatina, 250 ale Quiérete, quiéreme aldizkariarenak, 100 ale Sidapress, Bilbon egiten zen aldizkari bat. Urte hartan HIES Ekimenak 1.836.062 PTA jaso zituen udal, enpresa eta salmentetatik. Alegia, 11.100 euro inguru. Gastatu, berriz, 1.742.721 PTA, hau da, 10.500 euro inguru. Hurrengo urtean, ostera, 2.000.000 PTAko aurrekontua izan zuen, hots, 12.000 euro. (Arrasate Press, 177).
Datu horiei erreparatuz gero, seguruenik, hori izango zen HIES Ekimena elkartearen urterik onena. Garai hartan Jon Salaberrik orduak eta orduak igarotzen zituen elkartearen bulegoan edo eskolaz eskola hitzaldiak ematen.
Hil arte, Jon Salaberri HIESaren aurpegia izan zen Euskal Herrian: elkarrizketak eman zituen hedabide askotan, telebistako eztabaidetan parte hartu zuen, hitzaldiak eman zituen… Horra lau adibide:
1992ko urrian eta azaroan Salaberri birritan izan zen Rifi-rafe saioan, ETB2k garai hartan zuen audientziarik handieneko eztabaida saioa, Antxon Urrosolok gidatua. Lehenean gaixo terminalez hitz egiteko, eta bigarrenean, HIESaz. Bietan, ederto baliatu zuen saioa bere itxaropen mezua zabaltzeko.
1992aren amaieran Donostia, Gasteiz eta Bilboko Prentsa elkarteek arte erakusketa handi bat antolatu zuten hiru hiriburuetan, dirua biltzeko HIESaren kontra. Erakusketaren leloa: “Emaidazu eskua, ez da ezer gertatzen”. Erakusketa Donostian zegoen bitartean, Gipuzkoako egunkariek orrialde osoko iragarki bat atera zuten hiru egunez, hiru bertsiotan. Berauetan Jon Salaberri lagun hauek babestuta agertu zen: Eduardo Txillida eskultorea, Irene Laffitte pintorea, Angel Vilariño auto gidaria, Xabier Elorriaga aktorea, Alberto Gorriz futbolista ohia eta Antxon Urrosolo telebista aurkezlea.
1993ko martxoaren hasieran, HIESaren inguruko II. kongresua inauguratu zen Bilbon, bertan Luc Montagnier zela, geroago Medikuntzako Nobel saria irabaziko zuena GIB eta HIESaren arteko harremanaz egindako ikerketagatik. Haren eta beste 1.000 inguru adituren aurrean, Jose Antonio Ardanza lehendakariak besarkatu egin zuen Jon Salaberri. “Sartu nintzenean aretoan, eta ikusi nuenean bera nigana hurbiltzen —adierazi digu lehendakari ohiak—, sekulako besarkada eman nion, nahi nuen-eta jendeak ikustea hiesdun bat besarkatzea ez zela arriskutsua”.
Urte bereko martxoaren 28an, Argia aldizkariak portada eta elkarrizketa nagusia eskaini zizkion Jon Salaberriri.
Jon Salaberri, Ardanza lehendakariarekin eta Iñaki Azkuna sailburuarekin. Argazkia: Deia, baimenarekin Sustaturako.
Urte pare bat lehenago Salaberri zabaltzen hasitako mezua hedatzen ari zen Euskal Herrian, eta gizartea bere egiten ari zen mezuori.
1993ko irailean. Jon Salaberri eta Josu Unanue Acapulcora joan ziren, Mexikora, HIESaren inguruko nazioarteko konferentzia batera. Josu Unanuek dioenez, “Londrestik indarberrituta itzuli baginen, Acapulcotik jota etxeratu ginen, han bazterkeriaren gordina bizi izan genuen-eta. (…) Horrezaz gain, Jon gaixotu egin zen”.
1994ko apirilean, berriz, Salaberrik toxoplasmosi bat izan zuen, garuneko infekzioa. Handik aurrera, gurpildun aulki batean ibili behar izan zen. Hitz egiteko ere, arazoak izan zituen. Urte hartako Gabonetarako, hagin asko galdu zituenez, dieta berezia zuen: pureak eta janari bigunak.
Arazoak arazo, mugitzen zen batetik bestera, gehienetan familiak lagunduta. Horrela, astebete egin zuen Kanarietan, bi izekok lagunduta. Berak esker onez hitz egiten zuen familiari buruz Arrasate Press aldizkariaren 256. zenbakian: “Nire arreba Idoia oso ondo portatzen da nirekin; behin baino gehiagotan esan dut monumentu bat egin behar zaiola: edozeinek ez dio bere bizitzari uko egiten beste batena zaintzeko, eta horrek arazo bat dakar: hiltzen naizenean, hutsune handia sentituko du bere bizitzan: hortik ateratzen jakingo duela espero dut”.
Azken urtea gogorra izan zen Jon Salaberrirentzat. Pneumonia izaten zuen, eztula, katarroak eta arazoak arnasa hartzeko. Takian-potian Txagorritxura eramaten zuten. Gainera, gurpildun aulkian ibili behar zen beti, beste norbaitek lagunduta.
Urte hartan, Salaberri eta beste asko hasi ziren anti-erretrobiral berriak hartzen, AZT izenekoak, eta igarri zitzaien apur bat hobetu zirela, baina, Domi Korta lagunak dioenez, “berandu zen, ordurako oso erreta zeudelako”.
1995eko maiatzean, Jon itzaltzen ari zen. Hil aurreko larunbatean bere lagunek kalejira bat egin zuten Arrasaten HIESaren kontra, baina Jon ez zen etxetik irten. Haiek eskatu arren, etxeko balkoira ere ez zen irten. “Bazenekien —idatzi zion Txus Congil Askagintzako bozeramaileak Egin egunkarian Jon Salaberri hil ondoren—, bazenekien agurtu behar zinela, baina agurrak sekula ez dira izan zure gustukoak”.
1995eko maiatzaren 10ean, asteazkena, medikua joan zen Salaberri ikustera, hau ohean zegoela. Birikak urez beteta zeuzkan, eta arazoak zituen arnasa hartzeko. Joan aurretik, medikuak esan zion Idoiari anaiak okerrera eginez gero, deitu eta emango ziola pastilla bat, haren denbora eramangarriagoa egiteko. Biak geratu ziren etxean: Jon ohean, eta Idoia etxeko lanak egiten. Halako batean, Idoia joan zenean anaiaren logelara, hilda aurkitu zuen.
Egun batzuk geroago, maiatzaren 14an, familiartekoak eta lagunak Leintz-Gatzagara joan ziren, Gipuzkoan, Jon Salaberriren errautsekin, bertan azken agurra ematera senitarteko eta lagunari. Hango parke txiki batean, txalapartaren hotsak entzun ziren. Gero, Sagra Lopez eta Josu Gallastegi lagunek hartu zuten hitza. Haritz bat ere landatu zuten Salaberriren omenez. Amaitzeko, ondoko zubitik behera Deba ibaira bota zuten haren errautsen parte bat. Berak testamentuan eskatu bezala, gainerako errautsak zabaldu zituzten Saran (berak eta arrebak Lapurdiko herrian zuten etxean), mendian eta itsasoan.
Urte oso gogorrak izan ziren 1984 eta 2000 artekoak. Aldi hartan 3.360 lagun hil ziren HIESak jota Hego Euskal Herrian, gehienak gazteak, tartean Jon Salaberri, marjinazioaren lokatzetatik sortutako ekintzailea eta bere koadrillako lagun asko. Gaixotasunean aurkitu zuen bere bizitzaren zentzua, bera bezalako gaixoen alde lan egiteko. 2015eko maiatzaren 10ean hogei urte beteko dira Jon hil zela.
Jon Salaberriren inguruko argazkiak, Flickr-en daude ikusgai.
Erantzun
Sartu