Teknologia albisteak

Euskara biziberritzeko paradigma berri bat aurkeztu dute

2016-02-14 : 02:19

Patxi Saez Beloki soziolinguistak ondorengo 20-30 urteetan euskara indarberritzeko “Gurdiaren Paradigma (2016)” aurkeztu du joan den ostiralean, 2016-02-12an, Euskaltzaindiak “Euskara biziberritzen jarraitzeko” antolatutako jardunaldian. Patxi Saezek bere hitzaldian esan zuen, ondorengo hamarkadetan euskararen erabilera gizarte osora zabaldu nahi badugu, ezinbestekoa dugula orain arteko estrategiak aldatzea eta behar-beharrekoa dugula paradigma berri bat horretarako, Saezek dioenez, “Orain arte egindako berdina eginez, ez ditugu emaitza ezberdinak lortuko”.

Saezek hitzaldiaren hasieran euskararen gaur egungo egoera deskribatu zuen: “Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian, hizkuntzak hiztunengan bizi baitira. Irudika dezagun euskara landare bat dela eta lorontzi batean dagoela. Lorontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren irudipena dugu, izan ere, hosto batzuk horaildu egin baitzaizkio. Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu baina hiztun horiek ez diote bizi-indarrik ematen”.

Patxi Saez soziolinguistak Euskaltzaindiaren egoitza nagusian euskararen erabilera sozio-funtzionalerako proposatu zuen paradigmaren bidez, gaur egun euskara bigarren hizkuntza duten gazte euskaldunberri askok euskara zergatik erabiltzen ez duten azaldu zuen Maslow psikologo eta ikertzaile estatubatuarraren teoriak erabiliz.

Saezen arabera, “Euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balore-eskalan euskarak garrantzi handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta”.

Patxi Saezek Euskaltzaindiaren “Euskara biziberritzen jarraitzeko” jardunaldian emandako hitzaldia bere webgunean jarri du eta PDF honetan ere jaitsi daiteke.

Jardunaldiak emandako guztia ikusteko, berriz, bi laburpen-albiste hauetan (bat eta bi) , eta ondorengo bideoetan.

Erantzun

Sartu