Teknologia albisteak

Euskararen paradigma berritzeko eta aldaketaren gidaritza hartzeko eskaria Euskaltzaindiari.

2015-12-03 : 10:40

Azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatzeko eskatu du Patxi Saez Beloki soziolinguistak eta aldaketa horren gidaritza hartu dezala eskatu dio Euskaltzaindirari, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Euskararen Nazioarteko Egunaren sokatik, euskarak azken 50 urteotan indarrean daukan paradigma aldatzeko aldarria egin du Patxi Saez soziolinguistak eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak. Orain arte, euskararen normalizazioa lortzeko, jarraitu den eredua aldatzeko eskaria egin du Patxi Saezek eta Euskaltzaindiari, aldaketa hori egin ahal izateko, gidaritza hartzeko eskatu dio, hainbat hedabidetan argitaratu duen eskutitz baten bidez.

Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikapenak egiteko eguna izaki, Patxi Saez soziolinguistak Euskal Herriko hainbat egunkari, astekari eta agerkari digitaletan argitaratu duen eskutitzaren bidez, euskarak azken 50 urteotan hizkuntza normalizaziorako izan duen paradigma, agortuta dagoela eta berritzeko unea iritsi dela adierazi du: “Oraintxe dugu une historiko egokia euskararentzat dinamika berri bat sortarazteko. Azken helburua euskararekin gaur egun dauden inertziak aldatzea eta iraultzea litzateke”. Saezen esanetan, dinamika berriaren helburua “Euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekartzea litzateke, euskara gizartearen bigarren hizkuntza izatetik gizartearen hizkuntza nagusi bihurtzeko”.

Azpeitiko soziolinguistak, Euskaltzaindiari zuzendutako eskutitz horretan, akademiak 2018an mendeurrena beteko duela baliatuz, Mendeurreneko Batzar Nagusia antolatzeko proposamena egin dio, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko, beti ere, euskara gizarteko hizkuntza nagusi bihurtzeko jomugarekin. Patxi Saezen esanetan: “Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke”.

Elefantea

Orain hilabete eta erdi, aurtengo urriaren 13an, hain zuzen ere, Patxi Saezek Euskararen normalizazioaren etorkizunari buruzko bere ikuspegiarekin landutako artikulu bat argitaratu zuen: Elefantea ikusi. Artikuluak euskalgintzako 50 aditu baino gehiagoren ekarpenak eta iritziak jaso ditu. Era berean, Euskal Herriko hainbat hedabidetan ere izan du oihartzuna. Besteak beste, Pruden Gartziak, Euskaltzaindiko Bilblioteka eta Artxiboko zuzendariak eta euskaltzain urgazleak, hauxe idatzi du Patxi Saezen Elefantea ikusi artikuluari buruz (Berria, 2015-11-11): "Patxi Saezek eskatzen duena, funtsean, paradigma aldaketa bat da, alegia, eta betiko adibidea erabilita, garai batean Fisika Newtonek sortutako paradigmatik ikusten genuen, gero (XX. mende hasieran) iraultza zientifiko bat gertatu zen eta paradigma aldatu zen, hortik aurrera Fisika Einsteinek sortutako paradigmatik hasi ginen ikusten (erlatibitatearen teoria). Esan nahi ote du horrek Newton oker zegoela eta Einstein zuzen? Newtonek deskribaturiko legeak okerrak eta zentzugabeak zirela? Ez, jaun-andreok, paradigma aldaketa bat ez da hori, beste hau baizik: Einsteinek ez zuen Newton desegin, gainditu bai ordea, Fisika ulertzeko modu berri bat eskaini, zeinaren bidez aurrerakada zientifiko itzelak gertatu ziren. Zeren, funtsean, Newtonen paradigma agortua zegoen, eman beharrekoa emanda, elkortua, bizigabetua. Hitz batean, ordurako hila eta fosiltzen hasia.

Patxi Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da."

Patxi Saez Beloki soziolinguistak azken 50 urteotako euskararen ezagutzaren edo gaitasunaren paradigma gainditu eta erabileraren paradigma indarrean jartzeko proposamena egin du,  "Hizkuntza oro erabili ahal izateko gaitasuna behar da baina gaitasuna izateko erabili egin behar da. Jakite hutsa ez da nahikoa, hizkuntza oro erabiliz zorrozten baita: jakitea eta erabiltzea euskararen gurdiaren ardatzean dauden bi gurpilak dira. Bi gurpil horiek aldi berean eta abiadura berean ibili behar dira jirabiran. Gaur egun gertatzen den bezalaxe, bi gurpiletako batek huts egiten badu, gurdia arrastaka eramango dugu, horrek sortzen dituen neke eta ezinekin" dio Saezek.


Euskaltzaindiarentzat «gai garrantzitsua»
Patxi Saezek, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbait hedabide digital eta paperekoetan argitaratu duen eskutitz berbera joan den irailean helarazi zion Euskaltzaindiari. Zuzendaritza Batzordeak gaia «garrantzitsua» dela erabaki du eta Sustapen Batzordeari aztertzeko eskatu dio. Sustapen Batzordeak, berriz, gaia sakonago aztertzeko, mintegi bat antolatzea erabaki du. Mintegi horretan bere ikuspegia aurkezteko gonbita jaso du Patxi Saezek. Era berean, Patxi Saezek idatzitako Elefante ikusi artikuluari ekarpenak egin dizkioten hainbat aditu ere gonbidatuko ditu Euskaltzaindiak. Mintegia abenduan hasiko da.


Inkesta

Euskararen etorkizuna irabazteko erabateko garrantzia duen gaia dela ikusita, bere proposamena gizarteratzeko helburuarekin, inkesta bat ere sareratu du Patxi Saezek herritargoaren iritzia jasotzeko.

Erantzun

Sartu