Gaur egun euskalgintzan ari garenontzat, baita EMUNentzat ere, euskararekiko motibazioa lantzea eta batik bat, metodologiak garatzea, lehentasunezkoa da. Euskararen ezagutzak nabarmen egin du gora azken urte hauetan, baina erabilerak ez du neurri berean egin aurrera. Zenbait adituk diotenez, gainera, egungo estrategiekin nolabaiteko tope batera heldu da euskararen erabilera eta beraz, bide berriak esploratu eta zabaltzeko premia nabarmendu da azken aldian. Jardunaldia irailaren 10ean eta 12an egingo da Donostiako San Telmo Museoan.
Euskararekiko motibazioa ardatz hartuta, EMUN gai honen inguruko topaketa antolatzen ari da. Euskararen normalizazioan, garapenean edo-eta irakaskuntzan dabiltzan eragile guztiei zuzenduta egongo da eta gai zehatzago batzuk landuko dira taldeka banatuta, arrakastarako gakoak eta lanerako ildoak identifikatzeko.
Lanerako topaketa izango da: gai zehatzen inguruko ideia berriak edo lanerako bide berriak sortzeko dinamikak antolatuko dira, parte hartzaileen esperientziatik abiatuta elkarrizketak sortuz.
Bestalde, berrikuntza irekiaren oinarriei eta filosofiari heldu gatzaizkio eta horregatik, besteak beste, antolatzailea EMUN bada ere, taldekako lanketarako dinamizazioan beste erakunde batzuetako ordezkariek ere parte hartuko dute, euren esperientzia ere bertan egon dadin.
Berrikuntza irekiaren oinarrian zera baitago: berritzeko besteekin batera elkarlanean berritu daitekeela, sinergiak aprobetxatuz. Guztion esperientzia trukatu, aztertu eta elkarrekin aurrera begirako bideak zehaztean datza. Horixe da topaketa honek dakarrena.
Egitaraua
Erantzun
Sartu