Teknologia albisteak

Ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatzeko Europako 30 aditu elkartuko dira Bilbon hiru egunez

Erabiltzailearen aurpegia
2016-07-18 : 10:28

Bilbao Berrikuntza Faktorian izango da Europako ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatu eta bermatzeko PLOTINA egitasmoan hiru egunez egingo den topaketa. Europako zortzi herrialdetako hamar erakundetako adituak bilduko dira uztailaren 18tik 20ra, ikerketa garatzen duten erakundeetan berdintasun-planak inplementatzeko metodologia bat garatzea helburu. Elhuyarrek antolatu du topaketa, proiektuaren lantaldean berdintasun-aholkulari izateaz gainera. Topaketaren egoitza Mondragon Unibertsitatearena da, egitasmoaren beste euskal kidearena.

2016. urtearen hasieran abiatu zen PLOTINA proiektua (Promoting Gender Balance and Inclusion in Research, Innovation and Training), eta hiru urtez jardungo dute estrategia berritzaile eta jasangarrien bidez, ikerketa-erakundeei neurrira egokitutako berdintasun-planen garapena, ezarpena eta ebaluazioa egiten. Europako zortzi herrialdetako zenbait ikerketa-zentro, unibertsitate, elkarte profesional eta proiektuaren garapenaren jarraipena eta horren zabalkundea egiten espezializatutako kide partzuergo batean elkartu dira horretarako, tartean, Elhuyar, berdintasun-aholkulari gisa. Europako ikerketa-zentroen dibertsitatea islatzen du partzuergoak, bai eta Europako giro sozial eta kulturalen dibertsitatea ere.

Ikerketa-erakundeetarako berdintasun planak garatzera iristeko, ezinbesteko hiru alor hauek lantzea dute helburu: batetik, generoaren ikuspuntua kontuan hartzen duen kultura-aldaketa bat eragin; bestetik ikertzaileen, eta, batez ere, emakume ikertzaileen, garapen profesionala bultzatzeko ekimenak bideratzea, talentua alferrik gal ez dadin, eta, azkenik, bai ikerketan bai irakaskuntzan ikuspuntuak eta metodologiak dibertsifikatzen direla bermatzea, kasu honetan, genero- eta sexu-dimentsioa eta analisia kontuan hartuta.

Helburu horiek guztiak barne hartuko dituen metodologia garatzeko bidea lau etapa orokorretan banatu dute: partzuergoko kide diren ikerketa-zentro eta unibertsitateen egoera aztertzea; bakoitzerako genero-berdintasunerako plan bat diseinatzea; berdintasun-planeko helburuetara iristeko ikerketa-zentro kideetan ekintzak diseinatu, inplementatu eta ebaluatzea, eta, azkenik, Europa osoko ikerketa garatzen duten erakundeek erabiltzeko moduko baliabide-plataforma bat sortzea, nork bere egoerara egokitutako genero-berdintasuneko planak diseinatu ahal izateko.

Urte honen amaierarako diagnostikoak eginda izatea aurreikusi dute, 2017ko martxorako berdintasun-planak diseinatu ahal izateko. Hortik aurrera, zentro eta erakunde desberdinetan inplementatuko dituzte, eta, hala, aukera izango dute esperientziak partekatzeko, elkarrengandik ikasteko, hobetzekoak identifikatu eta metodologiak egokitzeko eta abarrerako.

Hala, PLOTINAk lagunduko du emakume ikertzaile gehiago egon daitezen, haien ikertzaile-ibilbideak bultzatzen, eta generoaren dimentsioa ikerketaren diseinuan, ebaluazioan eta exekuzioan txertatzen, kalitate eta garrantzi handiagoa izan dezaten, horrek, aldi berean, berrikuntzen bikaintasuna eta gizarte-balioa bultzatzen baitute.

Honako erakunde hauek osatzen dute PLOTINA proiektuaren partzuergoa: Boloniako Unibertsitatea (Italia) proiektuaren koordinatzailea,Warwickeko Unibertsitatea (Erresuma Batua), Mondragon Unibertsitatea (Euskal Herria), Instituto Superior de Economia e Gestao (Portugal), Kemijski Institut (Eslovenia), Ozyegin Universitesi (Turkia), Zentrum fur Soziale Innovation GMBH (Austria), Jump Forum (Belgika), Centro Studi Progetto Donna e Diversity MGMT (Italia), eta Elhuyar (Euskal Herria).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago