Egitarau bete-betearekin dator aurtengo Zientzia Azoka. Datorren apirilaren 23an, eguerdiko 12tan hasi eta iluntzeko 8ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Bilboko Plaza Barrian. Hala, 12-18 urteko gazteen ia ehun talde eta haien lanak izango dira protagonistak. Horrekin batera, zientzia-ikuskizunekin eta esperimentuekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen duten guztiek. Amaieran, egindako lanaren aitortza jasoko dute; besteak beste, talde batzuek Espainiako zein atzerriko beste azoka batzuetara joateko aukera izango dute.
Xehetasun guztiak azaltzeko, apirilaren 20an prentsaurrekoa emango dute 11tan, Bilboko udaletxeko prentsa-aretoan Begoña Garamendi Ibarrak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak; Koldo Narbaiza Olaskoagak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak; eta Leire Cancio Oruetak, Elhuyarreko zuzendari nagusiak
Aipatzekoa da Zientzia Azoka, Elhuyarrek antolatzen badu ere, Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean egiten dela. Hain zuzen, UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileen laguntza jasotzen dute gazteek.
Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta alorreko pertsonak hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak, eta , eta erakunde hauek finantzatzen dute: Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Iberdrolak, Euskaltelek, Visiontech4Life kontsortzioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta FECYT erakundeak (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa).
Babes horren erakusgarri, Zientzia Azokaren babesle eta kolaboratzaile guztiak egongo dira irekieran, 12tan Zatoz zu ere Bilboko Plaza Barrira!
Erantzun
Sartu