Teknologia albisteak

Abian da CAF-Elhuyar sarien 2015eko edizioa, “Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde” lelopean

Erabiltzailearen aurpegia
2015-11-18 : 10:33

“Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde”, hori da CAF-Elhuyar sarien 2015eko edizioaren leloa. Hain zuzen ere, gizartean kultura zientifikoa sendotzeko, funtsezkoa da zientzia eta teknologia arloko gaiak eta ikerketak zabaltzea eta gizarteratzea, eta lan hori egiten dutenak saritzeko eta aitortzeko helburua du sariketak. Lau kategoria ditu, eta 2016ko otsailaren 11ra arte dago irekita lanak aurkezteko epea.

Horrenbestez, honako kategoria hauetarako deia egingo dugu CAF-Elhuyar sarien 2015eko edizioan:

Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak aurkeztuko dira, eta bi azpikategoriatan banatuta dago:

  • Dibulgazio-artikulu orokorrak, 2.000 €-ko sariarekin
  • Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, 2.000 €-ko sariarekin

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak, 2.000 €-ko sariarekin. Kategoria honetan, 2015ean euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak aurkeztuko dira, edozein formatu eta generotakoak.

Zientzia gizartean sorkuntza-beka, 5.000 €-ko diru-laguntzarekin. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuak aurkeztuko dira, euskaraz sortuak. Proiektuek izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan dezakete, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izango da haien muina.

Oinarriak eta informazio guztia cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean daude, eta 2016ko otsailaren 11ra arte arte dago irekita lanak aurkezteko epea.

cafelhuyarsariak@elhuyar.com helbide elektronikora bidal daitezke lanak; edo, bestela, posta arruntez, Elhuyar Taldearen egoitzara: Zelai Haundi Kalea, 3. Osinalde industrialdea. 20170, Usurbil.

Erantzun

Sartu