Zientzia eta teknologiaren inguruko saio tematikoak izango dira nagusi denboraldi berrian.Iñaki Leturia izango da aurkezlea, eta ETB1en, larunbatero emango da, 13:30ean, eta ETB2n, berriz, igandero, 09:30ean.
Atzo goizean aurkeztu zen Teknopolis telebista-saioaren denboraldia berria, Elhuyarreko egoitza nagusian. Hain zuzen, asteburu honetan abiatuko da Elhuyarrek EITBrentzat ekoizten duen telebista-saio honen denboraldi berria, hemezortzigarrena.
Denboraldi honetan, Iñaki Leturiak jarraituko du aurkezle-lanetan, eta Bego Zubiak ordezkatuko du Nagore Rementeria zuzendaritzan. Lantaldea, berriz, eskarmentu handiko zientzia-adituek eta kazetariek osatuko dute, aurreko urteetan bezala.
Aurkezpenean, Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak egin die harrera bertaratutakoei, eta aurtengoa Teknopolisen 18. denboraldia izango dela gogorarazi du. Hori bai, haren hitzetan, “heldua izateak ez du esan nahi zaharra denik”, eta lantaldearen “telebista-saio fresko, mamitsu eta interesgarria egiteko konpromisoa” aipatu du.
EITBren laguntza ere azpimarratu du Canciok, “konpromiso horri 18 urtez eusteko, ezinbestekoa izan baita ETBren babesa”, eta Edu Barinaga ETBren zuzendariari eman dio hitza. Hark, berriz, Teknopolisek “gizartearen aldaketa eta eskariei moldatzen” jakin duela nabarmendu du, “programa erakargarri izan eta ikus-entzuleen gogoei eusteko”.
Barinagaren esanean, “saioaren arrakastaren gakoa zientzia eta teknologiak eman dituen pauso erraldoiak, modu ikusgarri, ulergarri eta zehatzean ematean datza”. Halaber, zientziak eta teknologiak gure egunerokotasunean duen eragin handia erakusten eta zabaltzen asmatu duela adierazi du. Hala, saioa "eredu" dela esan du, eta, Elhuyarrek eta Teknopolisen ltaldeak egiten duten lana aitortzeaz gain, ezinbestekotzat jo du horrelako saio bat egotea telebista publikoan
Jarraian, Leire Canciok eskerrak eman dizkie “proiektu hau bideragarri egiten duten” babesleei: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari; Mondragon Unibertsitateari; Euskal Herriko Unibertsitateari; Energiaren Euskal Erakundeari (EVE); Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Teknikari.
Haien izenean, Roberto Uribeetxeberria Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ikerketa Koordinatzaileak hitz egin du. Zientzia eta ikerketa gizarteratzeak duen garrantzia azpimarratu du Uribeetxeberriak, eta horretan, Elhuyarren eta Teknopolisen helburuarekin bat egiten dute "guztiz". Horregatik, elkarlanak orain bezain estua izaten jarraituko duela iragarri du.
Bukatzeko, Iñaki Leturia Teknopolisen aurkezleak hartu du hitza. Ikuslea izan du gogoan, eta, adierazi duenez, aurten ahalegin berezia egingo dute saio tematikoak aurkezteko: “Gai bakar bat ardatz hartuta, ikuslea harritzen ahaleginduko gara, gai horren erpin ezberdinak azalduz”.
Horrez gain, Euskal Herriko industriara gerturatuko dira, eta zientzia-kontzeptuak modu errazean azalduko dituzte, “marrazkien bidez”. Azkenik, ikertzaileek lehen pertsonan kontatutako istorioek “biribilduko dute” saioa.
Teknopolis larunbatero emango dute ETB1en 13:30ean, eta astelehenetan errepikatuko dute 15:00etan; eta ETB2an, berriz, igandetan, 09:30ean, eta ostegunetan errepikatuko dute 11:00etan.
Erantzun
Sartu