Teknologia albisteak

Zientzia gizarteratzen nabarmendu direnei argia emango zaie, 2014ko CAF-Elhuyar Sarien bidez

Erabiltzailearen aurpegia
2015-05-12 : 18:12

Maiatzaren 14an izango da sari-banaketa, 18:00tan hasita, Photomuseum Argazki & Zinema Museoan (Zarautz). Julian Bereziartua Barrenetxea medikuak jasoko du Elhuyarren Merezimendu Saria, medikuntzan euskara normalizatzen, eta medikuntza-arloaren dibulgazioan egindako lanarengatik. Ondoren, Arte eta Historia Museoan, Xabier Erkiziaren “Idazkera isilak” erakusketa zabalduko da, iazko Zientzia Gizartean sorkuntza-bekaren emaitza.

Argiaren Nazioarteko Urtearekin bat eginez, “eman argia zure lanari” da 2014ko CAF-Elhuyar sarien leloa. Hain zuzen ere, hori bera da sariketaren xedea: zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak argitara ematen dituzten artikuluak, kazetaritza-lanak eta gizarteratze-proiektuak aitortzea eta saritzea.

Hala, argia aitzakia hartuta, Photomuseum Argazki & Zinema museoan izango da sari-banaketaren ekitaldia, Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Han jakingo da nork jasoko dituzten sariak, sariketak dituen hiru kategorietan.

Horrez gain, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Merezimendu Saria ere ematen du. Aurten, Julian Bereziartua mediku azpeitiarrak jasoko du Elhuyarren Merezimendu Saria, medikuntzan euskara normalizatzen, eta medikuntza-arloaren dibulgazioan egindako lanarengatik; bereziki, Euskadi Irratian egindakoagatik.

Hauek dira goian aipatutako hiru kategoriak:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak saritzen dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. Kategoria honetan, 2014an euskaraz sortu eta argitaratutako zientzia-kazetaritzaren arloko bat saritzen da, 2.000 eurorekin eta Imanol Andonegiren eskulturarekin.
  • Zientzia gizartean sorkuntza-beka. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiekturen bati proiektua gauzatzeko diru-laguntza ematen zaio. Diru-laguntza hori 5.000 eurokoa da, eta gizartera zabaltzea da hura eskuratzeko ezinbesteko baldintzetako bat.

Eta, hain justu, sari-banaketaren ekitaldiaren jarraian, iaz beka jaso zuen proiektuaren erakusketa zabalduko da, Zarauzko Arte eta Historia Museoan (19:30ean). Xabier Erkizia soinu-ikertzaileak jaso zuen beka, “Idazkera isilak: entzuteko idatziak eta soinuzko irudiak” proiektuarekin, eta orain ENTZUTE ISILAK erakusketa zabalduko du, emaitza gisa. Erakusketa maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Bi epaimahaik aztertu dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituen epaimahaia kide hauek osatu dute:

  • Leire Cancio. Elhuyarreko zuzendari nagusia.
  • Arturo Elosegi. Ekologoa, EHUko ikertzailea, eta zientziaren dibulgatzailea
  • Marian Iriarte. Kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea
  • Uxune Martinez. Inguma datu-base zientifikoaren kudeatzailea, UEU
  • Alberto Barandiaran. Kazetaria eta Hekimeneko zuzendaria

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako lanak, berriz, honako lagunek epaitu dituzte:

  • Maria Gil. Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna
  • Josu Rekalde. Artea eta Teknologia saileko zuzendaria, EHUko Arte Ederren Fakultatea
  • Koldo Almandoz. Ikus-entzunezkoen arloko aditua, zinema-zuzendaria eta sortzailea. The Baldealdizkariaren zuzendaria

Bestalde, Cristina Uriarte Toledo, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Lorena Eleno, CAFeko Giza Baliabideetako Lan Harremanetako arduraduna eta Euskera Batzordeko zuzendaritzako ordezkaria eta Txema Pitarke de la Torre, Elhuyarreko lehendakaria izango dira sari-emaileen artean.

Erantzun

Sartu