XX.mendeko emakumezkoen idatzi eta sorkuntza-lanetan bada oso oso maiz ageri den osagai bat: amarenganako haserrea eta erresumina. Izan ere, ama-alaben arteko harremana zorrozki bizi izan da alaben partetik. Alabarentzat ama sekula izan nahi izango ez duen hori da: Esanekoa, rolak errepikatzen dituena, belaunikatzen dena, beti besteei laguntzen diena eta laguntzarik eskatzen ez duena. Ez, ez, ez dugu horrelakoak izan nahi eta alaba askok islatuegi ikusten du bere burua. Beldurrez, euren buruari profezia betearaziko ote dioten, atzera ere historia bera antzeztuko duten.
Iruditzen zait ondoez honi garrantzia txikiegia eman izan zaiola, batez ere, kontuan hartzen badugu zer eta, amek euren alabak nola zaindu dituzten dugula mintzagai. Hau da, zaintzaz ari gara: horren inguruan eraiki da gure mundua, gure gizartea.
Esan dezakegu XX. mende hasierako amatasun ereduak zorigabeko egin duela jende asko. Eta jende horien artean, nagusiki historia honetako protagonista. A
Ama. Bere errua izan al da?
Charlotte Perkinsek 1890ean idatzitako “The Yellow Wallpaper” kontakizun itogarrian tragedia honen gaineko zenbait aztarna ematen zaizkigu. Gela batean itxita, ihesbiderik gabe, ezta sorkuntza dela medio ere, burutik nahastuta amaituko du emakume batek. Bere burua ezin zaindu, eta haurrengatik ere ezer gutxi egin ahal izango du.
Baina nola ailegatu da ama hau gela horretara? Zergatik dago hor itxita? Prozesua urrundik dator eta izen asko eman ahal dizkiogu, baina uste dut denok ulertuko dugula kapitalismoa aipatzen badugu. Zeren eta hitz horrekin gizartea, kultura, politika antolatzeko era berri bati buruz ere ari baikara, benetako iraultza bat, hankaz gora jarri zuena, ziur asko lehenago historian beste inoiz ez bezala, ezagutzen zen guztia, hasi egitura makroenetatik (Estatua, Ekonomia) eta segi intimoenetaraino ( gizarte eta familia antolakuntza, sinesteak eta gorputzak).
Ordena ekonomiko eta sozial honen baitan familiak eredu burges berriaren arauera hasiko dira berrantolatzen eta, hala, aita-ama eta ondorengo zuzenek osaturiko unitate txiki ezaguna bihurtuko dira. Sakabanatu egingo dira ordura arte espazio polifuntzioal berean lanean aritutako, ugaldutako eta hezitako familiak. Zorrozki bereiziko da publikoaren eta pribatuaren arteko muga. Espazio publikoa aitarentzako geratuko da, horrela senarra bere seme-alaben hezkuntza eta zaintzatik behin betiko apartatuz. Eta amak hartuko du haren figura ausentea berreraiki eta, hein batean, goresteko ardura. Ama, eremu pribatuaren jagolea, etxean geratuko da itxita. Berea, arretatsuki hezi eta gainontzekoen beharrei erantzuteko lana.
“Etxeko aingeru” berriak kontraesan handiak bizi eta jasan behar izango ditu. Alde batetik, diskurtso ofizialen laudorioz jantzia ikusiko du bere burua (Ama Birjinaren ereduak gogor markatuko ditu herrialde katolikoak: ama-ama, pekaturik eta kontraesanik gabekoa, supermaitakorra eta sakrifikatua) eta, bestetik, baita goraipatzen duen ordena horrek berak nola gutxietsi eta baztertzen duen.
Eta horri guztiari mendeak aurreragotik zetorren amatasunaren desautorizazio prozesu orokorra gehitu beharko zaio. Pisu burges berrian bazterturik geratu zen amak urteak zeramatzan ahalmenez tragikoki gabetzen. Lehenago, bera zen zaintzaren, erditzearen eta heriotzaren arduradun nagusia. Erregimen Zaharrari zegozkion hierarkia eta ezberdintasunen barruan, ukaezina da emakumezkoak autoritatezko, konpetente eta beharrezko zireneko espazioak zeuzkatela. Baina mediku eta eite berriko hainbat profesionalek antzinako autoritate hori ere kendu egingo diote.
Ordena Kapitalista Berrian, bere pisutxoan itxita geratu zen emakumeak harrezkero ez zekien ezer. Horri, gainera, gehitu behar zitzaion ikerketa psikologikoen indar berria, arazoak norbanakoen barne zioei zegozkiela azpimarratzen zutenak. Ikerketa hauek zekartzaten “egia” berriak emakumezkoentzako karga berri bihurtu ziren, euren egoera arazo sozial gisa analizatzeko aukera uxatzez gain, euren eta euren ondorengoen osasun emozionalaren erantzukizun bakar eta erabakiorra ardura pertsonal bihurtzen zuelako. Matxinatzeko tarterik ez.
Bazetorren tragedia. Lur azpitik, nahiz eta inork ikusi ez, han zetorren. Antzeman liteke, bai alaben idatzietan bai euren idatzietan bertan. Sendabiderik gabe agertuz joan ziren patologia femeninoetan ikus dezagu: esan diezaiegun “erditze ondoko depresio”, esan “histeria”, baina azken batean, gauza berari buruz ari gara.
Eta horretan gaude. Zeren eta duela zenbait urtez gero zati berri bat gehitzen baitzaio historia honi: lehenengo aita joan zen etxetik, baina kontua da amari tokatu zaiola gero soldatapeko lanaren karga ere asumitzea. Bai, egia da honezkero ez dela etxean sartuta bizi. Orain ordutegien esklabu bizi da, eta erruak jota, ezertara iristen ez delako.
Guzti honen erdian baina, kalteturik handienak txikiak dira, senitartekoen artean bizitzetik pisuan amari konpainia egitera igaro eta, azkenik, zaintzaile profesionalekin amaitu dutenak. Hau al da konponbidea? Emakumeok nahi duguna lan gehiago eta gehiago egin eta gure haurrak besterekin uztea da? Gogora dezagun Espainian haurrak 4 hilabeterekin behar duela banandu erditu eta elikatzen duen gorputzetik.
Eta eragozpen eta zailtasunak hainbeste izanik, emakumezkook zergatik jarraitzen dugu ama izan nahita? Geure buruari egindako profezia betetzen dugu? Ezin ukatu. Oraindik ere indarren dirauen mandatu sozialaz aparte, badira bidea ilusioz aukeratzen dutenak ere. Nola da posible?
Ba humanitatea zaintza delako. Gu, jendea, norbaitek maite gaituelako hazten garelako eta besteak maite ditugulako. Ba, esanak esan, umeak sabelean hazteko prestaturiko gorputza izatea denik eta gauzarik subertsibo eta zirraragarrienetako bat delako, bai. Eta horrela, gehiegi ere pentsatu gabe, haurdun geratzen gara eta erditzen gara eta gero ahal den bezala moldatzen gara gizarte antizaintza honetan.
Ez da ezertxo ere aldatu. Bakarrik jarraitzen dugu, kasurik onenean guk adinako gogo eta ilusioa duten bikoteekin, nahiz eta gehienetan guk baino are ahalmen txikiagoa izan. Gogora dezagun mendeak direla gizonek haurrik hartzen ez dutena, xatar bat nola aldatu ez dakitela… eta okerrago dena, ume baten negarrari edo lehen hitzei nola erantzun ez dakitela. Aukera bat eman behar diegu, gutxienez, parte har dezaten, oso garrantzitsua delako eta guztia horren baitakoa delako.
Hasieratik bertatik saiatzen gara urgentziazko konponbideak bilatzen. Horietako batzuk indibidualak: Lehenengo ospitalean, gehiegitan batere eremu abegikorra izan ez den horretan, inoren injerentziarik gabe erditzen saiatzen gara, eta badakigu ahal dugula sentitzeak datozen hilabete zailtxoetarako karrerila hartzen laguntzen digula. Gero titia ematen dugu, batzuetan historian inoiz eman dena baino denbora luzeagoan (bi edo hiru urte baino gehiago irauten duten edoski-aldia amen eta umeen artek dagoen kontaktu premiari buruzko zantzuren bat ematen diguten nobedade historikoa dira. Lanegun luze baten ondoren, besterik ez bada ere, ez gara gure umeekin ohera sartuko? Honela, ezin harritu umeekin ohe berean lo egitea modan (ez dakit hitz egokia hau den, baina) egotea. Zer geratzen zaigu, ba, euren aldamenean lo egitea, besterik ez bada ere.
Beste irtenbide batzuek izaera kolektiboa daukate. Sareak ehuntzen ahalegintzen gara, berme pixka bat emango diguten kanpo laguntza bilatzen. Internet, adibidez, iraultza eta garaipen txikien arragoa dugu, aurrera alaitasunez egiteko bide ematen diguna.
Guzti honek hobeto zaintzen laguntzen digu, zalantzarik gabe. Baina adabakiak baino ez dira, konponbidea gizarteak zutabe nagusi duen horri erreparatzen dionean etorriko delako: hau da, zaintzari.
Iritsiko da eguna familia (esan beharrik ez dago, zeinahi forma eta osagai izan ditzakeen oinarrizko sostengu afektibo eta ekonomikoko unitateaz ari garela) eskenatokiaren erdigunean kokatuko dena, komunitatearen doi bat aurrerago. Partaideak etxera itzuliko diren eguna ere ailegatuko da, denbora pasatzera, seme-alabek sozialitzatzen, elkarrizketan nahiz eztabaidan ikasteko behar duten denbora hori. Zeren eta familia baita ikaskuntza sozialeko oinarrizko unitatea.
Iritsiko da, halaber, eguna familiarteko harreman sare indartsu bat ehuntzeko gai izango garena, sostengatu eta lagunduko diguten komunitateak berreraikiko dituguna. Eta horretarako, norberarenetik ematea tokatuko da, ez dago beste biderik, baina merezi du. Komunitatea da hain beharrezko dugun zaintzaren aldeko gizartera iristeko hurrengo harmaila.
Lehengo batean politiko bat aditu nuen, politikaren feminizazioa behar zela esanez. Hitz horiekin politika horizontalago baten beharra zegoela esan nahi zuen, elkarrizketan eta negoziazioan oinarrituagoa. Gogoeta haren ildoan, soilik esan dezaket neuk ere gizarteak amatasunerantz egin dezan nahi nukeela. Hau da, zaintzaren eta laguntzaren alde egin dezala, enpatia ager dezala eta maitasun handiagoa.
(Irudia: Norman Rochwell, Johanna's Christmas Star, 1937)
Erantzun
Sartu