Teknologia albisteak

Amatasunaren alde. Beatriz Gimenoren hausnarketen harira

Erabiltzailearen aurpegia
2014-12-14 : 16:53
Egunotan Beatriz Gimeno aktibista feminista bisitan izan dugu Euskal Herrian. Sarean amatasunaren gaineko hausnarketak jarraitzen ditugunontzat nahiko ezaguna da Gimeno, bereak gaiaren inguruan idatziko testu polemiko, irakurri eta komentatuenetakoen artean daudelako. Bere hitzak nahita dira probokatzaileak eta, hartara, halaxe jarri zion adibidez artikuluetako bati izenburu “Titia ematearen kontra nago”. Eta ildo honetan esango zituen, ziurrenik, Gasteizko Montehermoso/Oihaneder jauregiko solasaldian “emakumeok, historian zehar, beti saiatu izan gara, ahal izan dugun guztietan, amatasunaren kargaz libratzea“ bezalakoak.

Gimenok berak adierazten duenez, baieztapen hauen guztien asmoa argia da, alegia, “antiamatasunaren diskurtso” deitzen diona eratzea, azken urteotan “amatasun tradizionala” delakoaren baloreak puztuz eremu publikoan arriskutsuki nagusitzen ari omen den diskurtsoaren alternatiba gisa.

Oso polemika zalea ez naizen arren, ulertzen dut mezu mota hau baliagarria dela amatasunaren inguruko zenbait alderdiri buruz gogoeta egiteko. Adibidez, neuk ere ez dut sinisten amatasun senean. Neuk ere ez dut uste emakumeon patua ama izatea denik. Gizon-emakumeok umerik gabe ere bizitza betegarri eta zoriontsua izan dezakegula uste dut, hain zuzen ere (esan dezagun bidenabar) umeekin izan dezakegun bizitza betegarri eta zoriontsua bezelaxe, nekeak neke eta errenuntziak errenuntzia.

Baina ez dut uste emakumezkook ama izatearen kargatik libratu nahi izan dugunik. Nahi izan ez duguna beste zerbait da. Ama era jakin batean izan beharrak erre gaitu. Eskema jakin batzuetan sartu beharrak. Ze, aukeratzeko askatasuna izaten denean ere, aizu, gizon-emakume askok eta askok erabakitzen dute, askatasunetik, kontzienteki eta ilusioz, umeak izatea.

Beatriz Gimenoren diskurtsoa dela-eta, badirudi txio ugari piztu dituela amatasunaren balio berriak maitasun erromantikoarenaren kopiatzat har litezkeelako hausnarketak. B. Gimenok dionez, emakume askok gizonarenganako maitasun erromantiko zaharra haurrarenganako maitasun erromantikoarekin ordezkatu du.

Nik ulertzen dudanaren arabera, maitasun erromantikoa aipatuz, halako pseudomaitasun bat adierazi nahi da, askatasunez ez, baizik eta sumisio eta dependentzia posizio batetik bizi dena. Eta puntu honetan, ez nator Gimenorekin bat. Izan ere, zer ari gara esaten, ama izan nahi duen emakumeetako askok eta askok heldutasunik nahikoa ez daukala, eta haurra bilatzen duela garai batean salbatuko zuen printze urdinaren zain egon zen bezala? Izango dira halako emakumeak, bai, baina nik behintzat inguruan ditudan ama bakar bat ere ez nuke zaku horretan sartuko. Ez dakit zergatik animatzen garen hain azkar, gizarte gisa, emakumezkoen erabakiak hartzeko gaitasuna gutxiesten duten baieztapen hauek errepikatzera.
 
Kontu hau da, historian lehenengo aldiz haurrak eskenatokiaren erdian jarri ditugula, eta imajinatzen dut kritika hortik doala. Zera, lehen-lehen mailako berritasun historikoa dugu hau. Esango nuke iraultzailea, eta iraultza guztietan bezala, horrek ezinbestean agente ezberdinei egoera berriarekiko euren kokapenaren gaineko gogoeta eskatzen die. Umeen eskubideak nabarmenarazten dira. Aintzakotzat hartzen dira euren premiak. Eta hori horrela izanik, honezkero ez du guraso izateko edozein moduk balio. Badira, nire ustez, gutxieneko eztabaidaezin batzuk: zaindu egin behar dira. Umeak ekarri nahi dituenak garbi eduki behar du, ziur asko, bere bizitzan hartuko duen konpromisorik handienari egin beharko diola aurre eta, bai, konpromisoak indibidualtasunarekiko errenuntzia dosi handiekin batera joan ohi direla. Hala da hori. Emakumezkook dezentetxo dakigu horretaz; zenbait gizonek pixka bat gehiago ikasi behar dute. Ez dago atzera bueltarik, guraso izateak indibidualtasun mota baten errenuntzia (ere), esan nahi du
 
B. Gimenok borrokatu nahi duen beste arazo bat da, haurren zaintza dela-eta, ez ote diren geroz eta gehiago etxean geratzen diren emakumeak. Errenuntzia guztiz larria, bere ustez, horrek emakumeok marginaltasunera kondenatzen dituelako. Eta, bai? Egitan da errenuntzia beharrezko duten bitartean etxean umeak zaintzen geratzea? Edo, beste era batean galdetuta, hobeto sentitzen gara haur jaio berri eta ume txikien gurasoak lantokietan zortzi ordu edo gehiagoko lan orduetan murgildu eta umeak beste batek zaintzapean lagata? Ez da, ba, hori nik antzeman uste dudana. Emakumezko eta gizonezko gehienak gustura geratuko ziratekeen denbora gehiagoz etxean. Eta umeei gurasoak etxean nahi lituzketen galdetzeko modurik edo astirik bagenu estatistikak gora egingo zukeen dudarik gabe. Merkatuko ekonomia honen txanpa hartzeak, egun nagusi den eredu produktiboaren arauak jarraitzeak, “lana” esaten diogun horrek, libreago egiten gaitu? Nire ikuspuntutik ez, inolaz ere.

Bestalde, eta garrantzitsuago dena, lan ordutegi nazkagarri hauekin, umeek izan al dezakete behar eta merezi duten zaintzarik? Ez. Umeek gurasoekin denbora pasa behar izaten dutelako. Etxe barruan (esan diezaiogun familian) eraikitzen den lehenengo estatu sozial horretan ikasten dugu gu geu izaten, maitagarriak izaten. Umeentzako beharrezkoa da euren zaintzaile behinenekin denbora igarotzea. Aitarekin, amarekin, amekin, aitekin, aitona-amona, izeba-osabekin… berdin dio, zeinahi direla ere etxea osatu eta zainduko dituzten horiekin. Konponduta gaude askatasunak bermatuko dituen gizarte baten aldeko borrokak familia bat osatzeko gogoaren aurka definitzeko tentazioan erortzen bagara. Garbi uztearren, arazoa ez da “familia” hitza, arazoa familia burges tradizionalaren eredua da.

Interpelatua sentitzen naiz, seguru asko beste hainbat irakurle bezala, Beatriz Gimeno “antiamatasunaren” bandera altxatzen duenean eta ama garenok gure haurretaz arriskutsuki maitemintzen ari garela esaten duenean. Ez da lelo-haize batek jota gabiltzala, ezta hutsune bat bete nahita, hain gutxi heldutasun emozionalik gabe: haurrak maitasunez, errespetuz eta enpatiaz tratatu nahi ditugu, besterik ez. Mundura datorren edozeinek merezi duen zerbait dela uste dut.

Ematen du errudun sentitu behar nukeela oraingoz etxean geratzea erabaki dudalako, soldatarik gabe. Ez da hau nire patua dela uste dudalako hartutako erabakia, ezta “amatasun senak” ezarritakoa ere, baizik eta urgentziazko nolabaiteko erantzun posibleetako bat. Eta, alde horretatik, umeak koxkortu artean etxean geratzeko aukera atakatik nola edo hala irtetzeko modu bat da, esan bezala hazkuntza eta zaintzari bizkar ematen dion gizarte honetan etxeko bizitzari erantzuteko urgentziazko neurri bat. Alajaina, errudun sentimendua umeekin egon nahi dugulako; halaber, errudun umeekin egon ezin dugulako. Beste batzuk, lan jardunaldi luze baten ondoren, euren umeekin kuzkurtzen dira, beste batzuk, titia ematen diete gehiago ezin duten arte. Apur horiek ere horixe dira, urgentziazko neurriak, sistema honek uzten dituen hutsuneak betetzeko.

Etxea bizikidetza eta sorkuntza espazio gisa eraiki nahi dugun heldu horietakoak gara gurean. Denok ere maitatuak eta aintzakotzat hartuak izango garen etxea nahi dugu, bakoitzaren pertsonalitatea garatzen lagunduko duena, jakinez guztiak funtziona dezan, gora esan bezala, besteari ere eman egin behar zaiola, konprometitu egin behar dela eta zenbait errenuntzia egin behar direla.

Bukatzeko, eta laburbiduz: ez dut batere gustuko antiamatasun hitza, probokatzailea izan nahi duen arren, mingarri gertatzen delako eta dohako aurkakotasunak sortzen dituela uste dudalako. Gehiago nago Carolina del Olmoren ildoan, iradokitzen duenean hemen eraiki beharrekoa amatasunaren inguruko diskurtso txukun bat dela, clicheetatik urrundua eta ezarritakoaren aurrean hezkuntza eredu subertsibo baten oinarriak jarrito dituena. Espazio bat, non aktore guztiek hartuko duten parte eta gure lehentasuna lagunei hazten lagunduko dieten lagunak haztea izango den. 

(Irudia: Rosa und Bertha Gugger. A. Anker 1883)
 

Erantzun

Sartu