Teknologia albisteak

Euskararen lehentasuna eta hizkuntza prebentzioa Online Ikastaro Ireki Masiboa (MOOC)

Erabiltzailearen aurpegia
2015-10-21 : 10:55

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEUk eta ASMOZ Fundazioak “Euskararen lehentasuna eta hizkuntza prebentzioaren ikuspegia Euskal Herriko marko juridikoetan: etorkizuneko erronkak” Online Ikastaro Ireki Masiboa (MOOC) antolatu dute.

Lurraldea eta hizkuntzaren arteko loturari heldu nahi zaio ikastaro honetan, ikuspegi juridiko eta ekolinguistikoan erreparatuz. Euskara, juridikoki, Euskal Herriko “berezko hizkuntza” gisa konfiguratu bada ere, bere estatus juridikoa askotarikoa izateaz gainera, oraindik orain oztopo juridikoekin aurkitzen da bere lurraldean lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko.

Euskal Herrian ditugun legezko markoetan hizkuntza prebentzioaren ikuspegia nola garatu daitekeen landuko da ikastaroan: Nola garatu euskararen lehentasuna edota eragin linguistikoaren ebaluazioa gaur egungo legedian? Zein dira egungo marko juridikoak ezarri dituen mugak? eta nola gainditu?

Pertsonaltasun-printzipiotik lurraldetasun-printzipiora doan jauzi kualitatiboaz solastatuko gara, euskaldunen bizitoki geografikoek duten hauskortasun berezia babeste aldera. Euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea ere helburu duten ekimenei aterki juridikoa emateko oinarriak inoiz baino beharrezkoago ditugulako.

Urriaren 26an hasiko da eta izena emateko epea irekita dago webgune honetan.

Erantzun

Sartu