Teknologia albisteak

Balea urdina: munduko animaliarik handiena Bizkaiko uretan

Erabiltzailearen aurpegia
2016-09-30 : 10:23

Gure planetan sekula izan den animaliarik handiena da balea urdina (Balaenoptera musculus). Garai batean nahiko ugaria zen gure itsaso eta ozeanoetan, baina ehizaren eraginez milaka gutxi batzuk besterik ez dira geratzen. Oso arraroa da Bizkaiko Itsasoan ikustea, baina joan zen asteburuan ale bat agertu zen gure kostaldean. Bideo batean jaso dituzte animalia ikusgarri honen irudiak. Hona hemen.

Balea urdina (Balaenoptera musculus) zetazeo espezie bat da, gure planetako animaliarik handiena. Gaur egungo erraldoiena ez ezik, baita sekula existitu den espezierik handiena ere (edozein dinosaurio baino handiagoa). Helduak, normalean, 25-30 metro luze dira eta 175-180 tona inguruko pixua daukate, nahiz eta ale handiagoak ere ikusi izan diren (33 m eta 190 tona, gutxienez).

Garai batean nahiko arrunta zen (300.000 ale zeudela kalkulatzen da). Urteetako ehizaren ondorioz bere populazioa %99 murriztu zen eta desagertzekotan egon zen. Zorionez, azken urteotan badirudi populazioak berreskuratzen ari direla eta gaur egungo kalkuluen arabera 10.000-20.000 ale inguru bizi dira gure planetako ozeanoetan, gehienak Pazifikoan. 

Ipar Atlantikoan ehundaka batzuk besterik ez dira bizi (Islandia inguruan dira ohikoen), eta ez da arrunta izaten Kantauri alde honetan ikustea. Joan zen astean, ordea, Santurtzitik baleak ikustera irteten den itsasontzi batetik behatu ahal izan dute. Bideoa eta argazkiak ateratzeko aukera ere izan dute:

Luzea eta liraina, balea urdinaren gorputza gris-urdinkara da bizkar aldean eta zertxobait argiagoa sabel aldean. Planktona janez elikatzen da eta munduko ozeano epel eta hotz guztietan dago banatuta. Balea honen datu guztiak ikusgarriak dira. Esate baterako, bihotzak 600 Kg pixatzen ditu eta mihiak ia 3 tona; aortak 25 cm-ko zabalera dauka eta barrabilak 500 kg-ko pixua dute. Ahoan 90 tona ur sartzen zaizkio eta egunean 4 tona krill jaten dituzte. Begiak, ostera, oso txikiak dira (laranja bat baino pixkat handiagoak). Haurrek jaiotzean 7 metroko luzera daukate eta 3 tonatako pixua. Amaren esnearekin hazten dira lehenengo zortzi hilabeteetan. Egunean 350 litro esne edaten dituzte eta 90 kg loditzen dira eguneko!

Bakarka bizi ohi dira, 50 km/orduko abiadura hartzen dute eta ehunka metrora murgil daitezke, nahiz eta normalean itsas azaletik 10-20 metro bitartera mugitzen diren, 20 km/h-ko abiaduran. 

Hain erraldoiak izan arren, arin eta zoliak dira igerian, ondorengo bideoan ederto ikusten den moduan.

Erantzun

Sartu