Teknologia albisteak

"Itaken bila" online eleberria

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-25 : 19:21
Plataforma digitalen garaia den honetan, esku artean darabildan azken proiektuaren berri ematera nator: "Itaken bila" online eleberria. Sortu ahala interneten argitaratuz joango den eleberri honentzako finantzazioa lortzeko, eta Maquiavelori inoiz egotzi izan zaion moduan, helburuak edozein bitarteko erabiltzea justifikatzen duenez, proiektua aurrera eramateko crowdfunding kanpaina bat jarri da martxan.
Denbora luzeko erlazio bat bukatu berri, munduan bere lekua aurkitu ezinda dabilen protagonista nagusi baten istorioa jorratuko da. Errealitatea eta fikzioa uztartuko dira hastera doan odisean.
 
Eleberria 18 ataletan egituratuko da, idatzi ahala kapitulu berri batekin elikatuz joango dena. Irakurleak, hala nahi badu, bere iradokizun, zuzenketa edo dena delakoak egiten joateko aukera izango du.

Norabide ezjakineko eleberri itxuraz nahaspilatu baina, era berean, lineal bat da proposatzen dena, bukaeran hari-mutur denak lotzea helburu duena, eta orduan soilik hartuko duena zentzua bere osotasunean.

Guztira, proiektuaren gastua 1000 euro inguruan estimatu da. %25 nire poltsikotik jartzeko prest, gainontzeko %75 finantzatzea litzateke helburua, 750 euro:
  • Eleberria garatzeko plataforma .eus domeinu batean kokatuko litzateke, urte beteko epea ezarriz 18 kapituluak garatzeko (domeinua eta hosting-a, 100 euro).
  • Proiektuaren babesleei eleberria euskarri fisikoan eskainiko litzaieke, 2015eko abenduan, ahal dela eskura banatuz, gastuak murrizteko (liburuaren 50 ale, 700 euro).
  • Liburuaren argitaratze gastuak (lege-gordailurako aleak eta ISBNa tramitatzea, 100 euro).
  • Bestelako gastuak: crowfunding plataforma erabiltzeak sortutako gastuak, BEZa... 100 euro).
Proiektuaren inguruko, zein berau diruz nola lagundu daitekeenaren inguruko argibide gehiago dituzue honako esteka honetan: http://karena.eu/proiektua/itaken-bila

10-15 euroko mikrolaguntzak direla aurreikusten direnak kontuan hartuz, 50-75 babesleren beharrizana estimatzen da. Nik, interesgarri baderitzozu, 15 euroko laguntza eskaintzera animatu nahi zaitut, liburua eramango baituzu opari, hartara.

Abenduaren 15era arte dago zabalik da diru-ekarpenak egiteko epea. Dena den, tarte horretan aurreikusitako 750 euroak bilduko ez balira, ez litzateke inolako kobrantzarik egingo.

Erantzun

Sartu