Museoen nazioarteko eguna den honetan, aplikazio baten berri eman nahi genuke: OharEleanitzak, museoetako edukiak hogei hizkuntza baino gehiagotan eskain ditzakeen mugikorreko aplikazioa.
OharEleanitzak aplikazioak museoetako edukiak modu automatikoan eskaintzea ahalbidetzen du, testuak eta audioak mugikorrean norberak hautatutako hizkuntzan jasotzeko modua emanez. Nola? Museoan zehar kokatutako QR kodeen bidez, panel bakoitzari dagokion informazioa jasoko du erabiltzaileak, eta mugikorra audiogida pertsonalizatu bihurtuko da.
Eleaniztasuna eta hizkuntzen elkarbizitza bultzatu nahi dituen proiektu hau EHUko Informatika Fakultatean sortu zuen Manex Garaiok eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburu proiektuaren baitan garatu da, Hirikia kaiaren barruan. Aipatu kaiak kode irekiko plataformak eta tresnak abian jartzea du helburu, herritarrei arlo digitalean askatasun gehiago emateko eta teknologia berriak gizartearen beharretara egokitzeko.
Gaur egun, aplikazioa Albaola Itsas Kultur Faktorian dago erabilgarri duela hainbat hilabetetik. Edonola ere, aplikazioa prest dago beste toki batzuetan ere erabiltzeko eta hori da, hain zuzen, helburua: ahal bezainbeste zabaltzea bere erabilera, eta tokian-tokian eduki eta ezaugarri propioetara moldatzea. Aplikazioa aurkeztu berri da hiriko eta lurraldeko zenbait turismo-eragileri, erabilera sustatze aldera.
OharEleanitzak doakoa eta software librea da. Edonork eskura dezake eta bere beharretara egokitu. Hemen topatuko duzu aplikazioaren iturburu-kodea eta dokumentazioa.
Dena den, museo edo ibilbide kultural jakin bateko edukia aplikazioan eskuragarri jartzeko laguntza beharko bazenu, Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia sailak lagunduko dizu horretan.
Argazkia: Mendi Urruzuno
Erantzun
Sartu