Teknologia albisteak

Orotariko Euskal Hiztegia berritu du Euskaltzaindiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-07-10 : 08:30

Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) edukiz aberastu eta itxuraz berritu du Euskaltzaindiak. 147.000 sarrera baino gehiago ditu jada, eta adibideek 700.000ko marka gainditu dute. Eduki horretara iristeko modua eta bilaketa erraztu dute Interneteko bertsioan orain.

Gehikuntza berriekin, 147.011 sarrera eta 58.248 azpisarrera ditu hiztegiak. Bilaketan praktikoa gertatzen da batez ere 716.914 adibide ere eskura daudelako (duela 4 urte ez ziren 500.000ra iristen), eta horietan ere bilatzea dago, adibidetan edo sarrera osoan zehaztuz gero bilaketa interfazean. 

Orotariko Euskal Hiztegia euskararen aro eta euskalki guztietako idazkietako lexikoa jaso eta antolatzea xede duen hiztegi historiko deskriptibo bat da. Koldo Mitxelenaren ardurapean hasi zen egiten, eta lan taldearen burua Ibon Sarasola izan zen gero. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia, eta 2005ean 16.a eta azkena. 2005tik halaber Interneten konrtsultagai dago, eta berritzen jarraitzen du. Hiztegiaren egitura formala Text Encoding Initiative (TEI) gidalerroen arabera definitu dago.

Web bilaketa hobetzen joan den bitartean, lastima da duela urte batzuk ez dabilela Euskalbarrekin integratuta. Eta edukiari dagokionez, Creative Commons dela azpimarratzen du Euskaltzaindiak, baina NC etiketarekin, non-commercial edo ez-komertziala, ez da eduki librea beraz. Noski, nori okurritu behar zitzaion ba euskara lohitzea erabilpen komertzialekin... hori ez! Hala ere, erabili Orotariko Euskal Hiztegia.

 

 

Erantzun

Sartu