Teknologia albisteak

Zuzeneko bideo-emanaldiak, denon eskura dagoen errealitate bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-15 : 10:36

Zuzeneko ikus-entzunezkoa formatu inportantea bilakatu da azken urteetan Interneten. Sustatun aproba batzuk egin ditugu, agian edukia emateko modu berri bat hasteko (ikusiko dugu). Banaketa kanal bezala, Twitch eta Youtube begiratu ditugu, eta kudeaketako softwarea, OBS. Game Erauntsiaren eta Segura Irratiaren laguntzarekin, test publiko bat ere egingo dugu datorren ostegunean.

Zuzeneko gameplay edo joko baten erretransmisio iruzkindua izan zen, beharbada, formatu honen iturria; eta nola jokoen gamer komunitatean zegoen zentratua eredua, Twitch (Amazonen jabetzakoa) bilakatu da plataforma ohikoena. Hala ere, Twitch-eko zuzenekoetan ez daude bakarrik jokoak, edukia zabaldu da hainbat gai eta eredutara.

Twitch-en ondoren, Youtube (Googleren jabetzakoa) da zuzenekoak egiteko beste plataforma aukerako bat. Kasu honetan, 2020ko pandemia pizgarri bat izan da streaming ekitaldien biderkaketagatik. Eta horien ondoren, Interneteko ia edozein plataformatan egin daiteke zuzeneko bat: Twitterren, Facebook-en, Instagram-en...

Youtubek eta Twitchek duten erraztasun gehigarri bat: aplikazioaren bidez, mugikorretik Smart telebistara (edo Chromecast daukan telebistara) seinalea bidaltzeko aukera, egongelako telebistan zuzenekoa kalitatez ikusteko aukerarekin.

Plataforma guztiek beren bideak eskaintzen dituzte zuzenekoak egiteko. Zailago edo errazago; baina oinarrian, azpian software berezitu bat edukitzeak laguntzen dizu; eta hor, OBS da aukera txukun bat. Software libre, indartsu eta doakoa; eta euskaratua dago. Goiko irudian, "errealizazio estudioaren" interfazea duzue, eta hemen ezarpenen parte bat:

Telebistako errealizazio mahai baten tankera du OBSren interfazeak, eta kamera, kortinilla, irudi konbinatuak, trantsizioak eta abarrak kudeatzen uzten dizu. Era berean, segun irteera nondik egin nahi duzun (Twitch, Youtube edo dena delakoa), ezarpenetan erraz kudeatzen da hori.

Kudeaketak badu beste aldetik ere egin beharrekorik: Youtuben, Studio delako aukera teknikoetan sartu behar zara konexioa egiteko eta parametro batzuk doitzeko (kasu honetan, hori ere txukun euskaratuta dago).

Gauza batak eta besteak... eskatzen du bere ikasketa. Hain konplikatua ere ez da, baina trebakuntza pixkat ez dator gaizki. Sustatu aprobak egiten aritu da azken asteetan, eta laguntza izan du horretarako Game Erauntsiarena. Elkartearekin jartzen bazara kontaktuan, goiz edo arratsalde bateko trebakuntza saio bat antola diezuekete, nahi izanez gero.

Geure aprobetarako, saio bat egin genuen joan den ostegunean, Sustatuk Segura Irratiarekin egiten duen kolaboraziorako. Zuzenean irratian, eta aldi berean, zuzenean eman genuen irudiz Youtube bitartez, nahiz eta ez genuen publiko egin, badaezpada. Hona pantaila irudi bat, nola ikusi zen lagun baten etxean, telebistan:

Eta saioa, hemen (irudia minutu batzuk lehenago ematen hasi ginen, Luistxo Fernandez Sustatukoa 6. minutuan sartzen da, eta Iñigo Arretxe Segura Irratikoa, 11.enean.

Oraingoan, bai, hurrengo ostegunerako, otsailak 18, 10:30etarako jarriko dugu hitzordua. Segura Irratian entzungo da saioa, eta Youtubez ikusiko da, Sustaturen kanal ez oso erabilian, edo helbide honetan. Youtube telebistarekin lotzen badakizu, baita telebistarekin ere.

Gaia hauxe bera izango da, zuzeneko telebista, edozeinek emateko moduan. Meta-emanaldi bat, beraz.

Erantzun

Sartu