Teknologia albisteak

2016ko aplikaziorik arrakastatsuenak: Spotify, Line eta Netflix

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-01-19 : 13:33

Mundu mailako datuak dira, aplikazioen unibertsoa aztertzeaz arduratzen den SensorTower enpresak argitaratutakoak. Azken urtean arrakasta handiena izan duten aplikazioen zerrenda egin dute. Sare sozialen indarra nabarmena da, noski, baina 2016ko albisterik azpimarragarriena da, gero eta indartsuagoak direla Streaming zerbitzuak, hala nola, Netflix, Spotify edota HBO. Ikusentzunezko edukia kontsumitzeko eredu berriak gero eta hedatuago daude gizartearen esparru guztietan.

Zerrenda nagusian ez dago aldaketa handirik top-top diren aplikazioen artean. Modako jokoak alde batera lagata (ez dituzte aztertu), sare sozialen nagusitasuna nabarmena da eta zerrendaren goiko postuetan agertzen dira, nola ez, Facebook, Whatsapp, Instagram, Snapchat eta Youtube, besteak beste. 

Horiekin batera goi-goian azaltzen direnen artean beste 2 egin zaizkigu deigarrienak. Alde batetik, Uber dagoeneko munduko aplikaziorik erabilienen artean dagoela. Bestetik, egungo gizartean dugun "arazo handienetakoa" konpontzera datorren aplikazioa ere hortxe dagoela: mugikorrean espazioa egiten lagunduko dizun Clean Master aplikazioa.


Sustatu.eus | 2016ko aplikaziorik arrakastatsuenak (deskargak) © cc-by-sa: sustatucom

Diru-sarrera handiena izan duten aplikazioak

Erabilienak ez ezik, irabazi handiena eman duten aplikazioak ere zerrendatu dituzte azterketa honetan. Azpimarratuko genuke gizartean gauzatzen ari den aldaketa kultural handi baten isla dela ondorengo zerrenda: streaming bidezko kontsumoa (musika, telefilmeak eta pelikulak) gero eta zabalduago dago mundu osoan. Orain arte geek edo teknofiloen kontua zena, dagoeneko gizartearen esparru gehienetara zabaldu da eta gero eta gehiago dira musika eta zinema nahieran ikusten dutenak, Netflix, HBO, Spotify, Pandora eta antzeko plataformen bitartez. 

Mundu osoko horiez gain, beste dozenaka dira herrialde bakoitzean ere azken urtean hedatu diren tresnak eta plataformak. Garbi dago telebista eta irratia kontsumitzeko (zinema eta musika ikus/entzuteko) eredu berriak nagusituko direla oso epe laburrean. Iraultza hemen dugu dagoeneko.


Sustatu.eus | 2016ko aplikaziorik arrakastatsuenak (irabaziak) © cc-by-sa: sustatucom

Aplikazioen mundu, gero eta diru-iturri handiagoa

Oro har ere, aplikazioen mundua gorantz doan merkatua da. Azken urteko datuak ikusi eta konparatzea besterik ez dago. Ondorengo grafikoan dituzue azken urteko datuak. 

2015. urtearekin alderatuta, 2016ko azken lauhilabetekoko irabaziak %67 handitu dira mundu mailan. Oraindik ere Appleren App Store da irabazi handienak lortzen dituena, baina azken 12 hilabeteetako hazkundea askoz handiagoa izan da Android dendan, Googleren Play Storen: %60 lehenengoan eta %82 bigarrenean.

Orotara, 2016. urtean zehar 80.000 milioi deskarga izan dira bi denden artean, aurreko urtean baino %15 gehiago.


Sustatu.eus | Aplikazio denden irabaziak 2015-2016 © cc-by-sa: sustatucom

Erantzun

Sartu