Teknologia albisteak

Snapchat eta Snow, irudi txoropitoen txat-aplikazioak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-12-23 : 09:12

Telefono mugikorren gaitasun informatiko gero eta handiagoari esker garatu diren txat-aplikazio bisual bi aurkeztuko dizkizuegu gaur: Snapchat eta Snow.

Argazki eta bideo-efektuen lilura

Gazteen arteko komunikaziorako tresnak dira Snapchat eta Snow, demagun Whatsapp bezala, baina beraien fokua irudian dago jarrita (argazkian edo bideoan). Aplikazioa ireki eta dakusazuna zure irudia da: aurreko kamerak zuri begiratzen dizu eta, hortaz, aplikazioek "proposatzen" duen txat-interakzio lehena da 'selfie' bat egitea, norberaren irudi edo bideoa zabaldu besteei zerbait adierazteko.

Era berean, Instagram-ek hasi zuen "irudi filtroen" gaitasuna are gehiago esplotatzen dute aplikazio hauek, telefonoen indar informatiko gero eta handiagoa lagun: ez bakarrik daude irudiei "ukitu atmosferikoa" emateko filtroak, baizik eta, bereziki, aurpegiak ezagutu eta aurpegien gainean efektuak egitekoak: deformazioak, aurpegi-trukeak bi pertsona badaude irudian, eta apaingarri gehigarriak (abere belarri eta muturrak, kapeluak eta abar).

Gainera, irudi efektu horiek "zuzenean" ikusten dira eta bideoaren gainean ere funtzionatzen dute. Hau da, "asto belarriak" itsasten badizkizu aplikazioak, burua mugitu eta belarriak zeurekin mugituko dira, efektu kinetiko eta guzti. Giizakiaren ahoa igartzeko algoritmo daukate tresnek, eta ahoa zabalduz gero, beste efektu kinetikoren bat ere sortzen du filtro bakoitzak.

Aplikazio hauen artean, Snapchat da ezagunena munduan, batez ere Estatu Batuetan, non txateatzeko aplikazio nagusia da erabilpenean, Whatsapp edo beste edozeren gainetik. Euskal Herrian ere hedatua dago nerabeen artean, baina nonbait Instagram Stories zabaldu zenetik udan, behera egin du erabilpenean nonbait. Era berean, Snow ere zabaltzen ari da Snapchat-en bizkar, askoz ere efektu bisual gehiago dituelako (Hego Korean sortutakoa da Snow).

Irudi ustez auto-suntsigarriak

Aplikazio hauen beste ezaugarri komun bat da irudi/mezuak lagunen artean zabaldu ondoren, ordu batzuen buruan ezabatu egiten direla. Horixe kopiatu zion Snapcjat-i Instagram-ek Stories delakoarekin, hain zuzen. Hala ere, jakina, irudia mugikor batean badago kopiagarria da: auto-suntsiketaren kontu hori ezin daiteke segurtasun eta pribatutasunaren sinonimotzat hartu, eta seguruenik erabiltzaile nerabeak jakitun dira horrena.

Aplikazio-gileek ere jakitun dira jendeak gorde egiten dituela askotan "suntsitzeko sortu omen diren" irudi horiek, eta Snowk, hain zuzen ere, aukerak ematen ditu sortzen dituzun irudi eta bide txoroak gordetzeko, eta beste plataforma batzuen bidez zabaltzeko.

Adibide grafikoak (barkatu)

Hain zuzen ere, Snow erabiliz, eta irudiak Twitter bidez partekatuz, Sustatuko editore Luistxo Fernandez-ek Amarauna irrati-saiorako egindako aprobak dira hemen jarraian itsatsi ditugunak.

Txorakeria hauek txorakeria hutsa dira, ala komunikatzeko eredu berri batzuen hastapenetan gaude? Auskalo. Gabon-egun hauetan, familian elkartu behar baduzue eta mahaian 14-15 urteko neraberik badago, esan Snapchat edo Snow-rekin argazki eta bideo txoro batzuk egiteko, eta denok barre egingo duzue. Begira, Mikel Belaskok entzun zuen Amarauna programakoa, eta txorakeria hau sortu zuen :-)

Erantzun

Sartu