Teknologia albisteak

"Noto" aurkeztu dute: kode irekiko tipografia bat 800 hizkuntzatarako erabilgarri

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-11-23 : 09:39

Noto izeneko tipografia digitala aurkeztu dute. Googlek sustaturiko proiektua da. Kode libreko tipografia bat da, 110.000 karaktere jasotzen dituena eta 800 hizkuntzatarako erabilgarri. Helburua? Zabala bezain zehatza: edozein testu edozein gailu eta sistema eragiletan ondo ikusi ahal izatea.

Interneten nabigatzen ari garela, oso ohikoak izaten dira tarteka testuetan zehar azaltzen zaizkigun ikur arraroak, errore-markak edo hutsuneak. Jatorrizko testuan dagoen karaktereren bat (gehienetan beste alfabetoren bateko hizkiren bat edo ikur bereziren bat) izaten da akatsa eman diguna. Errore-ikur horiei tofu esaten zaie ingelesez, eta hortik dator Noto izena (No more Tofu-ren akronimoa). Horixe izan baita proiektu honen helburua: kode irekiko tipografia unibertsal bat sortzea, edozein karaktere edozein gailutan ikusi ahal izateko. Noto doakoa da eta irekia (SIL Open Font License).

Noto proiektuaren sorrera behar batek abiarazi zuen, Googlek bere Android eta Chrome sistemetarako beharrak bultzatuta. Harrezkero, ia 5 urteko lanaren ondoren jaio da Noto, hainbat eragile eta adituren lankidetzaren ostean. Esan bezala, 800 hizkuntzatarako balio du eta 110.000 karaktere ezberdin biltzen ditu. Besteak beste, hainbat hizkuntza gutxitu digitalizazio bidean jartzeko lagungarri izango da.

Noto iturrien familia osoa eskuragarri dago, doan eta kode irekian.

Erantzun

Sartu