Aurtengo lehen sei hilabeteetan, 10,2 milioi sesio izan dituzte HEKIMEN elkarteko webguneek [horietako bat, Sustaturena], ia 2011n beste. 2012tik, etengabeko kontsumo igoera gertatu da euskarazko hedabideen webguneetan, %15 eta %30 artean urtero, eta aurtengo igoera %8 ingurukoa izango dela aurreikus daiteke.
Webgune moten arabera, nabarmentzekoa da tokiko hedabideen webguneen gorakada, webgune nazionalen kontsumoa gainditu dutelako 2016ko irailean, lehen aldiz. Aurtengo lehen sei hilekoen datuak kontuan hartuta, webgune orokor edo nazionalek 4.675.000 bisita izan zituzten epe horretan, eta tokikoenek, berriz, bost milioi pasatxo. Tokiko hedabideen kontsumoak Hekimeneko hedabideen kontsumoaren erdia osatzen dute honez gero. Iraupenari begiratzen badiogu, berriz, txikiagoa da tokikoetan: bost minutu eta erdi inguru ematen dute hartzaileek webgune nazionaletan, eta bi minutu eta hamahiru segundu, batez beste, tokikoenetan. Hedabide tematikoek ere igoera izan dute 2016an, %31 ingurukoa, baina haien kontsumoa ez da iristen euskal hedabideen kontsumoaren %5era.
Gailu guztietan hazi dira Hekimeneko hedabideen kontsumoa, baina hazkunde hori bereziki nabaria izan da mugikorretan, non bisitak bikoiztu egin diren 2014tik 2015era. Mugikorren hazkunde handi hori dela eta, gailuen araberako kontsumoaren portzentajeak aldatu egin dira. 2011n bisita ia guztiak ordenagailu bidez egiten ziren. 2016an ia hartzaileen erdia gailu eramangarrien bidez iristen da webguneotara.
Ezaguna denez, sareko hedabide guztientzat, trafiko iturri handia da Facebook. Hekimeneko hedabideetara sare horren bidez iristen den bisitari kopuruak etengabe gora egin du azken urteotan:
2013ko hasieran, Facebooketik 100.000 bisita inguru iristen ziren euskal hedabideetara. 2016ko lehen sei hilabetean laukoiztu egin da kopuru absolutu hori. Baina erlatiboki ere, gero eta esanguratsuagoa da kontsumoa. Hedabideen webguneetara iristen den bisita guztien bostetik bat Facebooketik iristen da, beste edozein sare sozialetatik baino gehiago.
Twitterreko euskarazko jarduna jaso eta aztertzeko Codesyntax enpresak sortutako Umap neurketa tresnaren arabera, berriz, euskaldunak Twitterren euskarazko hedabideen bitartez informatzen dira nagusiki. Edo zehatzago esanda, Twitter erabiltzen duten euskaldunek nagusiki euskarazko hedabideen informazioa partekatzen dute.
Umapek 14.500 txiolari euskaldunen jarduna aztertu du 2016ko urtarriletik ekainera bitarte. Hilero-hilero 9.000 erabiltzaile pasa aritu dira euskaraz, hilean milioi erdi txio inguru sortuz. Txio guztien erdia baino gutxixeago dira euskaraz, %42 inguru. Bada, Umapen arabera, euskaraz gehien txiokatu diren iturriak (edo domeinuak) hauek dira, ordenean: Berria, Argia, Eitb, Naiz, Zuzeu, Topatu, Info7 irratia, Erran, Irutxulo eta Zientziakaiera.
Datu hauek txio kopuruarekin alderatzen direnean, esangura berezia hartzen dute. EITBk Argiak baino lau bider URL gehiago ekoitzi ditu sei hilabetean, baina ez du Argiaren txio kopurua erdietsi. Beste modu batean esanda, URL bakoitzarekin askoz interes txikiagoa lortzen du EITBk Argiak baino. Eta txiolari gehien partekatzen dituzten iturrien sailkapena egiten hasita, hor ere Berria eta Argia dira taularen goikaldean. 14.500 txiolari horietatik heren batek, esaterako, partekatu du Berriaren edukia.
Parametro horiek guztiak batuta —txio kopurua (kantitatea), interesa (kalitatea) eta erabiltzaile-aniztasuna (zabalkundea)—, Umapek ondorioztatu du bi direla euskaldunontzat beste guztien gainetik erreferentzia argia diren hedabideak: Berria eta Argia. Tokiko hedabideak eta espezializatuak edo tematikoak ez dira hainbeste jendearengana iristen, baina interes tasa altua dute, EITBk baino handiagoa bai.
Erantzun
Sartu