Juan Luis Zabala idazle, kazetari eta blogariak, euskararen egoeraren inguruko hausnarketa egin du azken egunotanTwitterren. Hizkuntzaren osasunaz eta etorkizunaz jardun du, 15 txiotan zabaldutako zenbait ideiaren bitartez; nolabaiteko dekalogo luze bat. Besteak beste, euskaraz alfabetatzearen aldeko aldarria egin du. Hemen bildu ditugu guztiak, Twitterren argitaratutako hurrenkeran.
Abuztuaren 18an bota zuen lehenengo txioa; atzo bertan azken biak, 14 eta 15 zenbakidunak. Azkenak "eta 15" du hizpuru; azkena izango ote. Badirudi txio-segida honek interesa piztu duela euskal txiolarien artean, asko izan baitira jasotako erantzun eta bertxioak. Hona hemen guztiak bateratuta.
1. Abertzale bat gaztelaniazko prentsari katigatuta eta euskarazkoaz paso egiten ikusten dudanean, zerbait hausten zait bihotzean, kra!
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 18
2. Abertzaletasuna berritu behar omen dela eta: euskaraz ikasten ez duen erdalduna, zertarako da abertzalea?
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 19
3.Baina bada larriagorik, absurduagorik, lotsagarriagorik: zertarako da abertzalea euskaraz alfabetatzen ez den euskalduna?
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 20
4. Gaur eta hemen, 60 urtetik beherako euskaldun euskaraz alfabetatu gabeko bat izan daiteke benetan abertzalea?
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 21
5. Herriko euskara, hori bai autentikoa! Eta herriko euskarak balio ez duenerako, autentikoak garenez, euskara batuaren ordez, erdara.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 22
6. Euskara batua ez da gaztelaniazko prentsako hizkuntza (gaztelania batua) baino artifizialagoa. Arazoa da gutxi eta gaizki darabilgula.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 23
7. Bi hizkuntza badakizkizu baina bakarrean alfabetatuta bazaude, alfabetatuta zauden hori zabalduko duzu, maiteena bestea izan arren.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 24
8. Hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, hitz egiten dutenak hizkuntza horretan analfabetoak direlako baizik.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 25
9. Seme-alaben euskalduntzea eskolaren esku uzten duten erdaldunen pare daude seme-alaben alfabetatzeaz berdin jokatzen duten euskaldunak.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 26
10. Euskarak aurrera egingo badu, aldameneko erdaldunak baino askoz ere alfabetatuagoak eta kultuagoak izan behar dugu, geure hizkuntzan.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 26
11.Euskaldun denak euskaraz alfabetatuta ere, nekez utziko diogu espainol/frantses izateari; alfabetatu gabe inola ere ez.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 27
12. Desobedientzia izan gabe ere, desobedientzia bera baino subertsiboagoa da gaur eta hemen euskaraz taxuz alfabetatua izatea.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 29
13. Euskaltegiak duela 40 urteko kopuruetara iritsi arte beteko bagenitu, beste oilar batek egingo luke kukurruku.
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 29
14. Erabakitzeko eskubidea? Ez. Lehen pausoa, euskarazko alfabetatze kanpaina masibo eta irmo bat. Horrek bai izutuko lituzkeela izutzekoak!
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 31
Eta 15. Herri armatuaren lilura amaituta, zergatik ez hedatu herri alfabetatuaren lilura? Herri alfabetatua, inoiz ez zanpatua!
— Juan Luis Zabala (@JuanLuisZabala) 2016(e)ko abuztuak 31
Hausnarketa bikaina eta premiazkoa. Ea erderatu beharrik izan gabe lortzen duen zabalkundea