Pangolinak ugaztun ezkatadunak dira, garai batean Asian eta Afrikan oso hedatuak zeudenak. Gaur egun, ostera, desagertzeko zorian daude. Zergatik? Pangolinak direlako munduan ezkutuko ehiza handiena pairatzen duten ugaztunak, Naturaren Kontserbaziorako Erakundearen arabera. Ondorengo bideoan hainbat kontu interesgarri aipatzen dira pangolinaren egoerararen inguruan.
The Fight to Save Pangolins from WildAid on Vimeo.
Folidotoen taldeko ugaztunak dira pangolinak. 8 espezie ezberdin daude munduan zehar (Asiako eta Afrikako hainbat herrialdetan), guztiak ere Manis generokoak. Txindurrijale ezkatadunak dira, horixe baita euren ezaugarri nagusia: txindurrietaz elikatzea (euren mihi luzea erabiliz) eta gorputza ezkata gogorrez estalita edukitzea (sabelaldean ile gutxi batzuk ere badituzten arren). Izena malaysieratik datorkie (peng-goling, kiribiltzen dena), beldurtzen direnean egiten dutena gogoratuz (kiribildu egiten dira, kirikinoa bezala, ezkaten bidez babesteko).
Esan bezala, 8 espezie daude munduan, eta garai batean oso ugariak ziren hainbat herrialdetan, baina gaur egun desagertzeko zorian daude 8 espezieak (horietako 2, Sundakoa eta Txinakoa, egoera kritikoan). Arrazoi nagusia, zalantzarik gabe, ezkutuko ehiza eta kontrabandoa dira. Izan ere, pangolinak dira munduan kontrabando eta furtibismo maila altuena jasan behar duten ugaztunak Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen arabera (ez daude urruti, tigreak, hartzak edo zibetak, besteak beste). Azken 10 urteotan milioi bat pangolin hil dituztela kalkulatzen da.
Pangolinaren zorigaitzerako, bere gorputzeko atal guztiak dira preziatuak, izan haragia, larrua edo ezkatak. Haragia oso gozoa omen da, eta bizi iraupenerako ohiko jakia da Afrikako hainbat ingurunetan; Asian ere oso apreziatua da eta delicatessena da kultura askotan. Ezkatei dagokienez, medikuntza tradizionalean oso erabiliak dira beren ustezko propietateengatik, besteak beste ondorengo gaixotasunak tratatzeko: artritisa, asma, sukarrak, alergiak, larruazaleko gaitzak, prostata-minbizia, hemofilia edo sexu harremanen bidez jasotako gaixotasunak. Egia bakarra da, pangolinaren ezkatak keratina hutsa direla, gure azazkalen pareko.
Erantzun
Sartu