Teknologia albisteak

Bi inspirazio eredu Sustatu berdiseinatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-02-11 : 10:32

Konturatuko zineten honezkero, beharbada. Sustatuk oso itxura desberdina du, bai ordenagailuan eta bai mugikorrean, eta bi gailuen artean ere nabarmena da orain desberdintasuna. Bi ereduetarako kanpoko bi webgunetan inspiratu gara.

Lehenbizi, Sustatu mugikorra

Euskarazko webguneen erabilpenean, nagusitzen ari da trafiko mugikorra, eta horretara begira egin dugu diseinuaren lehen aldaketa, mugikorrekoa. Alboko menuz, testuz eta irudi tamainetan "kontserbadorea" da bertsio hori, eta nabigazio, irakurketa eta karga arina du helburu. Inspiraziorako, kasu honetan, ikasitakoaz gain, Estatu Batuetako hedabide baten bertsio mugikorrean hartu dugu, The Atlantic-en bertsio mugikorrean.



The Atlantic-en gustatzen zaigun gauzetako bat da, menu handi eta ganorazko bat duela. Menu mugikorraren sinboloa bihurtu da dagoeneko 3 lerro horizontalen ikonoa (diseinuan hanburgesa esaten zaio), baina hori klikatzean agerpen desberdinak ikusten dira han eta hemen. Konturatu gara, menuaren agerpen argi eta kontundente bat dela onena, eta berdin diola edukiaren interfazea tapatzen badu.



Izatez, The Atlantic-en menuak eduki guztia estaltzen du pantailan. Geurean ez da beharrezkoa, baina aukera badugu menua aberasteko funtzionalitate gehiagorekin etorkizunean.

The Atlantic-eko beste adibide interesgarri bat goiburu aldakorra iruditu zitzaigun, non eta albiste batean sartzen zarenean, partekatzeko aukerak nabarmentzen dituena. Geurean, ez dugu hainbeste aldatu goiburua (Sustatu osorik irakur daiteke oraindik), baina partekatze aukerak interesgarriak iruditu zaizkigu, e-postaren ordez Whatsapp jarrita gure kasuan.



Bestalde, eduki-nabigazio horizontala ere ezarri dugu, "hurrengo" eta "aurreko" albisteetara salto egiteko aukerarekin (bueno, egiazki tranpa txiki bat sartu dugu hor, esploratzen baduzue igarriko duzue).

Bertsio mugikorrarekin amaitzeko, bertatik erantzun edo edukia kargatzeko aukera funtzionala dela guztiz: praktikotasunagatik, login egitean Facebook edo Twitter bidez egitea gomendatzen dizuegu, aplikazio horietako bat dagoeneko telefonoan instalatua baduzue behintzat.

Pantaila handiko bertsioa

Eta alderdi mugikorrari bere buelta eman ondoren, PC batean edo pantaila handian nola ikusi pentsatu genuen. Kasu honetan, SBNation webgunea izan du gure aukera.

Irudi handien bitartezko lehen inpresio bat ematea izan da koxka. Horrez gain, menua berreskuratu dugu, eta azala bera beste alor batzuetan ere errepikatzen. Lehengo atalak dira batzuk, hala nola Saretik ekarritakoak edo Argazkiak, baina beste bat IKT deritzona da, non albiste teknologikoen azpi-bilduma bat egingo dugun.


Portada hauetako argazki mozketetarako... Automatikoak dira. SBNation ere hala da, letrak gainetik eta laukitzeak gertatzen dira gertatzen diren bezala. Batzuetan oker, baina gehienetan... espero dugu txukun eta erakargarri geratuko direla :-)

Erantzun

Sartu