Teknologia albisteak

Borja Ventura, gure gatazkako 'guztiekin' egon nahi izan duen kazetari espainiarra

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2015-11-15 : 09:30

Borja Ventura 32 urteko kazetari espainiar bat da, Valentzian sortua, Madrilgo medio zenbaitentzat freelance lanak egiten eta Valentziako unibertsitate batean klaseak ematen bizi dena. Euskal Herriko gatazka politikoaz irekitasun pixkatekin lan egite saiatu den kazetari bat ere izan da, eta liburu bat apailatu berri du: 'Guztiak'. Izenburua euskaraz izan arren, gaztelaniaz da, crowdfunding bidez atera du Libros.com argitaletxeak, eta Donostian aurkeztu zen joan den azaroaren 9an, Garoa liburutegian.

17 elkarrizketa dira liburuaren oinarria, ez galde-erantzun formatuan, baina egilearen lehen pertsonarik gabe. Honakoak dira elkarrizketatuak:

  • Eduardo Madina, PSOEkoa.
  • Josean Fernández, ETAkoa izandakoa
  • Uxue Barkos, Nafarroako lehendaria
  • Carlos Garaikoetxea lehendakaria, EAkoa.
  • Joseba Permach, EH Bildukoa.
  • Rafa Larreina, EAkoa
  • Mikel Buesa, katedratikoa, Fernando Buesa erailaren anaia.
  • Aitor Merino, 'Asier eta biok' filmaren zuzendaria
  • Javier Marrodán, Nafarroako Unibertsitatekoa.
  • Iñaki Egaña, historialaria, Basque Memory Foundation-ekoa.
  • Lurdes Auzmendi, 'Pertur' zenaren alarguna, HPSko sailburuorde izana.
  • Txema Urkijo, Eusko Jaurlaritzaren bake eta bizikidetzako arduradun izana.
  • Edurne Brouard, AEK-koa, Santi Brouard erailaren alaba.
  • Borja Sémper, PP-koa.
  • Galder Gonzalez, @theklaneh Ikasle Abertzaleak-ekoa izana
  • Paul Ríos, Lokarri-ko koordinatzaile izana
  • Ana Pampín, etorkin galiziarra (herritar arrunta edo, nolabait)


Gizonezkoen nagusitasuna elkarrizketatuen aukeran, eta, Donostiako aurkezpenean, are harrigarriagoa, batere emakumerik ez zen egon, eta bai 20 bat gizonezko edo (horien artean, Larreina eta Permach elkarrizketatuak, eta Jokin Bildarratz EAJko senataria ere).

Garoa liburutegian egin zen aurkezpen horretan Paul Riosek lagundu zion Venturari. Liburuaren nondik norakoez gauza interesgarriak esan zizkiguten. Adibidez, zergatik orain? ez ote dago "euskal gatazkaren gaia" modaz pasatua edo? Venturak onartu zuen baietz, esan izan diotela medioren batean, liburua aurkeztera joandakoan, "orain Kataluniakoarekin gaudenez, ezingo dizugu kasu askorik egin". Era berean, hedabideen argitalpen zerbitzuen bidez saiatu zen liburuaren ideia saltzen, eta hor ere alferrik, azkenean crowdfunding zerbitzu batera jo zuen.

Baina beste alde batetik, orain, liburu hau posible da "askatasun" erlatibo baten barruan, non eta duela urte batzuk oso zaila zen: begira zer gertatu zitzaion Julio Medem zinegileari La Pelota Vasca dokumentalean ahots desberdinak jarri zituenean kamera aurrean. Orain, Euskal Herria datorrenean, "kontuz eguraldiarekin", esaten omen diote, eta lehen, bazegoen kezka bat hurbilekoen artean, "Madrilgo kazetaria" Euskal Herrira joandakoan guztiz salbu egongo ez zelakoan.

Liburua egiteko, 40 bat elkarrizketa eskaera egingo zituen, eta azkenean, 17tan geratu da. Hutsuneetako bat, polizia indarren ordezkariren batekin sumatzen duela esan zuen Venturak, baina horretan Espainiako Barne ministerioaren itxitasuna erabatekoa izandela. Gainerakoan, elkarrizketetan, gauza gogorrak azaltzen dira, eta ikuspuntu oso kontrajarriak, jakina, baina badago lehen zailago aurkitzen zen zerbait: "Horma altuak daude eraikiak, eta adierazpen batzuk latzak dira, baina susmatzen dut partaideen artean bestearen ezagutza bat".

Bizikidetzarako lehen urrats bat bezala deskribatu zuen egoera Borja Venturak. "Desagertu egin da nolabait arerioaren dialektika. Asumitu egiten da BESTEA esistitzen dela, hor dagoela, eta gu parte garen gizarte beraren parte dela". 2011. inguruan erreportaia sorta bat egin zuen Venturak Euskal Herrian, eta giro horretan aurrera egin izana igarri du. "Baina gehiago aurreratu da arlo sozialean, instituzionalean", zehaztu zuen, dena dela. "Kalean PPko batek eta ezker abertzaleak elkarrekin lan egin dezatekela zerbaitetan, normal samar ikusia dago; instituzionalki edo mediatikoki hori aitortu ote daitekeen, beste kontu bat da."



Liburua salgai dago 4 euroan epub, mobi eta PDF formatu digitaletan, eta 18 euroan paperean. Elkarrizketatu bakoitzaren atalean, galdera bat eskaneatuta dago. Bakoitzari gonbitea egin zion Venturak beste elkarrizketatu bati galdera zuzentzeko. Adibidez, Josean Fernandezek ('Maguila', fitxa polizialetan, 22 urteko igaro zituen espetxean) Eduardo Madinari zuzentzen dio galdera. Kuriositatea baduzue, eskuratu liburua.

Elkarrizketa interesgarria egon zen publikoaren eta Venturaren artean Donostiako zitan. Permachek kartzelako anekdotaren bat kontatu zuen. Garoa liburudendakoek iragarri zuten, liburu aurkezpen honekin, tertulia edo aurkezpen edo mini-topaketa sorta berri bati ekingo diotela: Garoa Plaza deituko den zerbait; tertulia politikoa bat, nolabait. Ikusiko dugu ba, atento egongo gara.

Erantzun

Sartu